Israel

Netanyahuk jakinarazi du erreforma judiziala atzeratuko duela

Protesta jendetsuak piztu dira Israelen, atzo gauean eta gaur goizean batez ere, eta presioari men egin dio lehen ministroak.

Manifestarien elkarretaratzea, gaur, Israelgo Parlamentuaren parean, gobernuaren erreforma judizialaren aurka. ABIR SULTAN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi - Mikel O. Iribar
2023ko martxoaren 27a
12:39
Entzun

Israeldarren artean hautsak harrotu dituen erreforma judizialari buruzko lege proiektua eztabaidatzeko prozesua atzeratu egingo du herrialdeko lehen ministro Benjamin Netanyahuk. Hala jakinarazi dio gaur arratsaldean parlamentuari. «Gure herriaren batasun nazionalarentzat benetako mehatxua den krisi bati aurre egin behar diogu», esan du. Knessetek hilabeteko etenaldia egingo du apirilean, juduen pazko ospakizunagatik, eta gobernuak bere buruari udako etenaldira arteko epea —uztailera arte— eman dio erreformari beharrezko egokitzapenak egiteko, baita oposizioko alderdiekin «adostasuna lortzeko» ere. Azken egunotan gobernuaren aurka izaten ari diren protesten harira, Netanyahuk esan du Israel bide «desegoki» baterantz doala, herrialdea «gero eta banatuago» dagoelako. Hori bai: «Ez dugu inoiz gerra zibilik onartuko», ohartarazi du. «Botere judiziala erreformatzeko beharra dugu, eta ez dugu etsiko».

Israelgo ministroak erabakiaren berri eman baino lehenago, gobernu koalizioko Botere Judua eskuin muturreko alderdiak ohar bidez jakinarazi duenez, erreforma judizialaren inguruko eztabaida prozesua datorren hilabetera arte luzatzeko adostasuna lortu du Netanyahurekin. Horren truke, guardia nazional bat eratuko dute, Itamar Ben-Gvir Segurtasun Nazionaleko ministroaren agindupean. Hori bai, Ben-Gvirrek Netanyahuri exijitu dio parlamentuko hurrengo bilkuran erreforma onartzeko «konpromisoa» har dezala. Aurretik, gainera, mehatxu egin dio gobernuari; zehazki, tokiko hedabideek adierazi zutenez, Segurtasun Nazionaleko ministroak esan du dimisioa emango duela erreforma judizialaren plana geldituz gero.

Israelgo oposizioko alderdiek, bien bitartean, zuhurtziaz hartu dute Netanyahuren erabakia, eta adierazi dute gobernua «zintzoa» bada akordioa lortzeko lan egingo dutela. Yair Lapid lehen ministro ohiak, esaterako, esan du oposizioak ziur egon behar duela Netanyahuren proposamenari buruz erabakitzeko orduan, iraganean izandako «esperientzia txarrei» aipamena eginez. Bestalde, Lapiden esanetan, gobernuak «benetako eta bidezko» elkarrizketak hasten baditu, herrialdeak krisi garaia «gaindituko» du.

Netanyahu geroz eta presio handiagoaren pean dago, bere gobernuak bertan behera utz dezan botere judiziala erreformatzeko aurkeztu zuen egitasmoa. Demokraziaren eta botere banaketaren kontrako neurria litzatekeela salatu dute dozenaka milaka manifestarik larunbatero Israelgo hiri nagusietan, joan den urtarriletik. Eta kaleko nahiz oposizioko indarren salaketari batu zaizkio gobernu barrukoak ere berriki. Larunbatean, erreforma albo batera uzteko eskatu zion Yoav Galant Defentsa ministroak gobernuburuari. Netanyahuk kargugabetu egin zuen atzo. Israelgo presidente Isaac Herzogek erreforma izozteko eta oposizioarekin eztabaidatzeko eskatu dio, hirugarrenez, Netanyahuri.

Galanten kanporatzeari erantzunez, protesta jendetsuak izan ziren atzo gauean, orain arteko jendetsuenak; 650.000 lagun atera ziren kalera, eta herritarrek mobilizazioekin jarraitu dute gaur goizean ere. Histadrut herrialdeko sindikatu nagusiak —orain arte protestetatik aparte mantendu denak— ohartarazi du «greba historiko batera» deituko duela gobernuak jarrera aldatzen ez badu. Adierazpen horrekin bat egin dute sindikatu gehiagok. Gaur, lanuzteak izan dira hainbat sektoretan, eta itxita daude, esaterako, haur eskola eta merkataritza gune ugari, eta protestan ari dira ospitale askotan.

Kalean, manifestariek zenbait azpiegitura blokeatu dituzte. Tel Aviven, Ben Gurion aireportuko hegaldien irteera etetera behartu dute, Jerusalemen autobide nagusi bat moztu dute, eta zerbitzurik gabe gelditu dira Haifako eta Ashdodeko portuak, Israelgo bi garrantzitsuenak. Elkarretaratzeak izan dira Netanyahuren etxearen parean ere, eta Poliziak ur kanoiekin sakabanatu ditu protestan ari zirenak. 100.000 herritar inguru Israelgo Parlamentuaren aurrean bildu dira, lehen ministroari eskatzeko bertan behera utz dezala erreforma.


Ehunka mila manifestari, Tel Aviveko autobide nagusietako bat mozten, atzo gauean, gobernuaren erreforma judizialaren aurkako protestetan. OMRI KEDEM / EFE

Kontrako norabidean badu presiorik lehen ministroak. Koalizio gobernuko eskuin muturreko indarrek erreformarekin aurrera egiteko galdegin diote. Ben-Gvirrek eskatu dio «anarkiaren aurrean ez amore emateko», eta koalizioa apurtzearekin egin du mehatxu, Netanyahuk atzera egiten badu.

Oraingoz, parlamentuak egin du lehen urratsa. Erreforma judizialaren bigarren eta hirugarren bozketak bertan behera uztea erabaki zuen atzo parlamentuko Lege eta Justizia batzordeak. Lehen bozketa otsailaren 20an gainditu zuen egitasmoak, aldeko 63 botorekin, eta aurkako 47rekin —parlamentuak 120 kide diru, eta 61 boto behar ditu erreformak aurrera egiteko—.

Auzitegi Gorena ahultzeko

Netanyahuren gobernuaren proposamena indarrean jarriko balitz, nabarmen mugatuko lituzke Israelgo Auzitegi Gorenaren eskumenak, parlamentuari ahalmena aitortuko liokeelako auzitegiaren ebazpenak indargabetzeko, ganberaren gehiengo sinple baten bidez. Horrez gain, erabakimen handiagoa emango lioke botere politikoari Goreneko epaileen izendapenean.

Hori dela eta, azken hamabi asteetan mobilizazioak sustatu dituztenek ohartarazi dute egitasmoak «erabateko kontrola» emango liokeela Netanyahuren gobernuari botere judizialaren gainean, eta horrek «demokrazia arriskuan» jarriko lukeela.

Informazio gehiago.Israelgo botere judiziala kontrolpean hartu nahi du Netanyahuren koalizioak

Oposizioa ere mesfidati agertu da neurriaren atzean egon litezkeen arrazoiez. Batetik, erreformaren atzean Netanyahuren «interes pertsonalak» dauden susmoa du oposizioak. Izan ere, ustelkeriagatik auzipetuta dago, eta uste dute erreforma «auzitik salbuesteko» saiakera izan daitekeela. Bestetik, astelehenean adierazi zuten «posible» dela Palestinako lurretan kolonia gehiago eraikitzeko eskuin muturreko gobernuak Auzitegi Gorena «ahuldu nahi» izatea. Egun, 600.000 eta 700.000 Israelgo herritar inguru bizi dira legez kanpoko kolonietan, Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean.

Gobernuak argudiatu du Auzitegi Gorenak gehiegizko boterea duela gobernuaren eta parlamentuaren erabakien gainean, eta epaileek ez dutela zilegitasunik zenbait erabaki hartzeko, ez dituztelako herritarrek hautatu zuzenean. Gorenarekin bereziki kritiko mintzatu izan dira Yariv Levin Justizia ministroa —Likud alderdikoa— eta Rothman parlamentuko Lege eta Justizia Batzordeko burua. Horien ustez, kolonoen mugimenduaren eta komunitate ultraortodoxoen kontrako aurreiritziz josita dago Gorena. Rothmanek kalean mobilizatzeko eskatu die erreformaren aldeko herritarrei, eta eskuin muturreko talde batzuek protestak iragarri dituzte gaurko.

AEBak zuhur mintzatu izan dira erreformari buruz. Joe Biden presidenteak elkarrizketa gehiago eskatu zion Netanyahuri, egitasmoaren beraren edukiaren gaineko iritzirik eman gabe. «Herriaren babesa bermatzeko, benetan garrantzitsua da funtsezko aldaketen inguruan adostasuna izatea», adierazi zuen.

Informazio gehiago.Botere banaketa apurtzea egotzi dio oposizioak Netanyahuri

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.