Trantsizio energetikoa

Trantsizio energetikoa azkartu beharraz ohartarazi du EH Bilduk

Hamalau neurri jasotzen dituzten sei proposamen aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean, legez besteko proposamen gisara eztabaidatzeko. Jaurlaritzak neurriak hartu ez izana gaitzetsi du. 

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko argazki batean. JUANAN RUIZ/FOKU
aitor biain
2023ko otsailaren 24a
14:02
Entzun

Trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren bidean, Euskal Herria «atzean» geratzen ari da EH Bilduren esanetan. Izan ere, egungo marko estrategikoa «zaharkituta» dago, eta bertan jasotzen diren helburuak jada ez dira «nahikoa». Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, «azelerazio bat» eskatzen ari dira nazioarteko erakunde nagusiak, eta inguruko herrialdeek jada egin dute hori. Alderaketa gisara: Espainian, energia kontsumoaren %42 berriztagarrien bidez sortutakoa izan beharko da 2030erako; aldiz, Eusko Jaurlaritzaren estrategiak jasotzen du kontsumoaren %40 izatea berriztagarriena, baina 2050erako. «Hau da, gutxienez 20 urteko atzerapena daukagu», esan du Oterok.

Oterok salatu du Jaurlaritzak ez duela neurririk hartu hori ikusita, eta ohartarazi du «legealdia hutsean geratzeko arriskua» dagoela, ez soilik energia berriztagarrien lurralde plan sektoriala (LPS) onartu ez delako —heldu den udarako onartu nahi du Jaurlaritzak—: baita trantsizio energetikorako eta aldaketa klimatikorako legea Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ez dutelako ere. «Dagoeneko legebiltzar honetan egon behar zuen, eta ez dakigu denborarik egongo den legea onartzeko», salatu du.

Gauzak horrela, EH Bilduk ekinaldi sorta bat aurkeztu du gaur egungo jokalekura egokitzeko. Izan ere, gogorarazi du bai Jaurlaritzak eta bai Eusko Legebiltzarrak larrialdi klimatikoa aitortu zutela 2019an, eta horrek, ezinbestean, «ekimena» eskatzen duela. «Zain ez geratzea erabaki dugu». Guztira, sei proposamen eta hamalau neurri zehatz eman ditu koalizioak, Eusko Legebiltzarrean legez besteko proposamen gisa eztabaidatzeko asmoz. «Jaurlaritzaren ekimena bultzatzera gatoz, modu eraikitzailean, eta elkarlanerako gonbita eginez», esan du Oterok.

Markoa eguneratzea

EH Bilduk iritzi dio lehenengo urratsa estrategia eguneratzea dela, eta, beraz, Jaurlaritzari eskatu dio trantsizio energetikorako eta klima aldaketari aurre egiteko legea «atzerapen gehiagorik gabe» legebiltzarrean aurkezteko. Halaber galdegin du «legeari itxaron gabe» Klima 2050 estrategia berritzen hastea eta luzera begirako deskarbonizazio estrategia lantzea, gainontzean ez baita denborarik izango hori legealdi honetan egiteko.

EEEren eraldaketa

Energiaren Euskal Erakundearen norabidea aldatzea ere beharrezkoa da, EH Bilduren esanetan, hark adierazten baitie erakunde publikoei zeintzuk izan behar diren energiari lotutako politikak. Hori horrela, Oterok uste du berriztagarriak eta energiaren biltegiratzeak izan behar dutela norabide berriaren abiapuntu. Baliabide fosilen inguruan dituen inbertsioak gutxitzeko kronograma bat ere egin beharko litzateke, 2030erako baliabide horiek desagerrarazteko, eta baita Euskadiko Hidrokarburoak (SHESA) enpresa publikoa desegiteko ere.

Merkaturatzaile publikoa

Arlo publikotik sorturiko energia herritarrengana zuzenean iristeko energia merkaturatzaile publiko bat sortzea eskatu du EH Bilduk. Izan ere, Oterok adierazi duenez, egun bultzatzen ari diren egitasmoak martxan jarriko balira, bizpahiru urte barru arlo publikotik sortutako energia kopurua «oso handia» izango da. Hori horrela izanik, iritzi dio ezinbestekoa dela «kate osoan eragitea», eta ez soilik sorkuntzan, batez ere «energia demokratizatzeko» eta «herri interesak babesteko».

Trantsizio energetikorako bulegoak

Trantsizio energetikorako bulegoak sortzea ere galdegin du Mikel Oterok, energia komunitateak sortzen laguntzeko eta herritarrak energiaren arloan «ahalduntzeko». Adierazi duenez, Europako Batasuna ari da horien sorkuntza sustatzen, eta Next Generation funtsen bidez finantzatzeko aukera dago. Diputazioek eta zenbait udalerrik jada interesa agertu dute, baina EH Bilduk uste du Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako bulego bat sortu beharko litzatekeela.

Jabego partekatua

Energia berriztagarrien egitasmo berrietan jabego partekatua izateko aukera aztertu behar dela iritzi dio EH Bilduk, eta Jaurlaritzari eskatu dio egin dezala azterketa juridiko bat askotariko enpresek aurkeztu dituzten proiektuetan zein aukera dagoen jakiteko. «Uste dugu proiektu horietan administrazioak parte hartu behar duela: Energiaren Euskal Erakundeak; udaletxeek; herritarrek, komunitate energetikoen bidez; eta baita gune horiek ezarriko diren inguruko enpresek ere», adierazi du Oterok. Ahalik eta sektore eta eragile gehienek parte hartu ahal izatea litzateke helburua.

Gune degradatuen azterketa

Azkenik, espazio urbano-industrial zein gune artifizializatu eta degradatuetan berriztagarriak jartzeko aukera aztertzeko ere eskatu dio Jaurlaritzari Oterok. Izan ere, uste du aukera badagoela industrialdeetan, harrobietan, zabortegietan edota antzerako beste leku batzuetan jartzeko, baina adierazi du informazioa falta dela argitzeko gune horietan zer potentzia ezar daitekeen. Eta, behin hori eginda, plangintza estrategiko bat landu beharko litzateke, lehentasunak identifikatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.