Bizi baldintzak
Hegoaldeko hamar herritarretik batek ezin du etxea berotu
Batez besteko errenta %5etik gora handitu zen iaz Hegoaldean. Pobrezia arriskuan daudenen kopurua pixka bat apaldu da.

Bizi baldintzei buruz INE Espainiako Estatistika Institutuak urtero argitaratzen duen inkestak erakusten du herritar pobreenen egoerak pixka bat okerrera egin zuela 2022. urtean.
Datu esanguratsu bat da handitu egin zela etxea «tenperatura egokian» mantentzerik izan ez zutenen kopurua —Euskal Herrian, uler daiteke hilabete hotzetan etxea berotzerik ez dutenak direla horiek—. Gasaren eta argindar garestiaren ondorioz, 2022. urtean ia hamarretik batek ez zuen hori egiterik izan: %9,7 Nafarroan (%5,5 2021ean), eta %9,3 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%7,2).
Era berean, bi puntu handitu zen iaz astebeteko oporrak etxetik kanpo egiterik izan ez zutenen kopurua: %18,7 dira EAEn, eta %24,7 Nafarroan.
Aparteko gastuei aurre egiteko gai ez direnak ere pixka bat ugaritu dira: %21,5 dira Nafarroan, eta %18,7 beste hiru lurraldeetan.
Edonola ere, gutxitu egin ziren etxebizitza gastuak (hipoteka, alokairua, argindarra...) ordaintzerik ez dutenen kopurua —%5,7 EAEn, eta %9,3 Nafarroan—, baita bi egunean behin haragia edo arraina jaterik ez zutenen kopurua ere —%3,5 Nafarroan, %2,4 EAEn—.
Errenta, %5etik gora
Inflazio handiak negoziazio kolektibo gogorra eragin zuen, eta horren ondorioz soldatak igo egin ziren, kasu askotan prezioen azpitik izan bazen ere. Ondorioz, biztanleko batez besteko errenta 883 euro (+%5,7) igo zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —16,427 euro urtean—, eta 701 euro Nafarroan (+%4,6) —15.970 euro—. Inflazioa, berriz, %5,6koa izan zen urte amaieran.
Pobrezia arriskuan dauden herritarren kopurua, oro har, murriztu egin zen, baina ez modu homogeneo batean. AROPE indizearen arabera neurtuta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %15,7 daude pobrezia eta bazterkeria arriskuan (%16 ziren, 2021ean), eta %14,5 Nafarroan (%14,7, 2021ean). Pobrezia larria jasaten dutenak ugaritu egin dira Nafarroan (%3,4tik %5,6ra), eta gutxitu beste hiru lurraldeetan (%4,6tik %3,7ra).
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.