Inflazioa

Elikagaien garestitzea eten egin da apirilean

Hala ere, iaz baino %12,7 garestiago daude. Azpiko inflazioak 0,7 puntu egin du behera, eta %6,8ra jaitsi da. Inflazio orokorra handitu egin da berriz, %4,2raino, energien prezioengatik.

Bilboko Erriberako merkatua. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko maiatzaren 12a
10:01
Entzun

Prezioak bere onera etortzen hasiak dira, oraindik normaletik urrun badaude ere. Apirilean, bereziki janarian nabaritu da prezioen garestitzea eten dela. Hainbat hilabetez, ia etengabea izan da goranzko joera, baina, lehenengo aldiz, jakien prezioen igoerak behera egin du Hego Euskal Herrian.

INE Espainiako estatistika erakundeak ostiral honetan emandako datuen arabera, elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak aurtengo apirilean ez dira garestitu iazkoan bezainbeste. Orduan, martxotik apirilera 2,4 puntu igo ziren, eta aurten 3,1 puntu jaitsi dira. Dena den, iazko apirilean baino %12,7 garestiago daude.

2021eko urritik izugarri igo dira jakien prezioak: orduko %1,4tik egungo %12,7ra. Eta ia etenik gabe egin dute gora hilabetez hilabete —salbuespen bakarra iazko azarotik abendura gertatu zen, 0,2 puntu jaitsita—. Dena den, datozen hilabeteetarako ez da jaitsiera nabarmenik aurreikusten, elikagaien inflazioa %12ren bueltan mantentzea espero baita. Gainera, badira kezkarako motibo batzuk, bereziki lehortearen arrisku gero eta nabariagoa; horrek lehengai eta elikagai ugari garestitzea ekar dezake.

Apiril honetan jakien prezioen igoeran izan den etenak eragin nabaria izan du azpiko inflazioan —zeinak ez dituen kontuan hartzen erregaien eta jaki freskoen prezioak—. Martxoko %7,5etik %6,8ra jaitsi da. 2021eko maiatzeko aurreneko aldia da behera egiten duena. Orduan %0,5ekoa izan zen. Dena den, oraindik oso goian jarraitzen du azpiko inflazioak.

Baita inflazio orokorrak ere. Martxoan jaitsi bazen ere, apirilean berriz ere egin du gora, zortzi hamarren, %3,4tik %4,2ra. Energien prezioa da igoera horren gakoa.

Energiaren paradoxa

Gaur egungo prezioen igoerak iazko apirilekoekin alderatzen dira, eta aurten ez dira iaz bezainbeste merkatu. Erregaien kasuan, Espainiako Gobernuak iaz erregai litroari emandako deskontuak —hogei eta 25 zentimo artekoa— nabarmen jaitsi zituen prezioak iazko apirilean —%8,1 egin zuten behera—, eta halakorik ez da gertatu apiril honetan. eta iaz baino merkago daude, -%3,9. Hego Euskal Herrian, batez beste, 1,677 euro kostatu da gasolina litroa apirilean, eta 1,535 gasolioa. Deskontua kontuan hartuz gero, duela urtebeteko antzeko prezioak dira.

Halaber, argindarra, gasa eta ura ez dira merkatu 2022ko apirilean merkatu ziren adina; orduan %32,1 egin zuten behera eta aurtengo hil berean -%23,8. Gainera, martxotik igo egin dira berriro: erregaiak 4 puntu eta etxeko energiak 7 puntu.

Elikagaiak, garesti oraindik

Oinarrizko beste produktu batzuek, elikagaiek bereziki, oso garesti jarraitzen dute oraindik, eta, kontsumitzaile elkarte batzuek salatu duten moduan, ezerezean geratu da urte hasieran Espainiako Gobernuak horietako batzuei BEZa kendu izanaren eragina.

Dena den, lagundutako produktuen artean, lekaleak eta barazkiak %4 merkatu dira martxoarekin alderatuta, baina iazko apirilean baino %6,4 garestiago daude oraindik. Ogiaren prezioak ere behera egin du hilabete batetik bestera, %0,6, baina iaz baino %9,8 garestiago dago. Esnea ia ez da garestitu azken hilabetean (%0,008), baina oso handia izan azken hamabi hilabeteetako igoera (%27,8).

Fruta freskoa izan da hilabete batetik bestera jaitsierarik handiena izan duen elikagaia, %4,9koa, eta iaz baino %0,9 merkeago dago.

Gainerako oinarrizko jakiak beste behin garestitu dira apirilean, baina aurreko hilabeteetan baino gutxiago. Olioaren prezioa %0,7 igo da martxotik apirilera, eta urte batetik bestera gehien garestitu den produktuetako bat da, %15,4. Antzera gertatu da arrautzekin: %1,3ko igoera martxotik, %13,3koa iaztik. Pataten prezioa beste %1,5 igo da, eta %19,3ko igoera bat pilatu du azken urtean.

Azukrea da gehien garestitu den produktua, alde handiz, gainera: %62,5 iaztik. Apirilean beste koska bat egin du gora: %1,1.

Haragien kasuan, txerrikiek izan dute igoerarik handiena martxotik apirilera: %2,5, baina aurreko hilabeteetan izan txikiagoa da. Dena den, iaz baino %18,8 garestiago daude. Behikietan ez da ia igoerarik izan, %0,2koa martxotik apirilera, eta %5koa iaztik. Antzera hegazti okelarekin, %0,1 eta %6,8 hurrenez hurren. Ardikia %1,2 merkatu da azken hilabetean, baina %11,7 garestiago dago.

Arrain fresko eta izoztuak %3,3ko igoera izan du apirilean, eta %9,2koa iaztik.

Europan baino hobeto

Datozen hilabeteei begira, aurreikusten da inflazio orokorrak beheranzko joera hartzea, iaz apiriletik aurrera eta bereziki maiatzetik ekainera erregaien eta etxeko energien prezioak dezente garestitu baitziren; %8tik gora.

Hego Euskal Herrian 25 hilabete pasatu dira jada inflazioak Europako Banku Zentralak gomendatutako % 2a gainditu zuenetik. Dena den, Europako Batasuneko inflazio txikienetako bat du; EBko batezbestekoa %7 da, Hego Euskal Herrikoa baino 2,8 puntu handiagoa. Inflazio tasarik handienak Letoniakoa (%15), Eslovakiakoa (%14), Lituaniakoa (%13,3) eta Estoniakoa (%13,2) dira. Apiril honetan, inflazioa bi hamarren jaitsi da Alemanian, %7,6raino, baina igo egin da Frantzian –bi hamarren, %6,9ra–, Italian –zazpi hamarren, %8,8ra–, eta Herbehereetan 1,4 puntu, %5,9ra.

Egoera horrek bultzatu du EBZk beste behin interes tasak igotzera, AEBetako erreserba federalak egin duen bezala. Aurrekoetan baino igoera txikiagoak izan diren arren, ohartarazi dute gehiago ere igoko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.