Albistea entzun

GERRA UKRAINAN

Aireontzi militarrak bere mugetatik urruntzeko eskatu die Errusiak AEBei

Kremlinek «probokazio gisa» hartu du Itsaso Beltzeko «jazoera». Kieventzat, gertatutakoa da Putinek gatazka eremua «hedatu» nahi duen seinale.

MQ-9 drone bat, Nevadako estatuan (AEB), 2013an.
MQ-9 drone bat, Nevadako estatuan (AEB), 2013an. EFE

Igor Susaeta -

2023ko martxoak 15 09:04

Errusiak ez du konfrontaziorik nahi AEBekin. Hori adierazi du Anatoli Antonov Kremlinek Washingtonen duen enbaxadoreak goizaldean —gaua han—, AEBetako Estatu Departamentuaren egoitzatik atera ondoren. Azalpenak ematera deitu zuten, Itsaso Beltzean bere drone bat suntsitzea egotzi ziolako Washingtonek atzo Errusiari. Kremlinen arabera, ordea, «maniobra txar baten ondorioz» erori zen aireontzia uretara. TASS Errusiako berri agentziak jaso duenez, drone militarrak bere mugetatik urruntzeko eskatu dio Antonovek Washingtoni. «AEBetako ontzi eta hegazkinek ez dute zertan egon [Errusiako] Federazioaren mugetatik gertu. Imajinatzen duzue abioi, drone [errusiar] bat New Yorketik edo San Frantziskotik gertu azaltzea?», ohartarazi du, aldi berean. «Probokazio gisa hartu dugu jazoera hau». Kieventzat, baina, gertatutakoa da Putinek gatazka eremua «hedatu» nahi duen seinale. Hori adierazi du Oleksii Danilov Ukrainako Segurtasun Kontseiluko eta Defentsa Nazionaleko idazkariak.

AEBen arabera, bere armadako MQ-9 drone bat «errutinazko zaintza lanak» egiten ari zen atzo Itsaso Beltzean, nazioarteko aire espazioan. Iazko otsailean inbasioa hasi zenetik, ohikoa izan da Errusiako zein AEBetako aireontziek itsaso horren gainean hegan egitea. Pentagonoak salatu zuen Errusiaren Su-27 gerra hegazkin batek dronea atzeman zuela, erregaia isuri ziola, eta ondoren kolpea eman ziola. «Kalteen ondorioz, Itsaso Beltzean jo du behea», nabarmendu zuten AEBek.

Ikusi gehiago: AEBek Errusiari egotzi diote beren drone bat suntsitzea

Errusiako Defentsa Ministerioaren esanetan, Krimeako penintsulatik gertu —2014an anexionatu zuen Kremlinek— detektatu zuten aireontzia, eta leporatu zien AEBei droneko gailu bat itzalita sartzea beretzat jotzen duen aire espazioan, hori «urratuz». Eta Antonovek esan du «kezkatuta» daudela AEBetako armadak Errusiatik gertu duen jardunarekin. «Denok dakigu oso ondo zertarako erabiltzen diren piloturik gabeko errekonozimendurako eta erasorako ibilgailu hauek». Eta galdera erretoriko bat planteatu du: «Zer egiten dute AEBetatik milaka kilometrora? Erantzuna argi dago: inteligentziako informazioa biltzen ari dira, zeina gero Kieveko erregimenak erabiltzen duen gure indar armatuei eta gure lurrari eraso egiteko». Atzo, John Kirby AEBen Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko bozeramaileak azaldu zuen «nazioarteko aire espazioan» hegaldiak egiten jarraituko dutela, eta horretarako ez dutela behar «errusiarren baimenik». Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak laburbildu du zein den bi herrialdeen arteko harremanaren egoera: «penagarria».

Eta Kirbyk berak esan du, gaur, CNN telebista katean egin dioten elkarrizketa batean, Antonovi adierazi diotela Errusiaren aireontziek «arreta handiagoarekin» hegan egin beharko luketela nazioarteko aire espazioan. Horren harira, Nikolai Patruxev Errusiako Segurtasun Kontseiluaren idazkariak jakinarazi du Errusiako telebista batean, saiatuko direla Itsaso Beltzera eroritako dronearen hondakinak bilatzen. Kirbyren hitzetan, AEBetako armadak ezin izan du aireontzia «berreskuratu«, eta ez dago ziur horretarako «gai» izango ote diren.

Ikusi gehiago: «AEBetako armadak gerrak behar ditu bere jarduna justifikatzeko»

MQ-9 droneak zaintza lanetarako diseinatuta daude —30 bat orduko autonomia dute—, baina borrokarako gaitasuna ere badute. AEBetako indar armatuen webgunean zehaztuta dagoenez, orduko 480 kilometroko gehienezko abiadura har dezakete, eta 2.200 kiloko pisua dute. Antovoven hitzetan, 1.700 kilo lehergai garraiatu ditzake; Washingtonen arabera, zortzi misilentzako lekua dute. Drone bakoitzak 52 milioi euroko kostua dauka.

Turkia, Finlandia onartzekotan

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak iradoki du, gaur, litekeena dela etzi ematea baiezkoa Finlandiak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide izateko aurkeztutako hautagaitzari. Izan ere, Finlandiako bere homologo Sauli Niinistorekin biltzekoa da ostiralean, Ankaran. «Hala espero dut. Gure obligazioak beteko ditugu. Ostiralean [Finlandiako] presidente jaunarekin batzartuko gara, eta emandako hitza beteko dugu», nabarmendu du Erdoganek, ekitaldi publiko batean, auziaz galdetu diotenean. Horrekin lotuta, Reuters berri agentziak kaleratu du, Ankarako bi funtzionario aipatuz, estatuburuaren asmoa dela maiatzaren 14an egitekoak diren presidentetzarako hauteskundeen aurretik onartzea Finlandiaren hautagaitza.

Bi herrialdeek egindako eskaera aintzat hartuz, Mendebaldeko aliantza militarrak Finlandia eta Suedia berekin bat egitera gonbidatu zituen, formalki, iazko uztailean. Baina Turkiak betoa jarri zien biei, ekintzaile kurduei babesa ematen dietela leporatuta. Azken asteetan Helsinkiren jarrera behin baino gehiagotan goratu dute Ankaratik. Suediaz, ordea, ez du iritzi bera. Iruditzen zaio ez dituela bete betoa kentzeko ezarritako baldintzetako batzuk; esaterako, «terrorista» gisa definitzen dituen erakundeen jarduerak eragoztea. Horiek horrela, Turkiak planteatu izan du bi herrialdeen bat egitea ez dadila aldi berean gertatu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Clara Ponsati Europako diputatu agiria erakusten atxilotu duten eskuadrako mossoei, gaur, Bartzelonan . ©Quique Garcia / EFE

Clara Ponsati Bartzelonara bueltatu da, eta atxilotu egin dute

Edu Lartzanguren - Igor Susaeta

«Pablo Llarena epaileak eurodiputatua atxilotzeko agindua emana du, desobedientziarengatik epai dezaten Espainiako Auzitegi Gorenean. «Ikusiko dugu zer egiten duen Auzitegi Gorenak neure itzuleraren inguruan». Defentsak 'habeas corpus' eskaera bat egin du

Humza Yousaf, atzo. ©EFE

Yousaf SNPko lider berria Eskoziako lehen ministro aukeratu dute

Igor Susaeta

Adierazi du SNPk egindako «promesei» eutsiko diela, eta «nekaezin» jarraituko duela independentziaren alde borrokatzen.

Protesta bat Manilan, iazko Giza Eskubideen Nazioartko Egunean. / ©FRANCIS R. MALASIG, EFE

Azken urtean giza eskubideen urraketak ugaritu egin direla salatu du AIk

Arantxa Elizegi Egilegor

Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak urteroko txostena plazaratu du. Bertan salatu du nazioarteak oso jarrera desberdina hartzen duela gatazka gertatzen den tokiaren arabera, eta Ukraina eta Palestina jartzen ditu adibide gisara.

Israelgo Gobernuaren erreforma judizialaren kontrako manifestazio bat, atzo, parlamentuaren parean. ©Abir Sultan, EFE

Israelgo presidenteak «berehalako elkarrizketa prozesu bat» galdegin du

Gorka Berasategi Otamendi - Mikel O. Iribar

Protesta gehiago izan dira gaur goizean, lehen ministroak atzo iragarri arren erreforma judiziala etengo duela behin-behinean. Herzogen negoziazio taldea opozisioko Lapid zentristarekin eta Gantz liberalarekin biltzekoa da gaur. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...