Eutanasia

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ontzat jo du Eutanasiaren Legea

Atzera bota du Voxek jarritako helegitea.

Duintasunez hiltzeko eskubidearen aldeko elkarretaratze bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko martxoaren 23a
11:57
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du Vox alderdiak Eutanasiaren Legeari jarritako helegitea, eta, beraz, ontzat jo du lege hori. Auzitegiaren ebazpenaren arabera, legeak «pertsonaren autodeterminazio eskubidea» babesten du, modua ematen diolako «hiltzeko momentua libreki eta kontzienteki hautatzeko, medikuek egiaztatutako gaixotasun sendaezin bat dagoenean».

Auzitegiaren ustez, «norbere bizitzaren autodeterminazio eskubideak» aintzat hartu behar du «muturreko sufrimendu objektiboa» gaixoak sufrimendu hori «jasanezintzat» jotzen duenean, horrek eragina baitu «giza duintasunari lotutako integritate pertsonalerako eskubidean». Eskubide horrek berekin dakar beste batzuei laguntza eskatzekoa, «modu seguruan eta minik gabe hil ahal izateko». Botere publikoak ere lotzen ditu, eta «beharrezkoak diren bideak» jartzera derrigortzen ditu.

Konstituzionalaren ebazpenak aintzat hartzen du bizitzarako eskubidea, baina zehazten du eskubide hori ezin dela «modu absolutuan» hartu, eta ezin diola estatuari norbanakoak babesteko beharrizana ezarri «herritarrak bizitzera derrigortzeraino».

Voxek helegitea jarri ostean, berdin egin zuen Alderdi Popularrak. PPren helegite horren inguruan, Konstituzionalak ez du oraindik ezer ebatzi, baina oraingo ebazpenean finkatutako irizpideak erabiliko dira aurrerantzean, eta, beraz, pentsatzekoa da hura ere atzera botako dutela.

Auzitegi Konstituzionaleko bederatzi kidek egin dute legearen alde, eta bik baino ez dute babestu Voxen helegitea: Enrique Arnaldo eta Concepcion Espejel magistratu kontserbadoreek. Boto partikularra eman dute bi magistratu horiek: haien ustez, «Auzitegi Konstituzionalak ezarri beharreko kontrolaren mugak» gainditzen ditu epaiak, «lehendik ez zegoen autodeterminazio eskubide oinarrizko bat sortuz».

Joan den larunbatean, martxoak 18, bi urte bete ziren Espainiako Eutanasiaren Legea onartu zenetik. 2021eko ekainean sartu zen indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.