Albistea entzun

Erretretaren erreforma

Alferrikako bilera Matignonen

Frantziako sindikatuek uko egin diote beste gaiei buruz hitz egiteko Borne lehen ministroak egin dien eskaintzari. Erretretaren erreformaren aurkako hamaikagarren protesta eguna izango da gaur

Laurent Berger (CFDT) eta Sophie Binet (CGT), atzean Elisabeth Borne lehen ministroa dutela.
Laurent Berger (CFDT) eta Sophie Binet (CGT), atzean Elisabeth Borne lehen ministroa dutela. BERTRAND GUAY / efe Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko apirilak 5

Ordubete iraun du bilerak, baina minutu bakar batekin nahikoa zuten Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak eta zortzi sindikatuen buruak jakiteko alferrik ari zirela. Parisko Gobernuak elkarrizketa sozialari ekin nahi dio, baina itxi egin du sindikatuei gaur egun interesatzen zaien gai bakarra, pentsioen erreformarena eta, bereziki, erretretaren adina 62 urtetik 64 urtera ez atzeratzea. Baldintza horietan, gorren arteko elkarrizketa izan da gaur goizean Parisen egindakoa.

Korapiloa hilaren 14ean aska daiteke, orduan emango baitu Frantziako Kontseilu Konstituzionalak erreformari buruzko epaia. Ez da espero epaileek erreforma oso-osorik baliogabetzea, baina baliteke artikulu batzuk atzera botatzea, Gizarte Segurantzaren finantzaketarekin lotura zuzena ez dutelako, hala nola, langileei buruzko kontratuak eta enpresek adineko langileen erregistro bat eduki behar izatea.

Presioari eusteko, protesta deitu dute biharko sindikatuek, hamaikagarrena urtarrilean mobilizazioak hasi zituztenetik. Baionan, 10:30ean hasiko da manifestazioa, tren geltokian.

Binet, aurpegi berria

Batere itxaropenik gabe joan dira Matignonera Frantziako zortzi sindikatuetako buruzagiak. Haien artean izan da aurpegi berri bat, Sophie Binet CGTko buru berriarena. Espero ez zen aurpegia, Binet ez baitzen faborito Phillippe Martinez ordezkatzeko Frantziako sindikatu handienetan bigarrena den horretan. Martinezek beste emakume bat zuen buruan bera ordezkatzeko, Marie Buisson, baina amore eman behar izan zuen, CGTko batzarkideek arbuiatu egin baitzuten bere kudeaketa txostena.

Martinezi egin zaion kritika nagusia da erretretaren erreforman CFDT sindikatu moderatuarekiko batasuna hobetsi duela, ildo gogorrago bat hartu beharrean.

Edonola ere, lehen ministroarekin bildu ondoren Bineten ahotik entzundakoa izenpetu zezakeen Martinezek ere: «Bilera alferrikakoa izan da [...] Gobernuak egoera azken muturrera eramateko estrategia hautatu du, bortxazkoa eta arduragabea. Gobernuak du desordenaren erantzukizuna».

Intersindikalaren jarrera laburtu du Cyril Chabanier CFTCko presidenteak: «Lehen ministroari esan diogu irtenbide demokratiko bakarra [erretretaren erreformaren] testua atzera botatzea dela. Lehen ministroak erantzun digu testuari eusten diola; erabaki larria da. Ez dugu gaia itxitzat jo nahi, eta, gobernuak nahi duen moduan, beste gai batzuena ireki, hala nola guztiontzako enpleguarena eta aberastasunaren banaketarena».

Gobernuak arnasa behar du

Hain zuzen ere, gai horiei heldu nahi die Borneren gobernuak, eta horrela berreskuratu nahi du azken bi hilabete eta erdiko protesta jendetsuek higatu dioten kapital politikoa.

Arnasa kosta ahala kosta behar du gobernuak, eta horregatik, gaur sindikatuen ezezkoa jaso arren, bilera baliagarria izan dela ziurtatu du Bornek. «[Erretretaren] adinari buruzko desadostasunek sakonki ezer eztabaidatzea eragotzi diguten arren, nik uste dut bilera garrantzitsua izan dela. Sindikatuak prest daude aurrerago gai horiei buruz mintzatzeko, eta esan diet gobernuak eta nik ez dugula aurrera egingo gizarte eragilerik gabe».

Hori baita Emmanuel Macron presidentearen promesa: aurrerantzean ez da erreformarik egingo norbaiten babesik gabe. CFDT sindikatu moderatua dute buruan Macronek eta Bornek. Haren idazkari Laurent Bergerrek onartu egin du «gai garrantzitsuak» dituela esku artean gobernuak, baina horiei buruz hitz egiteko giroak baretu behar duela gehitu du. Eta baretzea, bere iritziz, «testua ez aplikatzea da».

Gizarte eragileen babesa ez ezik, oposizioko alderdiena ere behar du gobernuak ezer aurrera atera nahi badu. Haiekin ere bilera sorta abiatu du Bornek, legealdi osorako ez bada, gai zehatzei buruzko adostasuna bilatzeko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Anbulantzia geldirik, igandean istripua izandako Lantziegoko upategi txikiaren aurrean. ©RAQUEL MANZANARES / EFE

Azken hiru urteetan lau pertsona hil dira itota Arabako upategietan

Imanol Magro Eizmendi

Igandeko Eltziegoko istripuan pozoitu zen hirugarren pertsona ondo dago. Anbulantziak iristeko ordubete behar izan zuela salatu dute. 2020an antzeko kasu bat egon zen Lapuebla de Labarcan

Volkswagenek ekoitzitako autoak, lantoki aurreko aparkalekuan ©VW Nafarroa

Absentismoa, produktibitatea eta lehiakortasuna hobetu behar direla dio VWek

Joxerra Senar

Hurrengo lan itunaren negoziazioan, urriaren 19ra bitarte beste sei bilera egitea proposatu du.

Lanbide indartzea nahi duela dio EH Bilduk. Irudian, Lanbideren bulego bat, Gasteizen. ©Jaizki Fontaneda / Foku

EH Bilduren ustez, Lanbide indartzea izan behar da Enplegu Legearen xedea

Irune Lasa

Koalizioak 50 zuzenketa aurkeztu dizkio lege proiektuari. Enplegu politika pasiboen faltan, legea mugatua izango dela dio. Lanbide zuzenbide publikoko erakunde publiko bihurtzearen kontra dago EH Bildu.

Rosarito eta Marian Ibaeta, erdiko biak, dendaren atarian. / ©Endika Portillo, Foku

Betikoek itxi dute atea, betiko

Jone Arruabarrena, Gipuzkoako Hitza

Merkataritza txikia indarra galtzen ari da; horren erakusgarri da azkenaldian pertsianak betiko jaitsi dituzten denda txikien ugaritzea. Fenomeno horren beste aldean dago frankizien eta saltoki handien etengabeko ugaritzea, hori guztia globalizazioarekin lotuta. Gipuzkoan ere nabarmena da aldaketa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.