Hezkuntza

Gehiengo sindikalak grebara deitu du Nafarroako hezkuntza publikoan, apirilaren 3rako

Bigarren lanuztea antolatu dute sare publikoan, otsailaren 15eko deialdian Nafarroako Gobernuak ez zielako «inongo erantzunik eman sektorearen aldarrikapenei»

Hezkuntzako sindikatuen ordezkariak, gaur, Iruñeko Gurutzeko Plaza institutuaren aurrean. ION ORZAIZ
Ion Orzaiz.
2023ko martxoaren 6a
13:01
Entzun

Zerbitzu publikoen eltzea bor-bor ari da Nafarroan. Funtzio Publikoko sindikatuek otsailaren 15ean eginiko grebaren eta Osasunbideko intersindikalak martxoaren 23rako egina duen deialdiaren ostean, LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek lanuztera deitu dute hezkuntza publikoan ere. Apirilaren 3an izanen da. Gaur egin dute deialdia, Iruñeko Gurutzeko Plaza institutuaren aurrean.

Salatu dute Nafarroako Gobernuak «ez diela inongo erantzunik eman» sektoreak otsailaren 15eko greban eginiko aldarrikapen eta eskaerei. «Gutxietsi gaituzte», laburbildu du Steilas sindikatuko Diana Bruño Artazkozek: «Legealdi honetan, ez diote baliorik eman mahai sektorialeko ordezkaritza sektorialari. Negoziazio kolektiborako tresna nagusia kontsulta organo huts bihurtu nahi izan dute; ez da izan guztioi eragiten diguten lan baldintzei buruz negoziatzeko gunea». Hori dela eta, Hezkuntza Departamentuari eskatu diote «premiazko negoziazio batera» lotzeko, «irakasleen zilegitasuna eta babesa duten mahaietan». Hezkuntzako mahai sektorialean eta Funtzio Publikoko mahai orokorrean, alegia.

Sei aldarrikapen egin dizkiote Nafarroako Gobernuari:

-Ratioen jaitsiera hezkuntza ziklo guztietan.

-KPI Kontsumorako Prezioen Indizearen araberako soldata igoera eta 2010etik galdutako erosahalmena berreskuratzea (%20).

-Funtzionario mailak eta titulazioak Boloniako planaren arabera egokitzea.

-Lanbide-karrera ezartzea langile guztientzat.

-Kontratuen behin-behinekotasuna %8tik behera murriztea.

-Gainkarga burokratikoa murriztea, «ikasleen premiei denbora eskaini ahal izateko».

Eskaera horiek bete ahal izateko «baliabide gehiago» behar direla gogorarazi diote Maria Txibiteren kabineteari. «Guk argi dugu aldarrikapen hauek lortzeak, irakasleen lan baldintzak hobetzeaz gain, zuzenean ekarriko duela eskaintzen den zerbitzu publikoa nabarmen hobetzea», esan du UGTko Isabel Fernandezek. Nabarmendu dute hezkuntza dela «gizartea hobetzeko tresna nagusia», eta «justizia sozial handiagoa lortzeko funtsezko zutabea».

Langileak grebara deitzeaz gain, ikastetxeei dei egin diete atxikimendua ematera klaustroetan eta eskola kontseiluetan, «Hezkuntza Departamentuak zuzenean ezagut dezan eta ezinegonaz jabetu dadin». LABeko Oihane Jordanak, azkenik, «benetako negoziazioa» eskatu dio Nafarroako Gobernuari, «planteatutako aldarrikapen guztiei erantzuteko». Gainerako hezkuntza eragileei ere dei egin diete sindikatuek, apirilaren 3ko deialdiarekin bat egin dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.