Osasun sistema

Osakidetzan grebara deitu dute sindikatuek, maiatzaren 18rako eta 19rako

37.000 langile daude deituta grebara. SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dute mahai sektoriala «erabat blokeatuta» dagoela oraindik eta langileek «tratu txar sistemikoa» pairatzen dutela.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek agerraldia egin dute gaur, grebara deitzeko. RAUL BOGAJO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko martxoaren 29a
12:37
Entzun

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek grebara deitu dute Osakidetzan, maiatzaren 18rako eta 19rako. Osasun sistema publikoaren arazoak «egiturazkoak» eta pandemiaren aurrekoak direla zehaztu du Esther Saavedra ELAko ordezkariak, eta «berehalako konponbide sakonak» behar direla horiek konpontzeko. Salatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez duela borondaterik. «Mobilizazioen bidea besterik ez digu uzten». 37.000 langile daude deituta lanuztera. Iaz lau greba egun egin zituzten, baina SME sindikatuak ez zuen parte hartu. Aurtengo otsailean egindako mobilizazioetara batu da, eta maiatzekoa izango da babestuko duen lehenengo greba.

Mahai sektoriala oraindik ere «erabat blokeatuta» dagoela salatu du Saavedrak. Izan ere, sindikatuek bilera bat izan zuten abenduaren 7an Osasun Sailarekin. Ordutik, Osakidetzako Zuzendaritzak behin baino gehiagotan adierazi die bilera horretan planteatutako hainbat gai «sailburuaren esku» daudela. Hori dela eta, Gotzone Sagardui Osasun sailburua deitu dute mahai sektorialean parte hartzera.

Besteak beste, lehen arretako inbertsioa handitzeko exijitu diote Osakidetzari. «Lehen arretako egoera bereziki da larria», azpimarratu du Amaia Mayor SATSEko ordezkariak. Azaldu duenez, «profesionalen faltaren mantra» aitzakia da beste egoera batzuetan justifikatzen «oso zailak» izango liratekeen neurriak abian jartzeko. Mayorrek gogoratu du bere horretan jarraitzen dutela Zumarragako (Gipuzkoa), Deustuko (Bizkaia) eta San Martingo (Araba) EAG etengabeko arreta guneen itxierek eta murrizketek. Bestalde, planteatzen ari dira urte osoan murriztea lehen arretako ordutegia. Orain arte, oporraldietan bakarrik murriztu dute. «Errealitate bat dira medikurik gabe irekitako EAGak», gehitu du.

Langileen «tratu txar sistematikoa» ere jomugan izan du Mayorrek: «Lantaldearen egoera gero eta prekarioagoa da». Horrek berekin dakar, gainera, herritarrei eskainitako arreta ere «prekarioagoa» izatea. Taldearen ia erdia behin-behinekoa da. Bestalde, Mayorrek nabarmendu du lan gainkarga dagoela kategoria guztietan eta lan karteldegietan langileek aldaketak izaten dituztela etengabe. «Osasun Sailak ez du neurri bakar bat ere proposatu lan baldintzak hobetzeko; ez dago profesionalak Osakidetzan mantentzeko edota erakartzeko planik».

Lan baldintza «duinen» aldeko aldarrikapenak

Sindikatuek argi dute zeintzuk diren euren aldarrikapenak. Mayorren arabera, lan baldintza «duinak» lortzeko, ezinbestekoa da etorkizunerako neurriak ezartzea: «Epe ertain eta luzerako neurriak». Besteak beste, lan baldintzak eta hauteskunde esparruak arautuko dituen akordio berri bat sortzeko exijitu dute; 2018-2019ko LEPa ebaztea 2020-2021eko LEPeko azterketa egin aurretik; 2010etik galdutako erosahalmena berreskuratzea; eta urtebetetik gorako behin-behineko kontratu guztiei kodea ematea.

Saavedrak gogoratu du Osakidetzako langileen batez besteko adina 50etik gorakoa dela. «Belaunaldi aldaketa gero eta arazo larriagoa da». ELAko kidearen ustez, egoera ezin da «bere kabuz» konpondu. Eta neurririk hartu ezean, «okerrera» egingo du. Izan ere, gaur egun, erretiroen ondoren, lanpostu asko hutsik geratzen dira; eta bajak eta bestelako absentziak ere ez dituzte betetzen. «Esaterako, planteatzen ari dira Gorlizko [Bizkaia] ospitalearen gisako tokietan senideek pazientei bazkaria ematea, ez dagoelako baliabide nahikorik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.