Albistea entzun

NATO

Finlandiari NATOko kide izateko atea ireki dio Turkiak

Erdoganek adierazi du espero duela parlamentuak maiatzaren 15eko presidentetzarako bozen aurretik bukatzea berreste prozesua. Suediari esan dio 120 «terrorista» bidaltzeko

Niinisto eta Erdogan, gaur, Ankaran
Niinisto eta Erdogan, gaur, Ankaran EFE

Igor Susaeta -

2023ko martxoak 17 18:06

Ia bederatzi hilabetez negoziatzen aritu ondoren, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko atea ireki dio Turkiak Finlandiari. Izan ere, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek jakinarazi du, gaur, Finlandiak Mendebaldeko aliantza militarreko kide bihurtzeko aurkeztutako hautagaitzaren berreste prozesua hasiko duela Turkiako Parlamentuak. NATOko 29 estatu kideen artean Turkia eta Hungaria dira hori egin ez duten bakarrak. Hungariako Parlamentua, hain zuzen, hilaren 27an da tramitearekin hastekoa.

Finlandiako presidente Sauli Niinisto eta Erdogan Ankaran batzartu dira gaur, eta ondoren agerraldi bateratua egin dute. Turkiako estatuburuak ez du zehaztu auzia noiz eramango duten parlamentura, baina aintzat hartu behar da presidentetzarako hauteskundeak egingo dituztela maiatzaren 15ean; berreste prozesua horiek baino lehenago gauzatzea espero du Erdoganek.

Iazko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi eta gutxira hasi zen Finlandiako Gobernua hitz egiten NATOko kide bihurtzeko aukeraz. Suedian ere gauza bera gertatu zen. Horrenbestez, Europa iparraldeko bi herrialdeek elkarrekin aurkeztu zuten, iazko maiatzaren erdialdean, aliantzako kide bihurtzeko eskaera. Hori gogoan, Niinistok nabarmendu du Finlandiaren bat egitea ez dagoela «osatuta» Suedia gabe. Bien asmoa zen batera bihurtzea aliantzako kide.

Ikusi gehiago: NATOn sartzeko betoa kendu die Turkiak Finlandiari eta Suediari

NATOko estatu kideek beto eskubidea dute, eta Turkiak betoa ezarri zien bi herrialdeei, ekintzaile kurduei, hau da, PKK Kurdistango Langileen Alderdiari eta YPG Herriaren Babes Unitatei babesa ematen dietela leporatuta. Biak ala biak «terroristak» dira Turkiarentzat. Ekain amaieran, baina, beto hori kendu zuen, hiru herrialdeek dokumentu bat sinatu ondoren. Ankararen arabera, bi herrialdeek konpromisoa hartu zuten «guztiz kooperatzeko» beraiekin «PKKren eta bere adarren aurkako borrokan».

Erdoganek pentsatzen du Helsinkik bete dituela jarri zizkion baldintza guztiak; horietako bat da, esaterako, bere lurraldean saihestea Ankarak «terroristatzat» jotzen dituen taldeen jarduerak. Turkiako estatuburuak uste du, ordea, Suediak ez duela berdin jokatu, eta hori azaldu du gaur: «Ez gaude Suediaren kontra, baina Suediak beso zabalik hartu ditu terroristak eta kaleak ireki dizkie. Esan nion Suediako lehen ministroari 120 terrorista bidaltzeko. Ez dizkigutenez eman, ezin dugu haienganako jarrera positibo bat eduki. Finlandiarekin ez da hori gertatu, eta gure posizioa positiboa da».

Stoltenberg, pozik

Azken hilabeteetan Ankara haserretu duten pare bat gertakari izan dira Suedian; biak urtarrilean. Stockholmen egin zuten protestan, Erdogan urkatzea itxuratu zuten. Hori batetik. Eta bestetik, eskuin muturreko militante batek Koranaren ale bat erre zuen Ankarak Suedian duen enbaxadaren aurrean. Horrek Suediaren kontrako protestak eragin zituen Turkian.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak azpimarratu du «inportanteena» dela Suedia laster bihurtzea aliantzako kide, nahiz eta ez izan Finlandiarekin batera. «Pozik hartu dut Turkiaren erabakia. Finlandiaren, Suediaren eta NATOren segurtasuna indartuko ditu», adierazi du ohar batean, eta gogoratu aliantzaren «historia modernoko» berreste prozesurik azkarrena izaten ari dela bi herrialdeena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Clara Ponsati Europako diputatu agiria erakusten atxilotu duten eskuadrako mossoei, gaur, Bartzelonan . ©Quique Garcia / EFE

Clara Ponsati Bartzelonara bueltatu da, eta atxilotu egin dute

Edu Lartzanguren - Igor Susaeta

«Pablo Llarena epaileak eurodiputatua atxilotzeko agindua emana du, desobedientziarengatik epai dezaten Espainiako Auzitegi Gorenean. «Ikusiko dugu zer egiten duen Auzitegi Gorenak neure itzuleraren inguruan». Defentsak 'habeas corpus' eskaera bat egin du

Humza Yousaf, atzo. ©EFE

Yousaf SNPko lider berria Eskoziako lehen ministro aukeratu dute

Igor Susaeta

Adierazi du SNPk egindako «promesei» eutsiko diela, eta «nekaezin» jarraituko duela independentziaren alde borrokatzen.

Protesta bat Manilan, iazko Giza Eskubideen Nazioartko Egunean. / ©FRANCIS R. MALASIG, EFE

Azken urtean giza eskubideen urraketak ugaritu egin direla salatu du AIk

Arantxa Elizegi Egilegor

Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak urteroko txostena plazaratu du. Bertan salatu du nazioarteak oso jarrera desberdina hartzen duela gatazka gertatzen den tokiaren arabera, eta Ukraina eta Palestina jartzen ditu adibide gisara.

Israelgo Gobernuaren erreforma judizialaren kontrako manifestazio bat, atzo, parlamentuaren parean. ©Abir Sultan, EFE

Israelgo presidenteak «berehalako elkarrizketa prozesu bat» galdegin du

Gorka Berasategi Otamendi - Mikel O. Iribar

Protesta gehiago izan dira gaur goizean, lehen ministroak atzo iragarri arren erreforma judiziala etengo duela behin-behinean. Herzogen negoziazio taldea opozisioko Lapid zentristarekin eta Gantz liberalarekin biltzekoa da gaur. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.