Negoziazio kolektiboa

Gipuzkoako metalean protestak gogortzeko prest azaldu dira sindikatuak

Hitzarmena berritzeko bileretara «esku hutsik» joatea leporatu diote patronalari. Adegik asmoa agertu du soldatak 2026ko abenduaren 31ko KPIaren arabera eguneratzeko.

LABek Adegiren egoitzaren aurrean eginiko elkarretaratze bat. JON URBE (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko martxoaren 1a
16:51
Entzun

Aurrerapausorik gabe amaitu da Gipuzkoako metalgintzaren lan hitzarmenaren negoziazioaren hirugarren bilera. Sindikatuek Adegi patronalari leporatu diote planteamendu «zehaztugabeak, atzerakoiak eta errealitatetik kanpo daudenak» egitea, eta jarrera aldatu ezean protestak gogortuko dituztela iragarri dute; ez dute baztertzen bat egitea.

Gipuzkoako metalaren ituna 2022an iraungi zen, eta 30.000tik gora langile hartzen ditu. Sindikatuen artean ELAk du ordezkaritza handiena (%48); LAB da hurrengoa (%36), eta hurrenak CCOO (%12) eta UGT (%4) dira. Orain arteko bileretara bakoitza bere eskaera zerrenda propioarekin joan da, baina denek dute puntu komun bat: langileek erosahalmena ez galtzea.

Sindikatuen arabera, orain arteko bileretan patronalak ez du soldaten igoerarik zehaztu nahi izan hitzarmenak irautea nahi duen lau urteetarako. Hori bai, tauletako soldatak 2026ko abenduaren 31ko KPIaren arabera eguneratzeko asmoa agertu du, eta soldata errealetan %75eko bermea proposatu du, Araban eta Bizkaian bezala.

Bestalde, uko egin dio lanaldia murrizteari, beste bi lurraldeetan handiagoa dela argudiatuz; lan istripuetako eta gaixotasun profesionaletako bajak ere ez ditu osatu nahi; lizentzietan ez du hobekuntzarik planteatu, arlo horretan zenbait legetan hobekuntzak egiten ari direla argudiatuz; eta absentismoarekin kezkatuta agertu da. Ez du baztertzen, hala ere, malgutasun orduak egungo 65etatik 100 orduetara igotzea, Arabako eta Bizkaiko hitzarmenetan adostu zuten bezala.

Bat egiteko deiak

ELAren ustez, planteamendu horiek «errealitatetik kanpo daude». Azpimarratu du sektorea egoera «oso onean» dagoela duela urte batzuetatik, eta hori «langileen ahaleginari esker» dela. «Sortutako aberastasuna banatzea eta langileen bizi kalitatea hobetzea da hitzarmena lortzeko bidea». Sindikatua prest azaldu da «batasun sindikala» bultzatzeko, «eduki zehatzetan eta konpromisoetan oinarrituta». Baina ohartarazi du ez dituela onartuko CCOOk, LABek eta UGTk Arabako eta Bizkaiko hitzarmenetan patronalekin adostutako «eduki pobreak»: «Hain justu, Adegik inposatu nahi dituenak».

LABek, berriz, negoziazioari mugak jartzea leporatu dio patronalari. Haren ustez, erakusten ari den jarrera «erabat onartezina» da, eta mobilizatzeko beharra aldarrikatu du. Adegi «zuzenean interpelatu» behar dela uste du, «ez bakarrik negoziazio mahaian, baita kalean eta enpresetan ere». Iragarri du gainerako sindikatuekin bilduko dela bide hori «areagotzeko». «Uste dugu indarrak batzeko eta elkarrekin erantzuteko garaia dela». Asteazken honetan, LABeko kideak beren kabuz mobilizatu dira: elkarretaratzea egin dute Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan, Adegirekin bildu aurretik.

Antzera mintzatu da CCOO. Bileretara «esku hutsik» joatea leporatu dio patronalari, eta salatu du sindikatuek eginiko proposamenak Arabako eta Bizkaiko hitzarmenetan jasotakoekin alderatzera mugatzen ari dela. «Hori bai, interesatzen zaizkion gaietan; izan ere, Gipuzkoa okerrago dagoen puntuetan, hala nola osagarrietan, esaten du ez direla negoziazioan aztertuko». Sindikatuak jakinarazi du bere ordezkari eta afiliatuak deituko dituela datorren asterako, nola jokatu erabakitzeko.

UGTren ustez, lanaldian eta osagarrietan ezinbestekoak dira aurrerapenak. Zehazki, %100eko osagarria eskatu du lan istripuagatiko eta lanbide gaixotasunagatiko bajetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.