Albistea entzun

Giza eskubideak

Generoagatiko bazterketa krimentzat jotzeko eskatu dute Afganistango eta Irango emakumeek

Emakumeen Nazioarteko Egunean abiatu dute kanpaina, eta dagoeneko hainbat sinadura bildu dituzte; besteak beste, Shirin Ebadi abokatu eta Bakearen Nobel saridunarena.

Emakumeak tapizak egiteko lantegi batean lanean, Kabulen. /
Emakumeak tapizak egiteko lantegi batean lanean, Kabulen. / Samiullah Popal/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2023ko martxoak 8

Nazioarteko kanpaina bat abiatu dute Afganistango eta Irango hainbat emakumek. Kanpaina horren helburua da generoagatiko bazterketa krimentzat jotzea nazioarteko legedian. Dagoeneko hainbat pertsona ezagunen babesa jaso dute sustatzaileek; besteak beste, Shirin Ebadi abokatu eta Bakearen Noble saridunarena, Fawzia Koofi diputatu afganiarrarena eta Afganistango Giza Eskubideen Batzorde Independenteko kide Benafxa Yaqoobirena.

Kanpaina bultzatu duten taldeen arabera, gaur egun bazterketaren aurka indarrean dauden nazioarteko arauek ez dituzte aintzat hartzen bi herrialde horietan indarrean dauden emakumeen aurkako politika sistematikoak, helburu dutenak emakumeei bizitza publikoan parte hartzea debekatzea eta haiek umiliatzea. Idatzian nabarmendu dute bazterketa krimentzat jotzen dela egun, baina soilik arrazan oinarritua denean, ez generoan.

Zehazki, apartheid politikak jotzen ditu krimentzat nazioarteko legediak. NBE Nazio batuen Erakundeak 1973an erabaki zuen apartheida nazioarteko krimen izendatzea, eta 1998an hala jaso zuten Erromako Estatutuan. Baina kontzeptua ez dator bat generoagatiko bazterketarekin. «Nazioarteko legediaren arabera, apartheidaren krimenak soilik hartzen ditu aintzat arrazan oinarritutako hierarkia sistemak. Kanpaina honen helburua da tresna politiko eta legalak sortzea, genero bazterketa sustatzen duten sistemen aurka egiteko», azaldu dio Gissou Nia abokatuak Erresuma Batuko The Guardian egunkariari.

Afganistango sistema hartzen du oinarri idatziak. Han, emakumeek ezin dute bigarren hezkuntzan ikasi, ezin dira zenbait eremu publikotara joan, ezin dira euren etxeetatik 70 kilometro baino urrutirago joan mahram edo gizonezko senide batek lagunduta ez bada, eta, iragan abenduaren 22tik, ezin dituzte unibertsitateko ikasketak egin, ezta GKE gobernuz kanpoko erakundeetan lan egin ere. Iranen ere antzeko egoera bizi dute emakumeek. Han, segurtasun indarren ardura da emakumeek hijaba ondo daramatela «zaintzea», eta edonor atxilotu dezakete araua urratuz gero.

Emakume afganiarren martxa

Joan den igandean abiatu zen Afganistango emakume talde bat Berlindik Bruselara. Martxaren helburua da emakumeek euren herrialdean bizi duten egoera salatzea, eta nazioarteko agintariei eskatzea ez dezatela onartu talibanen gobernua, baita haien aurkako zigorrak eskatzea ere. Horrez gain, Qatarri eskatzen diote itxi ditzala talibanek herrialde horretan dituzten bulegoak, eta izoztu ditzala haien ondasunak. Martxa gaur iritsi da Bruselara.

Kabulen ere izan da protestarik. Dozenaka emakume kalera irten dira lan egiteko eta ikasteko eskubidea aldarrikatzera, talibanen debekuari aurre eginda. Izan ere, talibanak agintera heldu zirenetik 2021eko udan, emakumeek ia erabat debekatuta daukate lanean aritzea; lan jakin batzuk soilik egin ditzakete, eta horiek ere gizonekin egon gabe. Iazko azken hiruhilekoan jasotako datuen arabera, langabeziak %25 egin zuen gora emakumeen artean, eta %7 gizonezkoen artean. Lanaren Nazioarteko Erakundeak ohartarazi du zenbaki horiek ez direla une jakin baten isla, joera batena baizik.

Salaketa NBEraino heldu zen atzo. Antonio Guterres idazkari nagusiak salatu zuen neskak eta emakumezkoak «ezabatu» egin dituztela bizitza publikotik, eta etxean preso sartu. «Herrialdearen aurkako eraso bat da herritarren erdia baino gehiago etxean itxita uztea giza eta ekonomia krisi larrienetako bat duen herrialde batean. Horrek ez ditu bakarrik zigortuko emakume eta neskak, afganiar guztiak baizik», ohartarazi zuen Roza Otunbaievak, NBEren misioaren arduradunak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Samiak protestan, Norvegiako errege etxearen aurrean, martxoaren 3an. ©ALF SIMENSEN / EFE

Berdea ez da bidezkoa samientzat

Gorka Berasategi Otamendi

Norvegiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion sami herriari 2021ean: legez kanpokotzat jo zuen Fosen penintsulako parke eolikoa, indigenen eskubideak urratzen dituelako. Samiek kolonialismo berdearen adibidetzat jo dute beraien lurretan gertatzen ari dena.
Bi herritar maputxe instrumentu tradizionalak jotzen, iazko urriko manifestazio batean, Santiagon. ©ELVIS GONZALEZ / EFE

Energia eskuratu nahian maputxeen lur sainduan

G. Berasategi Otamendi

Indigenen protestek zentral hidroelektriko bat geldiarazi dute Txile hegoaldean. Statkraft enpresak aitortu du eremua sakratua dela maputxeentzat, baina beste zentral bat eraikitzen ari da inguru hartan bertan.
Erreskate taldekoak, atzo, Ciudad Juarezen (Mexiko), sutea itzali ostean. ©EFE

Mexikon 39 lagun hil dira iheslarien atxilotze gune batean

Berria

Ezbeharra Ciudad Juarezen gertatu da, AEBetako mugatik oso gertu. Dozenaka lagun zauritu dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.