Albistea entzun

Erretretaren erreforma

Deliberamendua eta arrangura erreformaren kontrako grebalarien artean

Greba iraunkorrarekin segitzea erabaki dute sektore anitzetan. Estrategiari buruzko eztabaida abiatu dute trenbideetako langileek. Baionako portua blokeatu dute goizean, eta 800 pertsonak manifestazioa egin du Baionan

Baionako portua blokatzeako zamaketarien ekintza
Baionako portua blokatzeako zamaketarien ekintza Guillaume Fauveau Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2023ko martxoak 8 14:00

Deliberamendua eta arrangura. Biak sentitu zitezkeen gaur goizean Baionako lan burtsan. Egunero bezala, batzarra egin dute trenbideetako langileek, eta greba mugimenduarekin segitzea erabaki dute %92k, baina greban irauteko eta eraginkorrak izateko estrategiari buruz eztabaida izan dute, eta agerian utzi dituzte hartu beharreko norabideari buruz izan daitezkeen desadostasunak. Frantziako Gobernuak egin nahi duen erretreten erreformaren kontrako mobilizazioa hasi zenetik, zazpigarren greba eguna dute gaurkoa trenbideetako langileek.

Mezu baikorra helarazi nahi izan zien langileei Julien Delion CGTko arduradunak. Sektore anitzetan bozkatu dute grebarekin segitzea, eta erantzuna «handia» izaten ari da. «Ez gara mugimenduaren lokomotiba». Baina batek baino gehiagok agertu zituen kezkak: «Ezin dugu bizpahiru aste iraun greba mugagabean», zioen batek, luza daitekeen mugimendu batek sortzen duen «beldurra» hizpide hartuta. Hainbat lanposturen artean koordinatuz, greba txandaka egin, eta egunero trenak geldirik egotea lor dezaketela iradoki zuen. «Bai, baina horrek ez digu ahalbidetzen denen artean bildu eta bestelako ekintzak egitea, beste sektoreetako langileekin elkartzea», beste langile baten erantzuna.

Baiona eta Hendaia arteko langileak bilduak ziren gaur goizean, baina federazioka antolatuak dira trenbideetako langileak. «Intersindikalean greba iraunkorra egitea erabaki dugu oraingoz», esplikatu du Delionek. «Gurea bezalako beste hogei batzar daude Akitania Berria eskualde guzian; ezin dugu guk bakarrik erabaki». Federazio mailan Baionan agertutako kezkak helaraziko dituela hitzeman du. Greba kutxa bat abiatzearen ideia ere zabaldu dute langile batzuek. Ez dute baztertu, baina oraingoz Frantziakoarekin arituko direla adierazi dute.

«Ikusi behar dugu nola egin ahal bezainbat indar emateko eta irauteko, ahal bezain diru gutxi galduta», esplikatu du Peio Dufau CGT sindikatuko kideak. Oroitarazi du duela hiru urteko mugimenduan bi hilabete oso eman zituztela greban. Ororen buru garaile atera baziren ere, markak utzi ditu langileengan. «Ondorioak izan ditu familia guzientzat», Dufauren hitzetan. «Helburua da aldi honetan hastapenetik mintzatzea estrategiaz. Garrantzitsua da guretzat, eta garrantzitsua da gure familientzat. Garaipena lortzeko, hortik pasatuko da».

Bihar Donibane Lohizunen (Lapurdi) elkartuko dira batzarra egiteko, eta ondoren elkarretaratzea eginen dute beste sektoreetako langileekin. Ikasleak ere mugimendura batuko direla espero dute, eta denen artean indartuko dutela mobilizazioa. Egunean zehar ekintza batzuk eginen dituztela ere iragarri dute.

Emazteen eskubideak

Goizean goizetik abiatu da protesta, Baionako portuaren blokeatzearekin. Zamaketariek barrikada jarri dute portuko sarreran, eta urrunago errepidea blokatu dute beste sektoreetako dozenaka langilek. Kamioi bat baino gehiago geldiarazi dituzte, eta auto lerroak eragin ditu inguruan.

Baionako manifestazioan 800 bat pertsona elkartu dira. Emazteen Nazioarteko Eguna izanik, horiek jarri dira lehen lerroan, eta aldarrikapen feministez girotu dute protesta. Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle andanak parte hartu du manifestazioan. «Emazteen eskubide anitz urratuak dira oraindik, baina aurten kutsu berezia hartzen du erretreten erreformarekin. Gaur bereziki emazte langileak karrikan gara erreforma honen injustizia eta bortizkeria salatzeko», adierazi du Ainez Haristoi LABeko kideak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

VW Landabeneko hauteskunde sindikalak, joan den otsailean. ©Jagoba Manterola / FOKU

Hegoaldean lehen indar sindikala da ELA, eta Nafarroan indartzen ari da

Iñaut Matauko Rada

Hego Euskal Herrian ordezkari gehien dituen sindikatua da ELA: 8.920 ditu. Bigarren indarrak halako bi ditu ia, CCOOk 4.919 ordezkari baititu.

 ©Joxean Apeztegia

Euriborrak %4ko atarian bukatuko du maiatza

Iker Aranburu

Kuota orain berritu behar dutenek askoz gehiago ordaindu beharko dute: 270 euro gehiago hilean etxea erosteko maileguan 150.000 euro oraindik itzultzeko dutenek

Barazki eta fruitu denda bat Madrilen. ©JAVIER LIZON / EFE

Inflazioa %3,2ra apaldu da maiatzean Espainian

Irune Lasa

Azpiko inflazioak ere bost hamarren egin ditu behera, %6,1eraino.

Galapago uharteetako dortoka erraldoi bat, 2021ean. ©DANIELA BRIK / EFE

Zorra murriztea, natura zaintzearen truke

Iñaut Matauko Rada

Ekuadorrek zor publikoa 1.100 milioi dolar apaltzea lortu du, Galapago uharteak zaintzearen truke. Halako tratuak egin izan dira, baina klima aldaketak jotako herrialdeentzat aukera izan daiteke etorkizunerako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.