GERRA UKRAINAN

Moskuk AEBei egotzi die Kremlineko bonbardaketaren atzean egotea

Zelenskik adierazi du Ukrainak ez diola eraso egiten ez Moskuri, ez Putini. AEBetako 'think tank' baten arabera, Kremlinek berak antolatu zuen leherketa

Bi militar Kremlineko eraikinaren parean, atzo, Moskun. EFE
Igor Susaeta.
2023ko maiatzaren 4a
14:25
Entzun

«Washington dago erasoaren atzean, badakigu». Hori esan du Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak gaur, eguneroko prentsaurrekoan, atzo goizaldean Kremlinen gertatu zen bonbardaketaz galdetu diotenean. Vladimir Putin Errusiako presidentea droneak erabiliz hiltzen ahalegindu izana leporatu dio Moskuk Ukrainari. Kievek, baina, ukatu egin du, eta Errusiari egotzi dio gertaera hori bera bultzatzea, modu horretan Ukrainari eraso egiteko aitzakia bat izango duelakoan. Volodimir Zelenski presidenteak berak adierazi du gaur Ukrainak ez diola eraso egiten ez Moskuri, ez Putini. Peskoven esanetan, baina, AEBetako Gobernuak «eraso terroristak» egiteko hartutako erabakiak «aplikatzera» mugatzen da Kiev. John Kirby AEBen Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko bozeramaileak ukatu egin du: «Zerikusirik ez dugu».

Gertatutakoaren harira, Errusiako Gobernuak ez du frogarik erakutsi. Eta Institute for the Study of War AEBetako think tank-a areago joan da, eta esan du Errusiako Gobernuak berak antolatu zuela droneekin egindako bonbardaketa. «Gertatutakoa gerra Errusiako audientziara eramateko ahalegin bat da, modu horretan mobilizazio sozial zabalago baterako baldintzak ezarri ahal izateko», nabarmendu du ohar batean. Think tank-aren arabera, aireko defentsa sistemak indartzeko neurriak hartu zituen Errusiak duela ez asko, eta, orduan, «ia gertagaitza» iruditzen zaio bi dronek aireko defentsa sisteman hainbat geruza zeharkatu izana. Errusiako Gobernuak jakinarazi zuen Putin ez zegoela Kremlinen, Moskuren aldirietan duen egoitza batean baizik.

Ikusi gehiago: Putin hiltzen ahalegindu izana egotzi dio Moskuk Kievi

Bien bitartean, Errusiak Kievi eraso egin dio berriro, goizaldean; azkeneko lau egunetatik hirutan bonbardatu dute hiriburua. Ukrainako iturri ofizialek adierazi dute, ordea, jaurtitako droneek ez dutela ez biktima zibilik eragin, ez ezinbesteko azpiegiturarik txikitu. Kieven arabera, Errusiak jaurtitako 24 droneetatik hemezortziri eten diete bidea aireko defentsa sistemek. Herrialdeko beste eskualde batzuetan ere sirena hotsak entzun dira. Kievek jakinarazi du, aldi berean, Errusiaren bonbardaketen ondorioz 23 zibil hil zirela atzo Kherson hirian.

Bestalde, Erresuma Batuko Gobernuaren inteligentzia zerbitzuek azpimarratu dute Errusiaren erregai biltegi batzuei azkeneko egunetan egindako erasoek Mosku behartu dezaketela «doikuntzak» egitera tropak erregaiz hornitzeko operazioetan. Joan den larunbatean, 40.000 tona biltzeko gaitasuna zuen biltegi bat txikitu zuen drone batek Sebastopolen, Krimeako penintsulan —2014an anexionatu zuen Errusiak Ukrainako lurralde hori—. Kievek ez zuen bere gain hartu gertatutakoa, baina esan zuen «Jainkoaren zigor bat» zela, Errusiak bezperan Ukrainako zenbait hiri bonbardatu zituelako.

Ikusi gehiago: Krimeako erregai biltegi bat erasota «zigortu» du Ukrainak Errusia

Aintzat hartu behar da, era berean, atzo beste erregai biltegi bati ere eraso ziotela Volna hirian, Krimeatik gertu, Kertxeko itsasartearen inguruan, eta Errusiak salatu duela Krasnodar eta Rostov eskualdeetako bi petrolio findegi bonbardatu dituztela.

Zelenski, Hagan

Errusiak Ukrainan egin dituen «krimenak zigortzeko» auzitegi berezi bat sortu behar dela esan du Zelenskik gaur. Eta Ukrainako presidenteak NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiaren egoitzan egin du eskaera hori, Hagan (Herbehereak). «Vladimir Putin Errusiako presidentea hemen zigortu behar dute bere ekintza kriminalengatik», adierazi du. Segurtasun arrazoiak argudiatuta, Zelenski ezustean iritsi da Herbehereetara, Finlandiatik; atzo hango presidente Sauli Niinistorekin batzartu zen, eta gaur Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroarekin bildu da.

Aintzat hartu behar da Hagako auzitegiak Putin atxilotzeko agindua eman zuela martxo erdialdean, haurrak Ukrainatik Errusiara behartuta deportatzeagatik gerra krimen bat leporatuta. Nolanahi ere, Errusia ez da organo horretako kidea, eta, orduan, ez dago behartuta auzitegiarekin kolaboratzera. Zelenskiren hitzetan, «eskubide osoko» auzitegi batek soilik bermatu ditzake «justizia eta bake iraunkorra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.