Turkiako hauteskundeak

Botoak irabazteko neurri espresak

Azken urtean gora egin du Erdoganen sostenguak, baina ez da %45era iristen. Boto emaileen %10ek ez dakite zer egingo duten.

Recep Tayyip Erdoganen aldeko jarraitzaileak, Istanbulen. ERDEM SAHIN, EFE
2023ko maiatzaren 11
15:00
Entzun

Duela aste batzuk, Erdoganek iragarri zuen zenbait neurri ekonomiko indarrean sarraraziko zituela berehala, eta hori mesedegarri samarra izan zaio gero inkestetan, parlamenturako bozetako boto asmoan gora egiten lagundu baitio. Presidenteak iragarri zuen herritarrek hilabetez doan izango dutela gasa, eta urtebetez gas faktura murriztuko dietela. Horrez gainera, lanpostu publikoak ugaritu ditu, milaka irakasle funtzionario bihur zitezen, eta milioi bat pasatxo langileri modua eman die erretiro aurreratua hartzeko.

TEAMeko inpaktu sozialaren ikerkuntzako nagusi Ulas Tolek dio Erdogani mesede egin diotela neurri ekonomiko espres horiek. «2022ko maiatzean izan zuen onarpenik txikiena: %38raino jaitsi zitzaion, krisi ekonomikoaren eraginagatik. Harrezkeroztik, hobera egin du, baina izugarrizko arazoak ditu oraindik», azaldu du. «Bozetara begira egin dituen mugimendu populisten ondorioz, jendeak gehiago sinetsi du Erdoganek kontrolpean duela egoera, eta inork konpon badezake hark konpon dezakeela, baina ez da gai %45etik gora egiteko: %40-45eko babesa du», ohartarazi du.

Seren Sevil Korkmaz analistak, Instapol ikerketa institutuaren kofundatzaileak, uste du boto gutxi batzuengatik irabaziko duela hurrengo presidenteak, eta hiri handietan aldatuko dela gehien botoa aurreko hauteskundeekin konparatuta. «Kontuan hartu behar dira faktore ekonomikoak, baina baita demografikoak eta identitateari dagozkionak ere. Uste dut hiri handietan gehiago aldatuko dela botoa, krisiak gogorrago jo dituelako metropolialdeak», esplikatu du Korkmazek. «Hirietako udalak, ordea, oposizioaren esku daude; hortaz, baliteke jende askok pentsatzea oposizioak ez diela bizimodua aldatu, eta baliteke horiek berriz ere Erdogan hautatzea», erantsi du.
Bi adituak bat datoz boto emaileen %10-15ek ez dakitela zer egingo duten hauteskundeetan, ez dituela konbentzitzen ez gobernuaren proposamenak eta ez oposizioarenak, baina, bozak gerturatu ahala, gero eta gutxiago dira horiek. Nolanahi ere, inkesten arabera, ez Erdoganek eta ez Kiliçdarogluk ez dituzte eskuratuko botoen %50, eta, beraz, berriz ere izango dira aurrez aurre bigarren itzulian.

Kurduen babesa

Kiliçdarogluren proposamena babestu dutenen artean dago ezkerreko koalizio nagusia ere, Lanaren eta Libertatearen Aliantza, HDP buru duena, kurduen aldeko alderdi ezkertiarra, gaur egun parlamentuko hirugarren indarra dena. Kiliçdaroglu modu inplizituan babesteko ekitaldi batean, HDPk ez zuen hautagairik aurkeztu, eta, duela gutxi, eskatu du Erdoganen oposizioko hautagaiari emateko botoa. HDP auzitan dago, alderdi hori ixteko eskatu baitute, «terrorismoarekin» lotura duelakoan; hori dela eta, Ezkerreko Alderdi Berdea izena hartu du (YSP) parlamenturako bozetara aurkezteko.

HDPk boto kopuru bertsua izan ohi du beti, %11 inguru, eta hark Kiliçdaroglu babestea hil edo bizikoa izan liteke. Kurduek, urteetan, gobernuaren errepresioa sufritu dute, eta krisi ekonomikoa ere pairatu behar izan dute, eta, orain, egunotan, milaka kurduk beren hirietan hartu dute Kiliçdaroglu. Haren mitin politikoetan, batzuek turkiar ultranazionalisten sinboloa egiten dute eskuekin; eta beste batzuk, berriz, kurdu ezkertiarrak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.