HEGO KOREA-JAPONIA

Japoniak inposatutako lan behartuen biktimentzako konpentsazio plan bat iragarri du Hego Koreak

Erabakiak protestak eragin ditu, Hego Koreako enpresa pribatuek finantzatuko dutelako funtsa, eta ez auzian inplikatutako Japoniakoek.

Erabakiaren aurkako protesta bat egin dute, gaur, Seulen (Hego Korea). EFE
Igor Susaeta.
2023ko martxoaren 6a
13:01
Entzun

Hego Koreako Gobernuak konpentsazio plan bat iragarri du Japoniak Bigarren Mundu Gerraren garaian inposatu zituen lan behartuen biktimentzat. Bi herrialdeak ahaleginean ari dira elkarren arteko harremanak onbideratzeko, Ipar Koreak bere programa nuklearra garatzen jarraitzen duen honetan. AEBek, bestalde, egitasmoa txalotu dute, eta «historikoa» dela nabarmendu.

Baina Park Jin Atzerri ministroak gaur aurkeztutako planak protestak eragin ditu herrialdean. Izan ere, biktimek —90 urte baino gehiago dituzte— jasoko dituzten kalte ordainen funtsa Hego Koreako enpresa pribatuak direlako finantzatzekoak; ez, ordea, lan behartuak inposatu zituzten Japoniako enpresak. Hego Koreako Auzitegi Gorenak Nippon Steel eta Mitsubishi Heavy Industries enpresak zigortu zituen 2018an, eta agindu zien kalte ordainak emateko lan behartuen biktima izan ziren hamabost pertsonari. Japoniak Koreako penintsula okupatu zuen 1910etik 1945era eta 780.000 bat korear errekrutatu zituen lan behartuetarako.

«Japoniaren erabateko garaipena da, esan baitu ezin duela yen [Japoniako dirua] bakar bat ere ordaindu lan behartuen auziarengatik», idatzi zuen atzo, Facebooken, biktimen abokatu Lim Jae-sungek, planaren nondik norakoak prentsan filtratzen hasi zirenean. Oposizioak ere kritikatu du gobernuak hartutako erabakia. «Diplomazia esanekoa da», azpimarratu du, ohar batean, Alderdi Demokratikoko bozeramaile An Ho-youngek. «Egun lotsagarria da. Amore ere ez dute eman gerra krimenekin loturiko Japoniako enpresek, eta barkatu egin zaie»

Lan behartuen auziak eta Japoniako militarren burdeletan prostituitzera behartutako emakume korearrenak bi herrialdeen arteko erlazioak gaiztotu dituzte azkeneko hamarkadetan. Tokioren arabera, baina, 1965ean bi aldeek sinatutako hitzarmen batek balio izan zuen garai kolonialeko auziak konpontzeko. Laguntza ekonomiko gisa, Japoniak 282 milioi euro eman zizkion Hego Koreari, eta beste 480 milioi euro maileguetarako. Erabaki horiek, baina, protesta jendetsuak eragin zituzten Hego Korean.

Hiru hamarkada geroago, 1995ean, Japoniako Gobernuak barkamena eskatu zien biktimei; bereziki esklabotza sexuala pairatu zuten emakumeei. Eta hogei urte geroago, Tokiok bederatzi milioi euroko funts bat sortu zuen horiei laguntzeko. Baina, 2018an, funts hori eten egin zuen Hego Koreako orduko presidenteak, Moon Jae-inek, argudiatuz ez zela nahikoa. Eta 2018an heldu zen Hego Koreako Auzitegi Gorenaren erabakia. Tentsioak areagotu zituen horrek: Japonia Hego Koreara goi teknologiako produktu gutxiago esportatzen hasi zen, eta korearrak, berriz, Japoniako produktu batzuk boikotatzen.

«Gurpil zoroa» hausteko

Hego Koreako Atzerri ministro Parkek erabakia defendatu du, eta nabarmendu bi herrialdeen arteko lankidetza oso inportantea dela «diplomaziaren arlo guztientzat», ekonomiarentzat eta «segurtasunarentzat», «nazioartearen egoera larria» aintzat hartuta. Iruditzen zaio, gainera, «gurpil zoroa» hautsi behar dela, herritarren hobe beharrez.

Fumio Kishida Japoniako lehen ministroak, bestalde, begi onez hartu du erabakia. Kyodo berri agentziak jaso duenez, Hego Korearen erantzuna zintzoa iruditu zaio, eta Tokiok aukera emango die Japoniako enpresei diru ekarpenak egiteko Hego Koreak martxan jarritako funtsean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.