TELEBISTA

Finalerdiko luzapenak %8,5eko ikusle kuota izan zuen ETB1en, eta %40,4koa La1n

Osasunaren eta Athleticen arteko atzoko partidaren lehen 90 minutuetan, La1ko emanaldiak %36,4ko ikusle kuota izan zuen; ETB1ekoak, berriz, %8,5ekoa. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak dira.

Athletic-Osasuna lehia, atzo. MONIKA DEL VALLE / FOKU
urtzi urkizu
2023ko apirilaren 5a
11:51
Entzun

Ikusmin handia piztu zuen atzo Espainiako Kopako finalerdietako itzulerako lehiak. Finalerako toki bat zuten jokoan Osasunak eta Athleticek. Eta San Mamesen 51.544 futbolzale elkartu ziren partida ikusteko. Milaka izan ziren, era berean, partida telebistaz ikusi zutenak, euskaraz zein gaztelaniaz. Nafarroako daturik ez dago, baina ziurtzat jo daiteke nafar askok ikusi zutela Osasunaren garaipena telebistaz. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, partidako lehen 90 minutuak La1 katean ikusi zituzten 235.000 herritarrek —%36,3ko ikusle kuota—; 55.000 lagunek ikusi zuten euskarazko emanaldia aurreneko 90 minutu horietan, ETB1en —%8,5eko ikusle kuota—. Luzapenean, berriz, 268.000 herritarrek ikusi zuten gaztelaniazko emanaldia, La1n —%40,4ko ikusle kuota—; eta 57.000 lagunek euskaraz —%8,5eko ikusle kuota—.

Joaneko partidan, ETB1en ikusle kuota antzekoa izan zen: %8,4koa. La1 katean, ordea, apalagoa izan zen: %31,1ekoa. Joaneko partida 299.000 herritarrek ikusi zuten: 235.000k gaztelaniaz, eta 64.000k euskaraz. Horrenbestez, herritar gutxiagok aukeratu zuten atzo ETB1 partida ikusteko, martxoaren 1ean baino, joaneko lehiaren egunean.

Ikusle datu onak dira horiek guztiak. Baina duela bi urteko ikusle kuotak handiagoak izan ziren, Espainiako Kopako finalean: Realak eta Athleticek jokatu zuten 2021eko finala, eta %21,9ko ikusle kuota izan zuen ETB1en, eta %51,7koa Tele5n. Biak batuz gero, %73,6ko ikusle kuota bereganatu zuen Sevillan (Espainia) jokatutako partida hark —astelehenean bete ziren bi urte final hura jokatu zenetik—. Euskaldunen artean, %39,7k ikusi zuten ETB1en.

Espainiako Kopako finalerdietako datu batzuekin alderatzeko, 2020koak hartu daitezke erreferentziatzat –orduan lortu zuten Realak eta Athleticek finalera sartzea–: joanekoan, Athletic-Granada partidak %46,5eko ikusle kuota lortu zuen –400.000 herritarrek ikusi zuten finalerdia, osorik, telebistaz–; Reala-Mirandes partidak, berriz, %36,4ko ikusle kuota izan zuen (285.000 ikus-entzule).

Osasunaren finala ETBn

Maiatzaren 6an jokatuko du Osasunak Espainiako Kopako finala, Sevillan (Espainia). Bartzelona edo Real Madril izango du aurkari —bi talde horien arteko itzulerako partida La1 kateak emango du, gaur, 21:00etan—. Finala, bestalde, TVEk eta ETBk emango dute. Izan ere, ETBk otsailaren bukaeran akordioa lortu zuen Espainiako telebista publikoarekin, finalerdiak eta finala emateko.

Duela hemezortzi urte, 2005ean, Osasunak Betisen aurka jokatu zuen Espainiako Kopako finala, Madrilen. Orduko hartan, ETB1ek eta Tele5k eman zuten finala. Lehiaren kontakizuna Juanan Legorburuk eta Juan Antonio Larrañagak egin zuten euskarazko katean. Final hark %42,7ko ikusle kuota izan zuen Tele5n, eta %14,2koa ETB1en. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak dira horiek, betiere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.