Nahikari Iturbe eta Mikel Mundiñano

«Etxeratzea eskatzen ari gara, inolako pribilegiorik gabe»

Sare Herritarreko Gipuzkoa eta Nafarroako arduradunek ohartarazi dutenez, aurrerantzean «ahalegin handia» egin beharko du elkarteak ikusarazteko «presoen eskubideen urraketa ez dela amaitu». Azpimarratu dute «pribilegiorik eta inpunitaterik» eskatu gabe ari direla euskal presoak etxeratzeko eskatzen, «legeak jasotzen duenaren arabera».

Mikel Mundiñano eta Nahikari Iturbe. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2023ko martxoaren 27a
17:07
Entzun

«Ziklo baten amaieraz» hitz egin da ostiralaz geroztik, baina Espainiako Estatuak Euskal Herritik kanpo zituen azken bost euskal presoak aberriratu izanak «ez du desmobilizazioa ekarri behar», Sare Herritarraren arabera. Nahikari Iturbe Gipuzkoako Sareko arduradunak (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1984) eta Mikel Mundiñano Nafarroakoak (Etxarri-Aranatz, Nafarroa, 1976) esan dute mobilizazioa «giltzarri» izango dela etxeratzeak lortzeko.

Poztasun hitza baina askoz inguraturik azaldu da Espainian ziren azken euskal presoen Euskal Herriratzearen balorazioa egitean. Zergatik?

Mikel Mundiñano: Urrunketaren aroa orain bukatu da, baina ezin dugu ahaztu 30 urtetik gorako aroa izan dela, eta gazitik izan duela gozotik baino gehiago. Errepidean hil direnak ezin dira ahaztu, ezta espetxe politika krudel baten ondorioz espetxean hil direnak eta arazo fisiko eta psikologiko larriak dituztenak ere. Albiste ona da, sufrimendu handia eragin duen aro bat amaitu delako, baina atzera begiratzeko ordua ere iritsi da, errepidean hildako hamasei pertsona horiek ez zutelako hil behar.

Euskal gizarteak behar bezainbeste barneratu ote du heriotza horien bidegabekeria?

Mundiñano: Eragileak urratsak eginez joan dira azken urteotan, eta erakunde armatuak jarduera utzi zuen duela hamabi urte; duela lau, haren desegitea izan zen, eta ikusten ari da gizartea prest dagoela konponbidearen alde lanean jarraitzeko. Urte asko izan dira, baina gizartearen gehiengo batek argi adierazi du sakabanaketa eta urruntzea eskubide urraketa krudelak izan direla, eta hori amaitu behar zela.

Nahikari Iturbe: Hasi dugun ziklo berrian ere sufrimendu guztien aitortza bat badago, euskal gizarteak eboluzio bat izan baitu; zoru berri bat eraikitzeko baldintzak daude, beraz. Hemendik aurrerako soluzioek bere bidea hartu beharko dute, eta esango nuke gizarteak sufrimendu denak aintzat hartzeko garaia ere badela.

Ziklo baten amaiera dela adierazi duzue. Saren ba al da kezkarik mezu horrek ez ote duen mobilizazioa apalduko?

Mundiñano: Gerta daiteke. Normala izan daiteke desaktibazio bat izatea urrats jakin batzuk egin direla ikusi ondoren. Arazoa erabat konponduko balitz eta horrek ekarriko balu desmobilizazioa, pozgarria litzateke, baina ez gaude agertoki horretan. Ahalegina egin behar dugu azpimarratzeko oraindik badela bidea egiteko, azaltzeko ziklo bat baizik ez dela amaitu, eta euskal presoen eskubide urraketa ez dela amaitu. Orain, aldarrikatzen ari gara, legea eskutan hartuta, euskal presoek eskubidea dutela etxerako bidea egiteko. Lege arrunta aplikatuz, preso gehienek kalean beharko lukete, bai baimenak lortuta, bai baldintzapean aske, bai hirugarren graduan. Salbuespen politikak bere hartan segitzen duelako, horrexegatik ez da halakorik gertatu.

Foro Sozialak ere amaitutzat jo du bere jarduera. Nola eragin dezake horrek presoen aldeko mobilizazioan?

Iturbe: Amaiera ekitaldian garbi esan zuten helburu batzuk egintzat jotzen zituztela eta beste batzuk ez. Presoen urrunketak oso argi islatzen zuen egoera bidegabea zela, eta urrunketa bukatu da, baina argi dugu salbuespen legedia amaitzeko bidea egin beharra dagoela oraindik.

Orain arte bezainbeste mobilizatuko zarete aurrerantzean ere, mezu hori gizarteratzeko?

Mundiñano: Guretzat, oinarrizkoa da mobilizazioa, funtsezkoa. Orain arteko lorpenak oso lotuak daude gizartearen mobilizazioarekin: gizarte aktibo bat behar dugu soluzioak eskatzen. Eta hemendik aurrera ere horrela izango da: eragile sozial, sindikal eta politikoekin egongo gara. Adostasunak eta akordioak izango ditugu helburu fase honetan ere, sufrimendua eragiten duten arazo guztiak konponbidean jartzeko.

«Etxera» da Sareren lelo berria, xede berria. Alderdiekin adostasunak lortzea zailagoa izango da orain, helburua urrunketa amaitzea zenean baino?

Iturbe: Etxeratzea legeak dioen bidetik eskatzen dugu; presoek egin ditzaketen pausoetan behintzat oztoporik ez jartzea nahi dugu. Ez gara amnistia eskatzen ari, presoek dituzten eskubideak eta legea aintzat hartuta etxerako bidea egin dezatela eskatzen baizik. Gradu erregresioek oso argi islatzen dute salbuespen lege bat aplikatzen dela oraindik ere, eta horri irtenbide bat ematea dagokigu guztioi, talde politiko, sindikal eta sozialoi. Etxeratzeak gauza naturala beharko luke salbuespen horren oztoporik gabe. Mezu hori denei behar bezala helaraztea lortzen badugu, aurrerapausoak egongo dira. Fase berriak beste zoru bat behar du, baita diskurtsoari dagokionez ere.

Mundiñano: Urrunketa krudela eta bidegabea izan dela esatea politikoki oso zuzena da orain, baina 34-35 urteotan zenbait alderdik eta hedabidek urrunketa politika hori babestu dute. Oso ondo dago denek esatea Euskal Herriratzeak iritsi behar zuela, baina gure mezua ez dezatela nahas: presoak etxeratzea da bigarren fasea, eta legea eskuan hartuta eskatzen dugu, pribilegiorik gabe, inpunitaterik gabe, eta herri honi ekarpen bat egiteko, inertziak eta sufrimenduak atzean gera daitezen.

Zer-nolako kezka eragiten dio Sareri ikusteak aukera dagoela Espainian PPk eta Voxek gobernua osatzeko?

Iturbe: Inoiz ezin da jakin gisa horretako gobernu batek zer egin dezakeen...

Mundiñano: Kezka badago; begien bistakoa da. Gertatu behar badu, aurreratu dezagun ahalik eta gehien hori gertatu aurretik; lor ditzagun ahalik eta hirugarren gradu gehien, ahalik eta baimen gehien, betiere nahi dugun agertoki horretara hurbiltzeko. Espero dezagun ziklo berri hau ez dadila izan amaitu berri dena bezain luzea.

Zenbat preso egongo ziren hirugarren graduan edo egun baino egoera hobean baldin eta salbuespen legea aplikatuko ez balitz?

Iturbe: Euskal presoen %90 inguru egongo lirateke gaur egun etxera bidean, baimenekin eta abar. 33 preso daude gaur-gaurkoz hirugarren graduan, eta, berez, 110ek egon beharko lukete hirugarren graduan, horretarako baldintzak betetzen baitituzte. Dena den, modu batera edo bestera, kolektiboaren gehiengoak kalean beharko luke jada.

Iheslari eta deportatuekin zer? Nola egin beharko litzateke aurrera haiek ere Euskal Herriratzeko?

Mundiñano: Hasteko, haien gaia oso isilean egon da beti, egoerak horrela eskatu duelako, eta ukaezina da aurrera egiteko zailtasunak badaudela. Egia da preso eta iheslarien kolektiboak urratsak egin dituela, bestalde, eta iheslariek beren ekarpena egin zuten, iragarrita Euskal Herrira etortzen hasiko zirela. Baina egoera zaila da, ez baitakite zein den beren egoera juridikoa. Epaileak eskatzen du pertsona aurrez aurre egotea jakiteko zertan den haren ikerketa. Hau da, epaileen traba bat dago iheslarien kasuan ere.

Autokritika egiteko garaia iritsi zaie «besteei», Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak esan berri duenez. Ados zaudete?

Iturbe: Erabat ados. Behin eta berriro, aurrerapausoak alde bakarrekoak izan dira elkarbizitzaren eta konponbidearen bueltan, eta eskaerak eta exijentziak betikoei egiten zaizkie. Norabide bat baino gehiagoko eskubide urraketak egon dira, eta guztiok egin beharko genuke autokritika. Aurrera begirako gizarte bat eraiki nahi badugu, mahai gainean jarri behar da hausnarketa hori ere.

Mundiñano: Guztiok baitugu hemen tartea eta errua autokritika egiteko. Den-dena jarri behar da mahai gainean konponbidea nahi badugu: denok lokatzetan sartu ezean, oso zaila izango da behar bezalako konponbide bat lortzea. Denok jarri behar ditugu bermeak iraganean egon zen indarkeria aroa errepika ez dadin.

Biktimen elkarte batzuek eta zenbait alderdik trukearen teoria elikatzen dute. Alegia, esaten dute Euskal Herriratzeak eta hirugarren graduak zerbaiten truke direla. Zer diozue horri buruz?

Mundiñano: Gauzak nola diren esaten ari gara etengabe, baina batzuek nahiago dute mezua nahastu. Ez dugu ez pribilegiorik ez inpunitaterik nahi: legea betetzea nahi dugu. Badakigu badirela gure mezu argia isiltzeko interesak, maltzurkeriagatik. Aski dela esateko garaia da.

Iturbe: Oso bidegabea da esatea hirugarren gradua ematean pribilegio bat edo inpunitatea ematen zaiela euskal presoei, kontuan hartuta 25-30 urteko espetxe zigorrak bete dituztela. Presoen ia %80k 20 urte egin dituzte kartzelan; horietako asko bakartuta eta lehen graduan. Horrek guztiak ondorio fisiko eta psikologiko larriak izan ditu, jakina. Izugarria da inpunitate hitza hain erraz erabiltzea. Legea betetzea ez da amnistia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.