Albistea entzun

Enplegua

Langabezia tasak %8,7ra egin du gora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Eustaten arabera, urteko lehen hiruhilekoan 2.100 egin zuen behera landunen kopuruak.

BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko apirilak 21 11:44

Urte hasierak ez dira oso onak izaten lan merkatuarentzat, eta aurten ere ez da horrela izan, Eustaten Biztanleria Jardueraren Arabera sailkatzeko inkestaren arabera. Horrek dioenez, 2023ko lehen hiruhilekoan 92.100 langabe zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2022ko azkenekoan baino 2.300 gehiago. Horrenbestez, langabezia tasak bi hamarren egin du gora, %8,7raino.

Antzeko jaitsiera izan du landunen kopuruak. 960.800 izango lirateke, hiru hilabete lehenago baino 2.100 gutxiago.

Eustaten arabera, langabezia handiagoa da emakumeen artean, baina aldea ez da langabezia erregistratuaren datuek diotena bezain handia. Horrela, Eustaten inkestan 45.100 dira gizon langabeak (%8,3) eta 47.000 emakumeak (%9,3). SEPEren datuekin, berriz, ia sei langabetik bat da emakumea. Oro har, SEPEk langabe gehiago zenbatzen ditu (109.192, martxoaren amaieran). Gizarte Segurantzaren datuetan ere Eustatenetan baino 35.000 langile gehiago azaltzen ziren martxoan: 994.655.

Eustatek berak gogorarazi du bere inkestan langabe agertzen direnen %38,7 ez daudela langabe moduan erregistratuta Lanbiden, eta litekeena dela enplegu eskatzaileen beste kategoria batzuetan egotea.

Bilbon, Donostian halako bi langabe

Baina badira antzekotasunak Eustaten hiruhileko inkestaren eta hileroko datu erregistratuen artean. Bietan argi dago Gipuzkoan daudela langabe gutxien (%7), eta urrun samar dituela Araba (%8,8) eta Bizkaia (%9,8). Aldea are nabarmenagoa da hiriburuen artean: Donostian %5 daude lanik gabe, eta hor halako bi Bilbon (%10,2) eta Gasteizen (%9,4). Langabezia askoz txikiagoa da Espainiako herritartasuna dutenen artean (%7,2) ez dutenen artean baino (%22,1).

Azken horiek jada landunen %9 dira, eta haien artean askoz handiagoa da jarduera tasa (%70,4) Espainiako herritartasuna dutenen artean baino (%55,1), gehienak lan egiteko adinean dauden herritarrak direlako, eta oso erretiratu gutxi daudelako haien artean.

Gazteen langabezia ere askoz handiagoa da adineko langileena baino. 16 eta 24 urte artekoen artean, bostetik bat dago lanik gabe, baina hamarretik bat dira hurrengo adin tartean (25-44 urtekoak); 45 urte eta gehiago dutenen artean, %6,8 dira langabeak.

Guztira, 908.200 etxegune edo familia unitate daudela dio Eustaten inkestak, eta horietatik heren batean ez dago pertsona aktiborik (erretiratuak dira). Familiako kide guztiak lanean dituzten unitateak 528.600 dira (aktiboak dituztenen %88) eta 32.200 familia unitateetan denak daude langabezian (%5,4).

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

AURPEGIRIK GABEKO UGAZABA

Imanol Magro Eizmendi

Langileen datuekin elikaturiko algoritmoak eta adimen artifiziala bete-betean sartu dira lan harremanetan. Zein langile hartu, zein kaleratu eta halako erabakiak programa informatiko baten ondorioen menpe egon daitezke. Ikerlariek diote haien ustezko objektibotasuna ez dela erreala.
Langile bat eskuak aurpegian dituela, atsekabe keinua egiten, ordenagailuaren aurrean. ©CCO

Ostikada digitalaz kaleratuak

Iñaut Matauko Rada

Mezularitza tresna berrien bidezko kaleratzeak ugaritzen ari dira azkenaldian, eta sindikatuetako zerbitzu juridikoek nabarmendu dute modu hori ez dela legezkoa.
 ©CCO

Deskonexio digitala, langileen eskubidea

Iñaut Matauko Rada

Mundu hiperkonektatu honetan, gero eta zailagoa da etengabeko interakziotik ihes egitea. Hegoaldean, 2018ko eskubide digitalen lege organikoak dio langileek eskubidea dutela lanetik kanpoko deiei eta mezuei ez erantzuteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...