Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak

UPNk eta EH Bilduk izango dute boto gehien Iruñean, EITB Focusen arabera

Gasteizen, Bilbon eta Donostian EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, eta hiruretan EH Bildu litzateke bigarren indarra, inkestaren emaitzak beteko balira.

Cristina Ibarrola UPNren Iruñeko Udalerako hautagaia, artxiboko irudi batean.
Cristina Ibarrola UPNren Iruñeko Udalerako hautagaia, artxiboko irudi batean. Lander Fdz. Arroiabe / foku Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Elkoroberezibar Beloki -

2023ko martxoak 28

Iruñeko Udalerako hauteskundeak UPNk irabaziko ditu, eta EH Bildu izango da bigarren indarra. Hori da EITB Focus taldeak egindako makroinkestaren emaitzetako bat. Atzo aditzera eman zituzten Nafarroako Parlamenturako eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako batzar nagusietarako foru hauteskundeen estimazioak, eta gaur, berriz, udal hauteskundeenak. Iruñean, Cristina Ibarrolaren hautagaitzak hamar zinegotzi eskuratuko lituzke —botoen %31,4—, eta Joseba Asironenak, zazpi —%24,3—. Aurreko udal hauteskundeetan, hamahiru zinegotzi lortu zituen UPNk eta PPk osatutako Navarra Suma koalizioak; aurten bereizita aurkeztuko dira, eta, EITB Focusen arabera, kalte egingo die, UPNk hamar zinegotzi eskuratuko baititu, eta PPk bi.

Irakurri gehiago: UPNk inoizko emaitzarik apalenak izango ditu, EITB Focusen arabera

Makroinkestaren arabera, PSNk lau zinegotzi izango ditu —orain baino bat gutxiago—, Geroa Baik oraingo bi zinegotziak mantenduko ditu, eta Zurekin Nafarroak beste bi eskuratuko ditu. Emaitzak horiek izango balira, PSNren esku egongo litzateke Iruñeko alkatetza Ibarrolaren esku uztea, edo Asironen esku.

Gasteizen, Bilbon eta Donostian, berriz, EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, eta hiruretan EH Bildu litzateke bigarren indarra. Gasteizen, Beatriz Artolazabalen hautagaitzak zortzi zinegotzi eskuratuko lituzke —orain baino bat gehiago—, eta EH Bilduk oraingo sei zinegotziak mantenduko lituzke. Hirugarren alderdia PSE-EE izango litzateke, bost zinegotzi lortuta —bat gutxiago—.

Bilbon, Juan Mari Aburtok eutsiko lioke hegemoniari, EITB Focusen arabera, hamalau zinegotziak mantenduta. EH Bilduko bost zinegotzi izango lirateke, orain baino bat gehiago, eta PSE-EEk bost zinegotziak mantenduko lituzke. Donostian, Eneko Goiaren hautagaitzak 11 eserleku lortuko lituzke —orain baino bat gehiago—, eta Juan Karlos Izagirrek ere zinegotzi bat gehiago eskuratuko luke: zazpi izango lituzke.

Beste zenbait udalerriri ere erreparatu die makroinkestak. Laudion (Araba), EAJk irabaziko lituzke udal hauteskundeak, zazpi zinegotzi lortuta; bigarrena EH Bildu litzateke, oraingo bostak mantenduta. Agurainen (Araba), EH Bilduren eta EAJren arteko aldea oso txikia litzateke. Aurreko bozetan, EAJk lortu zuen gehiengoa, baina, EITB Focusen arabera, EH Bilduk lortuko luke orain. Getxon (Bizkaia), Basaurin (Bizkaia) eta Barakaldon (Bizkaia), EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, baina bigarren indarra ez litzateke bera hiru udalerrietan: PSE-EE litzateke bigarrena Basaurin eta Barakaldon, eta EH Bildu Getxon.

Tolosan (Gipuzkoa), EH Bilduk EAJ gaindituko luke botoetan, baina zinegotzi kopuru bera lortuko lukete, zortzina. PSE-EEk bakarra lortuko luke. Hala ere, PSE-EE izango da garaile, makroinkestaren emaitzen arabera, Irunen (Gipuzkoa) eta Eibarren (Gipuzkoa). Bietan zinegotzi bana galduko lukete, ordea. EAJk bigarren postua mantenduko luke, eta EH Bildu litzateke hirugarrena: Eibarren orain baino zinegotzi bat gehiago lortuko luke, eta Irunen bi gehiago.

Foru hauteskundeak

Atzo jakinarazi zituen EITB Focus taldeak Nafarroako Parlamenturako eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako batzar nagusietarako foru hauteskundeen estimazioak. Horien arabera, UPNk bilduko du boto gehien Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan. Hala ere, inoizko emaitzarik txarrenak izango ditu. PSNk egungo akordioei eutsiko balie, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko oraingo lehendakariak karguan jarraituko luke. EAJk irabaziko lituzke foru hauteskundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. EITB Focusen arabera, gehiengoa indartuko luke hiru lurraldeetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ezker-eskuin, PSNko Maria Txibite eta Ramon Alzorriz, eta Geroa Baiko Pablo Azkona, Uxue Barkos eta Maria Solana. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Maria Txibite: «EH Bildurekin ez dugu gobernu akordiorik egingo»

Joxerra Senar

PSNko hautagaiak Geroa Bairi eta Zurekin Nafarroari adierazi die haiekin osatu nahi duela gobernua. Geroa Baiko kide bat nahi du Barkosek Nafarroako Parlamentuko lehendakari; Txibitek, PSNko bat
Eneko Andueza eta Andoni Ortuzar, artxiboko irudi batean. ©LUIS TEJIDO / EFE

«Lotu gabeko kontu batzuk» geratzen dira EAJ-PSE akordioa ixteko

Iosu Alberdi

Anduezak eta Egibarrek uko egin diote PPrekin gobernu akordio bat egiteko aukerari. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos elkarrekin batzartu dira, «gehiengo aurrerakoi bat» osatzeko asmoarekin
 ©JAIZKI FONTANEDA/ FOKU

«Herritarrek ez dute ulertuko PSEk eta PPk bat egitea»

Edurne Begiristain

Viterok ziurtzat jo du ekainaren 17an Gasteizko Udaleko aginte makila eskuratuko duela: «Guri dagokigu aldaketaren lema hartzea».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.