Autogintza

Erregai sintetikoak, debekutik kanpo

Bruselak eta Berlinek akordioa lortu dute errekuntza motorra erabiltzen duten autoen debekuaren inguruan. Alemaniak eskatu bezala, 2035. urtetik aurrera erregai sintetikoko autoak salbuetsita geratuko dira.

Auto baten ihes hodia. JULIAN STRATENSCHULTE (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko martxoaren 25a
15:30
Entzun

Europako Batzordeak larunbat honetan iragarri du akordioa lortu duela Alemaniarekin errekuntza ibilgailuen debekuari buruzko araudia onartzeko, Berlinek asteetan geldiarazi ondoren. Alemaniak eskatu bezala, 2035. urtetik aurrera erregai sintetikoko autoak salbuetsita geratuko dira.

Hala baieztatu du Volker Wissing Alemaniako Garraio ministroak, Twitterren idatitzako mezu batean: «Errekuntza motorra duten ibilgailuak 2035etik aurrera erregistratu ahal izango dira, baldin eta erregai neutroak erabiltzen badituzte CO2 emisioetan». Akordioa berretsi du Batzordeko presidenteorde eta Itun Berdearen arduradun Frans Timmermansek, sare sozialean berean. «Akordio batera iritsi gara Alemaniarekin, autoetan etorkizunean erregai sintetikoak erabiltzeko».

Araudian egingo dituzten aldaketei buruzko xehetasunak ez dituzte eman. Bruselak espero du neurria behin-betiko onartzea datorren asteartean, Energia ministroen bileran.

Negoziazioek bi urte iraun dute, eta arauak dagoeneko Batzordearen, Parlamentuaren eta Kontseiluaren oniritzia zeukan. Baina Berlinek ustekabean eta azken orduan blokeatu zuen, estatu kideak onartzera zihoazenean.

Adostasun batera heltzeko asmoz, asteon Batzordeak proposamen bat igorri zion Alemaniari, erregai sintetikoak erabiliko dituzten ibilgailuekin kategoria berri bat sortzeko.

Alemania da Europako Batasuneko lehen auto fabrikatzailea. Italiaren babesa jaso zuen, eta industria horrekin lotura handia duten beste herrialde batzuena; besteak beste, Eslovakia, Txekiar Errepublika, Hungaria, Polonia eta Bulgaria.

Eusko Jaurlaritza ere errekuntza autoen debekuaren aurka azaldu da, eta «malgutasuna» eskatu du auto elektrikorako trantsizioa egiteko orduan. Josu Jon Imaz Repsoleko Repsoleko kontseilari ordezkariak ere Alemaniaren jarrera babestu du.

Araua Europako Batzordeak legegintzaldi honetan bultzatu nahi duen Fit for 55 (Egoki 55erako) lege sorta zabalaren parte da; horren helburua da 2030erako Europako Batasuneko emisio kutsatzaileak gutxienez % 55 murriztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.