Finantzak

Suitzako banku zentralaren laguntzari esker, Credit Suisseren akzioak indarrez hasi du eguna

Bezeroen kezka baretu nahian, Credit Suissek 50.000 milioi libera suitzarreko mailegu bat hartu dio Suitzako Banku Nazionalari.

Credit Suisseren egoitza bat, Zurichen. MICHAEL BUHOLZER / EFE
Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 16a
10:19
Entzun

Atzoko izuaren ondoren, baretasun pixka bat itzuli da gaur Europako burtsetara. Goranzko bidean hasi dute merkatuek, haien kezka iturri nagusiak, Credit Suissek, bere egoera lagun dezakeen laguntza jaso duelako.

Asteazken gauean, Suitzako Banku Nazionalak iragarri zuen mailegu berezi bat emango ziola likidezia arazoei aurre egiteko, eta gaur goizean Credit Suissek jakinarazi du 50.000 milioi libera suitzarreraino eskatzeko prest zegoela —50.000 milioi euro inguru dira—.

Iragarpen horrek errebote efektua eragin dio Suitzako banku handienetan bigarrena denaren akzioari. Goizeko hamarretan %21,5 egiten ari zen gora, eta, horrenbestez, atzo galdutakoaren (-%30) berreskuratzeko gai izan zen. Kontinenteko beste bankuen akzioek ere gora egin dute.

Suitzako Banku Nazionalak mailegatuko dion diruarekin estali nahi ditu Credit Suissek bere bezeroen diru erretiratzeak.

Gainera, Ulrich Korner Credit Suisseko buruak jakinarazi du prest dagoela bankuak jaulkitako 3.000 milioi euroko zorra berriro erosteko; horren bitartez, lortu nahi du zor horren interesak apaltzea.

Credit Suissek ziurtatu du kapital betebehar guztiak betetzen dituela, eta arazoak izan arren aurrera egiteko nahiko baliabide dituela.

Arazoak ez dira berriak

Credit Suisse berregituraketa prozesuan dago, aspalditik duen krisi batetik ateratzeko. Kapital zabalkuntzak egin ditu azken urteetan; duela hiru hilabete egin zuen azkena, eta 2.200 milioi libera suitzar (2.220 milioi euro) jarri zituen Saudi Arabiako SNBk, baina ez zen aski izan merkatuen konfiantza irabazteko. SNBk diru gehiago jarriko ez zuela iragarri izanak eragin du, hain zuzen ere, oraingo krisia.

Suitzako bigarren bankuaren arazoak aspalditik datoz. 2000ko hamarkadan jauzi handi bat egin zuen, eta banka pribatuko erakunde handienetako bat bihurtzeko pausoa eman zuen, mundu osora zabalduta, baina ez du lortu. Negozio eredu konplexu bat jarri zuen martxan, hainbat dibisiorekin, eta batez ere inbertsiogile eta korporazio handiei bideratutakoa. Porrot handi eta polemika iturri izan diren inbertsio funts batzuetan parte hartu izanak —Archegosen eta Greensillen, adibidez— galera handiak eragin dizkio, eta bezeroen konfiantza apalduz joan da: azken urtean 123.200 milioi libera suitzar atera dituzte bankutik.

Iaz, plan estrategiko bat aurkeztu zuen, aktiboen zati bat saltzea eta egitura sinplifikatzea aurreikusten zuena. Kapital zabalkuntzan Saudi Arabiako SNBk parte hartu zuen, akziodun nagusi bihurtuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.