KPI-A

Elikagai garestiek inflazioa igo dute berriz ere

Otsailean %5,9ra igo da KPI kontsumorako prezioen indizea Hegoaldean. Elikagaiak %15,8 garestitu dira azken urtean. Azpiko inflazioa aspaldiko handiena da: %7,5.

Arrautzak %30 baino gehiago garestitu dira Hegoaldean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
inaut matauko rada
2023ko martxoaren 14a
11:04
Entzun

Urtea hasi zenetik, Hego Euskal Herrian gora egin du inflazioak bai urtarrilean, bai otsailean, nahiz eta erritmo apalean igo den. INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, urtarrilean %5,6tik %5,8ra egin zuen gora KPI kontsumorako prezioen indizeak, eta otsailean, berriz, %5,9ra iritsi da. Elikagaien prezioaren igoera kezkagarria da; izan ere, iazko otsailean baino %15,8 garestiago izan ziren elikagaiak joan den otsailean. 2021ean inflazioa nabarmen gora egiten hasi zenetik jakien tasa handiena duen hilabetea izan da otsaila.

Azpiko inflazioaren datua ere deigarria da, %7,5 izan baita otsailean, azken urteetako handiena. Prezio aldakorrenak —elikagaiak eta energia— kontuan hartu gabe kalkulatzen da azpiko inflazioa, eta prezioen garestitzea ekonomiaren atal gehienetara zabaldu dela iradokitzen du ehuneko altuak.

Hala ere, erregaien prezioen eta etxeko bestelako gastuen —berokuntza, argiztapena eta ura— igoera moteltzen ari da pixkanaka. Abendutik urtarrilera %6,2tik %12,5era egin zuen gora erregaien prezioen garestitzeak, Espainiako Gobernuaren litroko hogei zentimoko diru laguntzaren amaierak eraginda batez ere. Prezioen garestitzeak, baina, %5,5era egin du behera berriro; oraindik ere handia den arren, urtarrilean baino txikiagoa da. Etxebizitzako bestelako gastuak, berriz, iazko otsailean baino %13,8 merkeago izan ziren joan den hilean; azarotik otsailera atal horren inflazioa negatiboa izan da.

Elikagaiak, inoiz baino garestiago

Erosketa saskiaren garestitzea etengabea izaten ari da azken hilabeteetan, eta ez dirudi behera egingo duenik epe motzean. Izan ere, Espainiako Gobernuak oinarrizko elikagaien BEZa kendu edo jaitsi egin zuen urte hasieran, baina neurri hori ez da nabaritu prezioen garestitzean. Abenduan %15,4tik %15,2ra egin zuen behera elikagaien garestitzeak, baina hurrengo bi hilabeteetan gora egin du berriro, eta joan den otsailean %15,8 garestiago izan dira jakiak iazkoarekin alderatuta.

Ikusi gehiago:Eroskik inflazioari aurre egiteko saski bat eskainiko du.

Azukrea da gehien garestitu den elikagaia, iaz baino %68,8 garestiago baita orain. Olioen prezioak %37,8 igo dira, eta arrautzak eta esnea pareko garestitu dira; %30,3 eta %32,3, hurrenez hurren. Patatak %23,5 garestiago dira orain, eta barazki freskoak, berriz, %17,7; esnekiak %16,8 igo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.