Zinema

100 film inguru emanen dituzte Ikuspuntu jaialdian, astelehenetik

Sail Ofizialean hemezortzi lan lehiatuko dira; Peru Galbeteren Bide bazterrean ni eta hi kantari tartean. Peter Nestler dokumentalgileari eskainiko diote festibaleko atzera begirakoetako bat.

Manuel Asin, Rebeca Esnaola eta Teresa Morales de Alava; Ikuspuntu Jaialdiko zuzendari artistikoa, Nafarroako Kultur kontseilaria eta Ikuspuntu jaialdiko zuzendaria, hurrenez hurren. IñIGO URIZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko martxoaren 21a
13:44
Entzun

Iragarria zenez, martxoaren 27tik apirilaren 1era eginen dute 2023ko Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko jaialdia; hurbil da hasiera, beraz. Festibalak XVII. aldia izanen du aurten, eta jadanik asteak dira egitarauaren gaineko xehetasunak plazaratzen ari direla, apurka. Azkenik, gaur argitaratu dituzte guztiak: 65 jarduera baino gehiago antolatu dituzte, 100 film inguru emanen dituzte guztira, eta hamalau herrialdetako hemezortzi pelikula lehiatuko dira Sail Ofizialean –hamar film luze eta zortzi film labur–. Sharon Lockharten Eventide (Ilunabarra) eta Comes Chanbazian Notre village (Gure herria) lanek zabalduko dute egitaraua, astelehen goizean.

Zazpi aretotan eginen dituzte egitarauan bildutako jarduera eta emanaldiak: Baluarten, Golem zinema aretoetan, Oteiza museoan, Iruñeko Planetarioan, Nafarroako Filmotekan, Kondestablearen Civivoxen eta Civicanen.

Jaialdiak iazko egiturari eutsiko, hau da, zazpi atal nagusi izanen ditu: Sail Ofiziala, Atzera Begiradak, Fokuak, X Films, Hezkuntza Programa, Lan, Kontaktuak. Azken biak iaz abiatu zituzten, eta, orduan erdietsitako «arrakasta» ikusirik, mantentzea erabaki dute antolatzaileek. Lehenbizikoak atalen sorkuntzako eta ekoizpeneko prozesuak ditu ardatz; eta, bigarrenak, aldiz, zinema sorkuntzaren eta ezagutzaren beste diziplina batzuetara irekitzea du helburu.

Edonola ere, festibaleko arduradunek nabarmendu dute Hezkuntza Programa indartzea dela aurtengo lehentasun nagusietako bat, «haur eta gazteengana gehiago hurbiltzeko». Horretarako, Programatzaile gazteak tailerra, Criaturas de la naturaleza (Naturako izakiak) haurrentzako filmaren emanaldia antolatu dituzte, besteak beste.

Sail Ofizial «indartsua» eta bi atzera begirako

Hemezortzi film lehiatuko dira Ikuspunturen Sail Ofizialean. Hamalau herrialdetan eginak dira; bi, Euskal Herrian: Peru Galbeteren Bide bazterrean hi eta ni kantari eta Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren Al borde del agua (Uraren ertzean). Behin baino gehiagotan emanen da bi film horietako bakoitza. Dena dela, hauek izanen dituzte estreinaldiak: Galbeterena hilaren 28an estreinatuko dute, 10:00etan, Baluarten; Elorza eta Salaberriarena, hilaren 29an, 10:00etan, Baluarten.

Ikusi gehiago: Hamalau herrialdetako hemezortzi film ikusgai Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Bi proiektuk osatzen dute aurtengo aldiaren Atzera Begirakoak atala. Batetik, Peter Nestler alemaniar zinemagilearen lanari eskainitakoa: Bestelako garaiak datoz. Hilaren 31n, ostiralean, zinemagilearen azken bi filmak estreinatuko dituzte Baluarten: Unrecht und Widerstand (Injustizia eta erresistentzia) eta Der offene Blick (Begirada irekia). Lanok komunitate sintien eta errumaniarren jazarpenaren eta historiaren gainekoak dira. Dokumentalgilea bertan izanen da, Baluarten, eta, emanaldien ondotik, solasean arituko da Gaz Kalo Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioako koordinatzailearekin.

Festibaleko beste atzera begirakoa funtsezko ondasunen ekoizpenari buruzkoa da. Zuhaitzetatik urrun du izena, eta Miriam Martin zinemagile eta programatzaileak ondu du. Funtsezko osagaiak ekoizteko modua nola aldatu den erakusten duten filmak emanen dituzte, sei saiotan, Golem Yamaguchi zinemetan; Harun Farocki, Manoel de Oliveira eta Chick Strand egileenak izanen dira ikusgai, besteak beste. Solasaldiak izanen dira emanaldi guzien ondotik.

Musikaz ere bai

Zinemarekin loturiko jarduerak ez ezik, musika kontzertuak ere antolatuko ditu Ikuspuntuk aurten: Ikuspuntu gauak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Navarra Music Commissionekin abiatutako lankidetzari esker antolatu dute egitaraua. Astelehenetik ostiralera, Nafarroako zenbait DJ arituko dira Nicolette tabernan: Dayanna, DJ Txino eta Nikka, adibidez. Bestelako artistak ere arituko dira programazioaren barrenean: Joseba Irazoki Txintxarri tabernan arituko da hilaren 30ean, eta DJ Göo arituko da haren ondotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.