Hezkuntza

ELAk salatu du Jaurlaritzak gaztelania maila «gorena» eskatzen duela euskara hutsez jarduteko ere

D ereduko postuetarako ere C2 mailako ezagutza egiaztatu behar dute Espainiako nazionalitatea ez dutenek; esaterako, Iparraldeko hautagaiek. Horregatik erabaki du sindikatuak lan deialdi bat inpugnatzea.

arantxa iraola
2023ko martxoaren 9a
11:37
Entzun

«Hemen inposatzen dena gaztelania da». ELA sindikatuko ordezkari Pello Igeregik mezu hori nabarmendu nahi izan du gaur, Jaurlaritzak antolatzen dituen lan deialdiak hizpide hartuta egin duten agerraldi batean. Salatu dute gobernuak gaztelaniaren maila «gorena» eskatzen duela euskara hutsez jarduteko ere; Espainiako nazionalitatea dutenek ez dute gaztelaniazko mailarik egiaztatu behar izaten, baina gainerakoek bai, eta Iparraldeko herritarrek, adibidez, oposizioak gainditu nahi badituzte, ezinbestean egiaztatu behar dute gaztelanian C2 maila, baita euskaraz lanean jardun behar badute ere. Horiek horrela, egoera hori salatze aldera, hezkuntza sisteman lanpostuak egonkortzeko irekita dagoen oposizioetako bat inpugnatzea erabaki du sindikatuak. «Proba» egin nahi dute inpugnazio horrekin; gero akaso egingo dituzte gehiago.

Gaztelanian C2 maila egiaztatu behar izanda, oposizioan baldintza hori bete behar duten pertsonek «euskarazko maila baino handiagoa» erakutsi beharko dutela esan dute sindikatuko ordezkariek, eta horrek ondo erakusten duela egoeraren bidegabekeria. «Izan ere, euskara derrigorrezkoa den lanpostuetan C1 maila eskatzen da Hezkuntzan, gaztelerazkoa baino maila bat apalagoa; Osakidetzan are gutxiago: B2a». Horrek benetan «inposatzen» den hizkuntza zein den argi erakusten duela nabarmendu dute. «Eta, esaterako, Hendaiako irakasle batek, Euskal Filologia lizentziaduna izanagatik ere, gaztelaniaren maila gorena beharko du irakasle gisa jarduteko».

Hizpide izan dute Uliazpi fundazioaren hizkuntza eskakizunen harira lehengo astean ezagutu zen epaia ere. Gaztelaniaren «inposizio orokortuaren» beste adibide bat dela uste dute. «Epaileak esan du fundazioko lanpostuen %5 soilik dela langile ez euskaldunentzat. Bestelakoa da errealitatea, ordea: administrazio guztietako lanpostuak daude bermatuta gaztelania dakitenentzako, gaztelania beti delako derrigorrezko, eta zerbitzua gaztelaniaz jaso nahi duten herritarrek bermatua dute hori», adierazi dute gaur atera duten oharrean sententziaren analisia egite aldera egin duten gogoetan.

Diskriminazio «naturala»

Uliazpi fundazioarenaren aurretik egon dira tankerako gehiago, eta denen muinean logika juridiko bera dutela nabarmendu dute ELAko ordezkariek gaurko agerraldian: «Euskara ez dela ofiziala EAEn, ez behintzat gaztelania adina». Argudio horixe ikusten dute, behin eta berriz, epaileen arrazoibideetan. «Gaztelania lanpostu guztietan inposa daiteke, eta diskriminazio hori naturaltzat hartzen da. Hain da naturala Hezkuntza Sailak ere ez baitu inongo arazorik izan oposizioetan bere egiteko irizpide hori».

Uliazpi fundazioaren gaineko ebazpenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du legez kanpokoa dela euskararen ezagutza aintzat hartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko Uliazpi fundazioan 34 lanpostu betetzeko oposizioan. «Euskara normalizatzeko plana ezin da lehenetsi oinarrizko eskubideen aurrean», ebatzi du sententziak. 2021eko uztailean onartu zuen Uliazpik 34 zaintzaile kontratatzeko prozesua; euskararen ezagutza —B2 titulua— baldintza zen 32 postutarako, eta meritua beste bitarako.

Bide horretan, ELAk eskatu du «oldarraldi euskarafoboari» aurre egiteko, eta hizkuntza eskubideen «defentsa politikoa» eraikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.