erretreten erreforma

Erretreten erreformaren aurkako bi manifestazio egingo dira Baionan

Frantziako zortzi sindikatuk deitu dute manifestazioetara. Hainbat sektoretan grebak egun bat baino gehiago iraun dezakeela aurreikusten dute. LAB sindikatuak ere bi egunetarako greba deialdia egin du.

intersindikalaren prentsaurrekoa Baionan. PATXI BELTZAIZ
Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko martxoaren 3a
16:04
Entzun

Erretretaren erreforma «injustuaren» aurkako hirugarren eta laugarren manifestazioak egingo dituztela iragarri dute Ipar Euskal Herriko sindikatu nagusiek. CDFT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, UNSA, Solidaires eta FSUk intersindikala osatu dute, LAB kanpo utzita beste behin ere. Ipar Euskal Herriko manifestaldiak Baionan iragango dira: lehena asteartean, eta bigarrena, berriz, asteazkenean, Emakumeen Nazioarteko Eguna kari. Biak tren geltokitik abiatuko dira, 10:30ean. Sindikatuek «Frantzia osoa blokeatzeko» deia egin dute. Horregatik, ez dute baztertzen bi egun «garrantzitsuen» ondotik hainbat sektoretako langileek greban jarraitzea. LAB sindikatuak ere bi egunetarako greba deialdia zabaldu du.

«Martxoaren 7tik aurrera, Frantziako ekonomia blokeatuko dugu», hasi da Mercedes Graciet CFDTko ordezkaria. Manifestaldi «erraldoia» egin nahi dute datorren asteartean. Urtarriletik, mobilizazio handiak egiten ari dira Baionan erretreten erreformaren aurka, baita Frantzian zehar ere. Alta, sindikatuek gaitzetsi dute Frantziako Gobernuak «entzungor» egiten duela. Horregatik, protestak «indartzeko» garaia dela azpimarratu du Fabienne Bordenave UNSAko ordezkariak: «Erreforma proiektua kendu dezaten lortzea da gure helburua». Erreforma emazteentzat «are injustuagoa» dela gehitu du Bordenavek, eta Martxoaren 8ko manifestaldiaren beharra berretsi. «Emazteen eskubideak defenditzen ditugun zortzi sindikatuek: Martxoaren 8a biziki egun sinbolikoa da guretzat», azpimarratu du Julien Delion CGTko ordezkariak. Erreforma proiektuak emazteen eskubideei «eraso egiten» diela baieztatu dute sindikatuek.

Intersindikalak langileei eskatu die lantegietan antola daitezela manifestazioen ondoren, haien erara «borrokaz jabetzeko». «Manifestazioaz harago joan behar dugu», oroitarazi du Gaetan Perriere Solidaireseko ordezkariak. Uste dute litekeena dela sektore anitzetan grebarako deiek egun bat baino gehiago irautea, hala nola energiaren eta garraioen sektorean. «Guk ideia eman dugu, baina langileek erabaki behar dute zer egin nahi duten», azaldu du Delionek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.