Konbustioko autoen emisio irizpideak gogortuko dituen Euro 7 araua 2025ean sartuko da indarrean. Auto elektrikoen produkzioranzko moldaketaren erdian harrapatuko du auto industria, eta hark azken hilabeteetan araua atzeratu dadila eskatu dio Bruselari. Ahots bat gehiago batu zaio: Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariarena.
Izan ere, Volkswagenen Iruñeko lantokiari ere bete-betean eragingo dio araudiak. Landabenen, datorren urtean hasiko dira auto elektrikoren produkziorako obrak, eta, trantsizio horretan, fabrika Euro 7 araura egokitu beharko da halaber. Bi aldaketa handi horien eraginez, VWek langileen batzordeari jakinarazi dio 2025etik 2026 erdialdera inguru produkzioa erdira murriztu beharko dela.
Horrek lanpostuetan izan dezakeen eraginaren jakitun, Nafarroako ordezkaritza bat Bruselan izan da.
Maria Txibiterekin batera, Michael Hobusch VW Navarra-ko presidentea, Evelyn Stroehle giza baliabideetako arduraduna eta Roberto Lanaspa Nafarroako Automozio Klusterreko presidentea izan dira. Mark Nicklas Mugikortasun unitateko buruarekin batzartu dira.
Txibiteren arabera, bileraren emaitza «nahiko baikorra» eta emankorra izan da. Nafarroako Gobernuko lehendakariak Euro 7 araudiak enpleguan izan ditzakeen ondorioez ohartarazi dio, batik bat Nafarroan. «Ez dugu zalantzan jartzen araudia bera, hura ezartzeko denborak baizik».
Izan ere, 2025ean sartuko da indarrean eta Txibitek eskatu dio beste bi urtez atzeratu dezala, 2027ra. Auto industriaren eskaerekin bat eginez, Europako beste zenbait eskualdetako agintariek ere antzeko mezua helarazi diote Europako Batzordeari.
Txibiteren arabera, VWi arazoak eragingo badizkio ere, moldaketa handi horri aurre egiteko gai izango da, baina harentzat lan egiten duten autogintzako enpresa txikiek eta ertainek arazo gehiago izan ditzakete: «Garrantzitsua da eraldaketa guztiok enpleguarekin batera egitea, bestela ez garelako gai izango egiteko».
Roberto Lanaspak gaineratu du bideragarria dela Euro 7 atzeratzea, bederen urtebete. Pozik azaldu da euren azalpenak entzun direlako eta espero du ondorioak izatea. Europako Batzordeak bere proposamena helaraziko dio Europako Parlamentuari eta negoziazio horiekiko baikor azaldu da.