Lan gatazkak

Kutxabanken bulegoen %90 itxi dituzte, grebagatik

Langileek «aski da» esan dute, zuzendaritzak ezarritako helburu «itogarriak» salatzeko eta kontratazio gehiago eskatzeko. Bankuan «kudeaketa eredu neoliberal» bat gailentzen ari dela nabarmendu dute.

Sindikatuen protesta, Kutxabankek Gipuzkoan duen egoitzaren aurrean. MAIALEN ANDRES (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko otsailaren 24a
15:49
Entzun

Kutxabankeko bezeroek langileen haserrea eta aldarrikapenak entzun dituzte ostiral honetan. Ehunka behargin mobilizatu dira bankuaren egoitza nagusien aurrean, eta bat egin dute sindikatuek «historikotzat» jo duten greba deialdiarekin. Haien arabera, finantza erakundeak Hego Euskal Herrian dituen hamar bulegotik bederatzi itxita egon dira: lantaldearen %60 batu da lanuzteetara, eta bulegoetako langileen %50. Kutxabankek berretsi egin ditu zifra horiek.

Lehen aldia da bankuan ordezkaritza duten sindikatu guztiek (ELA, CCOO, Pixkanaka, ALE, LAB eta Asprobank) bat egiten dutena greba egun batekin. Langileek protestara jo dute, «aski da» esateko. Eguneroko jardunean duten «muturreko egoera» salatu dute. Azpimarratu dute zuzendaritzak arreta zerbitzua alboratu duela, eta beharginak «komertzial» gisa aritzera behartu. «Itota» daudela eta produktuak saltzeko «presio izugarria» jasaten dutela salatu dute. Langile falta ere nabarmendu dute. «Bankuak gero eta etekin handiagoak nahi ditu, langile gutxiagorekin».

Hala adierazi dute gaurko protestetan oihukatu dituzten aldarriekin ere. «Langile gehiago, zerbitzua hobetzeko», edo «gure estiloa, Santanderrekoa», Espainiako banku handiaren politika komertzialari erreferentzia eginez. Kutxabankek urteetan euskal gizartearekin izan duen «lotura» hausten ari dela eta «kudeaketa eredu neoliberal» bat gailentzen ari dela azpimarratu dute.

Bankuak Donostian duen egoitzaren aurrean, dozenaka behargin elkartu dira, ia ordubete iraun duen protesta zaratatsuan, bulegoak itxita zeudela ez zekiten bezero ugariren harridurarako. Han izan da Leire Cadarso ELAko ordezkaria. «Bezeroen aldetik ez dugu kexarik entzun. Babes handia jaso dugu. Gure haserrea ulertzen dute, bereziki haiek pairatzen dituztelako ondorioak».

ELAko ordezkariak gogoratu du sindikatuen kexak ez direla berriak; grebara jo dutela «denbora luzez» beren eskaerak elkarrizketarako mahai guztietan entzunarazi ostean. Iazko abendutik, presidente berria du Kutxabankek (Anton Arriola) eta, harekin batera, ardura postu batzuetan ere aldaketak egongo dira. Cadarsoren arabera, baina, ez dute joera aldaketarik espero. Are gehiago, baldintzak okertuko direla uste dute. ELAko kideak ez du zehaztu lanuzte gehiago egingo dituzten edo mobilizazioekin jarraituko duten. Kutxabankek bihar emango du 2022ko emaitzen berri, Donostiako Kursaalean, eta sindikatuek elkarretaratzea egingo dute. «Emaitzei buruz ez digute ezer aurreratu, baina historikoak izango direla uste dugu. Horrelako emaitzak dituen enpresa batek bestelako neurriak hartu beharko lituzkeela uste dugu».

Kontratazioak eta soldatak

Sindikatuek azaldu dutenez, azken urteotan izugarri murriztu da langile kopurua, eta hori ez da konpentsatu egindako kontratazio «urriekin»: 2014tik 2022ra bitartean 293 bulego itxi direla azpimarratu dute, eta duela zortzi urte baino 1.448 langile gutxiago daudela —guztira, 3.600 ditu Euskal Herrian—.

Bankuak beharginak kontratatzeko arazo ugari izaten ari dela gogoratu du Cadarsok, eta hori lan baldintzekin lotu du. «Lantaldeari ezartzen zaion presio komertziala eta lantoki askotako segurtasun falta zuzenean lotuta daude pertsona gehiago ez kontratatzearekin. Langileak gaizki tratatuak sentitzen dira, eta haserre daude. Behin-behinekotasun tasak oso handiak dira, eta langileek alde egiten dute», azpimarratu du.

Oso bestelako datuak eman ditu bankuak. Adierazi du 2020tik 285 langile kontratu dituela, eta zehaztu du 2016tik 414 kontratu finko egin dituela. «Batez beste, sektoreak baino kontratazio gehiago egin ditugu, eta bulego gutxiago itxi».

Horrez gain, Kutxabankek herenegun jakinarazi zuen 75 langile kontratuko dituela, baina Cadarsok salatu du sindikatuei ezer jakinarazi gabe eta komunikabideen bidez eman duela horren berri. «Iragarpen hori egin du mobilizazio hau desmuntatzeko eta joko zikina egiteko». Gainera, kontratazio kopuru hori «oso txikia» dela nabarmendu du. Zehaztu duenez, egun dauden beharrak betetzeko, halako bi baino gehiago beharko lirateke.

Kutxabankek, halaber, urtarrileko %1,5eko soldata igoerari %3,75eko osagarri bat gehitu dio, baina, sindikatuen arabera, «zehaztu gabeko denbora baterako», soldata tauletan finkatu gabe. Horrekin batera, bankuak 1.300 euroko konpentsazio bat emango die «soldata txikienak dituztenei». «Denok dakigu zer gertatzen den halako osagarriekin. Ematen dituzten moduan, egun batetik bestera kentzen dituzte. Adostasunik gabe hartutako neurri bat da. Ez da serioa», salatu du Cadarsok.

Bankuak azpimarratu duenez, «negoziatzen jarraitzeko prest agertu da beti», baina zehaztu du edozein erabakik bat etorri behar duela lehiakideek hartutakoekin, «bankuaren lehia posizioari kalterik ez egiteko». «Gainera, gogoratu behar da sektoreko hitzarmenik onenetarikoa daukagula, soldata taula altuenekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.