Makroekonomia

Nazioarteko Diru Funtsak «laino itxi» baten pean ikusten du munduko ekonomia

Uste du inflazioa ez dela maila normalagoetara jaitsiko 2025. urtera arte, eta beldur da finantza sisteman agertutako arazoak ez ote diren banku gehiagotara hedatuko.

Kristalia Georgieva NDFko zuzendaria, atzo, Washingtonen. SHAWN THEW / EFE
Iker Aranburu.
2023ko apirilaren 11
15:04
Entzun

Gutxi iraun dio baikortasunak NDF Nazioarteko Diru Funtsari. Urtarrilaren amaierako txostenean uxatu egin zuen atzeraldiaren mamua, eta handitu egin zuen hazkunde iragarpena. Bi hilabete eta erdi geroago, kezka adierazten duten metaforak baliatu ditu egoera deskribatzeko. Besteak beste, esan du «ekonomia inguratzen duen lainoa» aurrekoetan baino «itxiago» ikusten duela.

Hau da, uste du egoerak okerrera egiteko arriskua handiagoa dela hura hobetzeko aukera baino. Bi arrazoi nagusi aipatu ditu funtsak: batetik, inflazioa jarduera ekonomiko gehienetara hedatu da, eta kostatuko zaio apaltzea; bestetik, AEBetako bi bankuren porrota sektore osora hedatzeko arriskua dago.

Berez, tonua aldatu da gehien NDFren mezuan, datuetan ez baita iraultza handirik gertatu azken txostenekoekin alderatuz. Funtsak hamarren bat apaldu du munduko ekonomiaren hazkunde iragarpena 2023rako —%2,8raino—, baita 2024rako ere —%3raino—.

Funtsak ohartarazi du kopuru horiek txikiagoak izango direla baldin eta finantza sektorean arazoak zabaltzen badira: %2,5 2023an; «2001eko moteltze globalaren ondoren izandako hazkunderik apalena da, 2020ko COVID-19aren hasierako krisia eta 2009ko finantza krisia kenduz gero».

Eurogunea, %0,8

Aurreikuspenen okertzeak batez ere Latinoamerikari, Ekialde Hurbilari, Asia Erdiari eta Afrikari eragiten die. Herrialde aberatsen aurreikuspenak, ordea, hobetu egin ditu NDFk. Eurogunea %0,8 haztekoa da —hamarren bat gehiago—, eta, haren barruan, Espainiak hobetu ditu gehien perspektibak, %1,5eko hazkundea izatea espero baitu NDFk (+0,4). Frantziarena ez du aldatu (%0,7) eta Alemaniarena bi hamarren hobetu duen arren, herrialdeak ez dio izkin egingo atzeraldiari (-%0,1).

Atzeraldian sartuko da Erresuma Batua ere (-%0,3), baina aurretik espero baino apalagoa izango da. Atzeraldirik ez du espero Errusiarentzat (%0,7), baina bai, ordea, Ukrainarentzat (-%3).

Hazkunde apal horren arrazoietako bat inflazioa da, herritar gehienen erosteko ahalmena apaltzen duelako, baina baita prezioen gorakada horri aurre egiteko banku zentralek interes tasak bizkor igo dituztelako ere. Oro har, NDF ados dago banku zentralen ildo gogorrarekin, baina adi egoteko eskatu die, «tresna guztiak erabili beharko baitituzte egoerak hala eskatuko balu».

Funtsak uste du inflazioak iaz jo zuela goia (%8,7 munduan), baina onartu du apur bat baizik ez dela jaitsiko (%7), lehengai merkeagoek bultzatuta. Baina ohartarazi du azpiko inflazioa motelago jaitsiko dela, eta, ondorioz, ez du espero inflazioa maila arruntagoetara itzultzea gutxienez 2025. urtera arte. Horrek ezinbestean esan nahi du maileguak ez direla asko merkatuko hurrengo bi urteetan bederen.

Eurogunean, %5,6ko inflazioa espero du aurten NDFk, eta %3koa datorren urtean, baina pentsatzekoa da apalagoa izango dela Euskal Herrian, Espainiari %4,3ko inflazioa eman diolako aurten, eta %5ekoa Frantziari.

Hiperinflazioa

Baina datu horiek askoz okerragoak dira munduko beste eskualde pobreago batzuetan, eta, ondorioz, askoz kalte handiagoa egingo diete beharrik handiena duten herritarrei. Horrela, Afrikan inflazioa %14,5etik %14ra soilik da apaltzekoa aurten, eta %10,5era datorren urtean. Muturreko kasuen artean daude Sudan (%71,6), Ghana (%45,4) eta Etiopia (%31,4).

Baina, ohikoa denez, inflazioaren markak Hego Amerikan hautsiko dira, hango herrialde batzuetan oso sustraituta baitago. NDFren aurreikuspenak betez gero, okerrera egingo dute hiperinflazioaren biktimek, hots, Venezuelak (%400) eta Argentinak (%98,6).

Berri onen artean dago hazkunde apala izanik ere lan merkatuaren egoera ez dela okertuko. Eurogunean %6,8ko langabezia tasa izan zen batez beste aurten, eta ehuneko hori bera espero du NDFk hurrengo bi urteetarako ere. Frantzian hamarren bat da haztekoa aurten —%7,4raino— eta hiru hamarren murriztekoa Espainian —%12,6raino—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.