Albistea entzun

Tortura

Torturatuak aitortzeko mozioak babestu dituzte Nafarroako 42 udalek

Nafarroako Torturatuen Sareak positibotzat jo ditu duela lau hilabete abian jarritako ekimenaren emaitzak. Mozioak aurkeztu dituzte torturatuak izan diren Nafarroako 101 udalerrietan.

Nafarroako torturaren inguruko ikerketaren aurkezpena, hil honetan.
Nafarroako torturaren inguruko ikerketaren aurkezpena, hil honetan. JAGOBA MANTELA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko martxoak 15

Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi duenez, 64 mozio erregistratu dituzte Nafarroako beste hainbeste udalek torturatuak izan direnak aitortzeko, eta datozen egunetan beste hogei udalerritan aztertuko dituzte. Elkarteak jakinarazi du Nafarroako 101 udalerritan aurkeztu dituztela torturatuak aitortzeko ekinbideak, eta bakarrik bi udaletan bota dituztela atzera.

«Oso positiboa da egiten dugun balorazioa; Kriminologiaren Euskal Institutuak zioen bezala, Nafarroako Parlamentuan txostena aurkeztu zenean, praktika horren negazionismoa iragana da, eta erakundeak ere egoera hori gainditzearen alde daude», esan du Nafarroako Torturatuen Sareak, ohar batean. Torturaren errealitatea «etorkizunera begira landu beharreko edukia da», haren arabera, «memoria inklusibo baten esparruan, ondoren aitortza soziala eta instituzionala izan dezan».

2022ko otsailaren 12an sortu zen Nafarroako Torturatuen Sarea elkartea, Nafarroan motibazio politikoagatik tratu txarrak eta torturak jasan dituzten nafarrentzat «egiaren erreklamazioan, aitortzan, erreparazioan eta ez errepikatzeko bermean» beste urrats bat egiteko. Elkarte hori torturatuen errolda egiten ari da, eta, gaur egun, mila kasu baino gehiago jaso dituzte.

Horiek horrela, Erroibarko eta Eguesibarko udalek kontrako botoa eman dute torturatuak aitortzeko mozioak aurkezteko ekinaldia iritsi denean, «gaur egun bizikidetzaren, aitortzaren eta egiaren parametroetatik kanpo dauden aitzakiak erabiliz», Sareak salatu duenez. Zehazki, Erroibarko sei herritar eta Eguesibarko beste lau daude torturatu dituztela salatu dutenak. «Pertsona horien gertueneko erakundeek ukatu egiten diete torturatuak direla, ukapenean eta praktika horren zigorgabetasunean oinarrituta», kritikatu du elkarteak.

Azken urteotako urratsak

Erakunde publikoak urratsak egiten ari dira tortura kasu horiek argitzeko azken urteotan. 2019ko ekainean, Nafarroako Foru Komunitatean 1960-1978 bitartean izandako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua argitaratu zen, Nafarroako Gobernuak Kriminologiaren Euskal Institutuari eskatua. 2023ko urtarrilaren 2an, berriz, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak abian jarri zuen prozedura bat motibazio politikoko biktima izaera deklaratzeko eskaerak aurkeztu ahal izateko. Dagokion foru legearen arabera, «eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei aitorpena eta erreparazioa» emateko da. Motibazio politikoko Biktimen eskaerak aztertuko dituen Aitorpen Batzordea bederatzi adituk osatzen dute, eta Martin Zabalza Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia da batzordeburua.

Joan den urtarrilaren 9an, Kriminologiaren Euskal Institutuak Tortura eta beste tratu txar batzuei buruzko ikerketa Nafarroan 1979tik gaur egunera txostena publiko egin zuen, Herritarrekiko Harremanen Departamentuak bultzatutako diru laguntza publikoaren babesaz. Agiri horretan aurreratu zutenez, «aurrez egindako ikerketako datuen (1960-1978) eta oraingoaren (1979-2015) baturak kasuen unibertso bat aurkezten dute, ikuspegi kuantitatibotik, proiektatutako azken kopuru batekin». 1960-2015 aldirako kaltetutako 891 pertsonen gainean 1.068 kasuak gaindituko lituzkete.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elma Saiz PSNko Iruñeko alkategaia. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Elma Saizek Iruñeko alkate izan nahi duela iragarri du

Xabier Martin

PSNko Iruñeko alkategaia harremanetan jarriko da Geroa Bai-rekin eta Zurekin Nafarroarekin, aginte makila hartzeko helburuarekin. EH Bilduko Jose Asiron ez du babestuko, euskararekin «inposizioan aritu zelako».

Urkullu, Arrasaten (Gipuzkoa), kanpainako ekitaldi batean. ©Javier Etxezarreta / EFE
Iraganeko mamua ate joka Nafarroan
EAJren Euzkadi Buru Batzarrak bilera egin zuen atzo Sabin Etxean, hauteskundeen emaitzak aztertzeko. ©MIGUEL TOÑA / EFE

Ireki da hitzarmenen kutxa

Gotzon Hermosilla

EH Bilduk bere burua aurkeztu du «aldaketa sakon eta lasaia» gidatzeko, eta eskaintza egin die gainerakoei. EAJk ez dio aterik itxi indar gehiago batzeari PSErekin duen itunera

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.