Greba deialdi propioa egin dute SAEk, ELAk eta CCOOk Osasunbidean

Hiru sindikatuek «oso larritzat» jo dute LABek eta UGTk biharko greba bertan behera utzi izana: «Akordio eskasa eta zehaztugabea da»

SAE, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariak, gaur, apirilaren 4ko greba iragartzeko agerraldian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko martxoaren 22a
12:42
Entzun

Apurtu da batasun sindikala Osasunbidean. Nafarroako Gobernuarekin akordioa sinatuta, biharko greba bertan behera uztea erabaki zuten LABek eta UGTk, intersindikalean eta greba komitean gehiengoa dutela baliatuta. SAEk, ELAk eta CCOOk, baina, mobilizazioei eutsiko diete datozen egunetan, akordio hori «eskasa eta zehaztugabea» dela iritzita. Bihar eginen dute lehen protesta ekintza, M-23ko lanuztearen ordez: Nafarroako Legebiltzarraren aurrealdean elkartuko dira, 10:00etan, salatzeko LABek eta UGTk gobernuarekin sinatutako itunak «ez dituela hobetzen langileen lan baldintzak». Horrez gain, greba deialdi propioa erregistratu dute, apirilaren 4rako.

Protestari eutsiko dieten sindikatuen izenean, hedabideen aurrean azaldu dira Vito Astrain eta Patxi Larunbe (CCOO), Cati Jimenez eta Begoña Ruiz (SAE), eta Beatriz Rubio eta Josetxo Mandado (ELA). Ruizek adierazi du LABek eta UGTk sinatutako akordioak «ez dakarrela ezer berririk, ezta aurki parlamentuan aztertuko den foru legearen proposamenean jasota ez dagoen ezer ere». Haien ustez, gainera, LABek eta UGTk itunari baiezkoa eman diote «alderdi politikoekiko duten autonomia faltagatik»: «Leialagoak izan dira alderdi horiekin, ordezkatzen dituzten langileekin baino», gehitu du Mandadok.

SAEko ordezkariaren esanetan, akordioa sinatu duten elkarte sindikalek langileei azaldu beharko diete «zer hobekuntza ekarriko dien ituna sinatu izanak». Are: azpikeriaz jokatzea leporatu diete LAB eta UGTri, «joan den larunbateko manifestazioan parte hartu eta grebarako deia egin zutelako, sinatu berri duten dokumentua ordurako ezaguna izanda ere».

Zehazki, martxoaren 23ko greba bertan behera uzteko erabakia LAB sindikatuak eginiko urrats «aldebakarreko eta antidemokratikoa» dela esan dute SAE, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariek: «LABek bere kabuz hartu zuen greba bertan behera uzteko erabakia, eta gainerako sindikatuei galarazi egin digu greba egitea». Ruizek esan du zilegi direla sindikatuen arteko desadostasunak, «baina grebarako oinarrizko eskubidea oztopatzea da ezein sindikatuk zeharkatu behar ez lukeen marra gorria».

Hori dela eta, greba deialdi propioa erregistratu dute Osasunbidean, apirilaren 4rako: «Mobilizazio horren helburua da osasun arloko langileen eta osasun arlokoak ez direnen lan baldintzak hobetuko dituen eta desberdintasunak zuzenduko dituen akordio bat lortzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.