Memoria historikoa

Aurreskua eta kopla flamenko bat Sevillan, errepresaliatuen Espainiako hezurtegirik handienean

1936ko gerran faxistek hil zituzten 1.786 pertsonaren gorpuzkiak atera ditu Aranzadik hobi komun batetik. Atzo hezurtegi batean sartzen hasi ziren, eta, ekitaldian, Manuel Gerena flamenko kantariak abestu ondoren, Anartz Ormaza Aranzadiko arkitektoak agurra dantzatu zuen.

jon ordonez garmendia
2023ko martxoaren 28a
11:56
Entzun

Atzo hasi zen Sevillako hilerrian Aranzadik hiru urtez egin duen lanaren azken fasea. Espainia hegoaldeko hiri horretako Aranzadiko talde batek 8.000 gorputzen gorpuzkiak atera ditu hobi komun batetik. Espainian hobi batetik inoiz atera den gorpuzki kopururik handiena da. Tartean dira 1936ko gerran errepresaliatu zituzten 1.786 pertsonaren gorpuzkiak, eta atzo hasi ziren horiek hezurtegi batean sartzen, hilerrian bertan. Espainiako handiena da hezurtegi hori ere, eta gorputzak hilobitik atera dituzten Aranzadiko arkeologo eta antropologoek eraiki dute.

Hobian eta hezurtegian lanean aritu den Aranzadiko taldea, atzo, hilerrian. / Aranzadi

Anartz Ormaza Aranzadiko arkitektoak hezurtegiaren diseinuan parte hartu du, eta atzo, modu inprobisatuan bada ere, bere arrastoa utzi zuen azken ekitaldian. Lore eskaintza bukatu eta ia denak joan zirenean, Aranzadiko langileak eta hiruzpalau familia soilik geratu zirenean, Manuel Gerena flamenko kantariak martinete bat abestu zuen hezurtegiaren eta hiru urtez lanean aritu direnen aurrean, lau bertsoko kopla flamenko bat.

Han ziren Juantxo Agirre eta Eider Conde Aranzadiko kideak ere, eta Gerenak bukatu zuenean, Agirrek lekukoa hartzera eta agurra dantzatzera bultzatu zuen Ormaza. «Segur aski, nire bizitza profesionaleko egunik hunkigarriena», zioen Ormazak atzo Twitterren, eta zergatik azaldu du gaur: «Karga sinboliko handiko ekitaldia izan zen, eta arkitekto gisa, ez dugu horrelakoetan parte hartzeko aukera askorik izaten. Familiak oso eskertuta daude», adierazi dio BERRIAri.

Larunbatean joan zen Aranzadiko taldea Sevillara. Hiru urte behar izan dituzte Sevillako Aranzadiko langileek hobi horretan zeuden gorpuzki guztiak ateratzeko, eta 1936ko gerran errepresaliatu zituzten 1.786 pertsonaren gorpuzkiak bereizteko. «Prozesu konplexua izan da, erronka handia», Ormazaren hitzetan. Hasi dira horiei DNA frogak egiten, identifikatzeko, baina oraingoz anonimoak dira. Gorpuzkiak bereizi ondoren, Sevillako hilerrian horientzako hezurtegi bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen Aranzadik. Atzo, hamabost pertsonaren gorpuzkian sartu zituzten.

Sevillan errepresaliatutako 1.786 pertsonaren gorpuzkiak jasotzeko egindako hezurtegia. / Aranzadi

Hezurtegiaren diseinuan parte hartu du Ormazak. «Azaroan aurkeztu genuen udalean, eta gorpuzkiak ateratzen aritu den taldeak berak eraiki du», azpimarratu du Aranzadiko arkitektoak. Egindako lanaren aitortza egiteko dantzatu zien agurra: «Konpromiso handia erakutsi dute. Oso prozesu bizia izan da».

Memoria elkarteetako kideak izan ziren Sevillako hilerrian atzo, 400 inguru. Manuel Gerena ere horietako batekoa da; haren aita fusilatu egin zuten 1936ko gerran. Espainiako hiri horretan, uztailaren 18an altxatu ziren faxistak Errepublikaren aurka, Gonzalo Queipo del Llano buru zela. Haren prentsa arduradun Antonio Bahamondek gero aitortu zuenez, ezkerreko 20.000 pertsona hil zituzten hiri horretan. Hilerriko hobietara 3.000ren gorpuak bota zituztela uste da.

«Oso gertaera gogorrak izan ziren 1936an Sevillan izandakoak: 1.800 pertsona hil zituzten, eta guk gordintasun hori islatu nahi genuen hezurtegian. Berezia da», nabarmendu du Ormazak hezurtegiari buruz. Sevillako hilerriko estetikarekin hausten duela aitortu du, eta horrek zeresana eman duela hirian. «Udalean harridura sortu zuen hasieran. Beste kontzeptu bat da. Ez nuke esango zatarra denik, baina porlana bistan dago. Adierazi nahi genuen horiek ez direla beste nitxo batzuk, eta familiek ere eskertu dute gordintasun hori. Ez zuten zerbait polita nahi, haien sentimenduak azaleratzen zituen zerbait baizik. Deserosotasuna eragin nahi genuen». Horregatik, gorpuzkiak zituzten kutxak ere gardenak ziren. «Gordintasun horren parte ziren».

1936an Sevillan errepresaliatutako baten senide bat, gorpuzkiak dituzten kutxa garden horietako batekin. / Aranzadi

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.