Albistea entzun

Suitza

Suitzako herri bat hustu behar izan dute, mendi bat gainera erortzear duelakoan

Datozen zazpi-hogei egunetan, bi milioi metro kubo harri amiltzea litekeena dela uste dute geologoek. Klima larrialdiarekin lotu dute luizia azkartu izana

Brienzherria, eta haren gaineko Brienzer Rutsch mendia, joan zen asteartean.
Brienzherria, eta haren gaineko Brienzer Rutsch mendia, joan zen asteartean. GIAN EHRENZELLER / EPA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Edu lartzanguren -

2023ko maiatzak 12

Suitzako herrixka bukoliko bat: belardi malkartsuak, behiak eta ahuntzak bazkan, eta atzean mendi eder bat. Arkadia hutsa ematen du, baina infernu petrala bilakatu da hango biztanleentzat. Agintariek gaur gauera arte eman diete Brienz herriko bizilagun guztiei handik ateratzeko. Izan ere, azterketa geologiko guztien arabera, litekeena da herriaren ondoan dagoen mendia laster erortzea, bi milioi metro kubo harri aldapan behera bidaltzea, eta herria azpian hartzea.

Ehun biztanle baino ez ditu herriak, eta haientzat etxeak utzi behar izatea gogorra bada ere, ez da ustekabea izan. Izan ere, azken boladan mendia 36 metro mugitu da urtero. «Espero dugu datozen egunetan edo asteetan amiltzea herrirantz», esan du Christian Gartmann Albula udaleko krisi batzordeko buruak. Udal horretako parte da Brienz (Ez nahastu Bernako kantoian Brienz lakuaren ondoan dagoen izen bereko herriarekin).

Azken egunotan, hainbat herritar aritu da ondasunak, altzariak, eta abereak, ibilgailuetan sartzen, herritik aterako. Gunerik arriskutsuenak aspaldi dituzte hesituta agintariek.

Herritar guztiak gaur gauerako kanpoan egotea espero duela esan du Daniel Albertin herriko alkateak.

Brienzeko herritarrak, informazio bilkura batean, asteazkenean. Hor esan zieten ostiral gauerako herria hustu beharko zutela. GIAN EHRENZELLER / EFE

Geologoen arabera, %60ko aukera dago mendia harri txikietan amiltzeko eta herria ez ukitzeko. Baliteke, era berean, arrapaladan erori beharrean, harrizko luizi geldo gisa mugitzea. Baina, kalkulatu dutenez, %10eko arriskua dago mendi osoa batera eta supituki jausteko. Hori gertatuz gero, litekeena da herria hondatzea edo erabat suntsitzea.

Izotz arotik mugitzen

Adituek azaldu dutenez, azken Izotz Arotik ari da mugitzen mendia, baina azken egunotan ikusi dute asko azkartu dela luizia. «Zazpi-hogei egun barru bi milioi metro kubo harri erori edo irristatuko dira», esan dute agintariek.

Aspaldikoa da arazoa, baina adituek adierazi dute azken urteotan azkartu izanak lotura zuzena duela klima larrialdiarekin. Izan ere, Suitzako glaziarrek izotzaren %6 galdu dute uda honetan. Inoiz ez dute horrenbeste egin atzera. Iaz eginiko neurketen arabera, azken mendean bolumenaren erdia galdu dute Suitzako glaziarrek.

Azaldu dutenez, tenperaturek gora egin dutenez, mendi askotako magaletako harriak beren lekuan itsasgarri gisa mantentzen zituen izotza urtzeak areagotu egin du halako luiziak gertatzeko arriskua.

Lehen ere gertatu dira halakoak herrialdean.

Eiger mendiak eman zuen abisua 2006. urtean: harkaitz puska handiak erori ziren handik, eta hainbat mendi bide itxi behar izan zituzten, mendizaleentzako arriskua saihesteko.

Baina larriena 2017. urtean gertatu zen: Bondo herriaren erdia azpian hartu zuen luizi batek. Zortzi pertsona hil ziren. Brienz barruti berean dago, Graubuendenen.

Italian ere pairatzen ari dira klima larrialdiarekin loturiko antzeko arazoak. Joan zen uztailaren 3an, herrialdeko iparraldeko Dolomita mendietako Marmoladako glaziarraren zati bat jausi zen, Punta Rocca tontorretik gertu. Denera, hamaika mendizale hil eta beste zortzi zauritu zituen izotz eta harri jauziak. Orduan, 200.000 metro kubo material jausi zen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ainu etniako hainbat kide dantza tradizional bat egiten, Kimitsu mendietako egoitza batean, Tokiotik 60 kilometrora, artxiboko argazki batean. ©E. K. BROWN / EFE

Hokkaidoko indigenen susperraldia

Josep Solano

Ainu herriak gutxienez bi mila urte daramatza Japonia iparraldeko eta Asia ekialdeko uharteetan; baina Tokioko gobernuak orain aitortu du komunitateak «hizkuntza, erlijio eta kultura propioak» dituela.

Volodimir Zelenski, herenegun, agerraldi batean. ©EFE

Zelenskiren arabera, Ukrainako indarrak kontraerasorako prest dira

Igor Susaeta

Ukrainako presidenteak adierazi du uste duela «arrakastatsua» izango dela. Beste hiru lagun hil dituzte Errusiako Belgorod eskualdean

Protestak Tbilisin, hegaldiak berrezarri zituztenean. ©ZURAB KURTSIKIDZE / EFE
Ezbeharra Balasore hiriko geltokian, drone batetik hartutako irudian. / ©Indiako Hondamendien Bulegoa - EFE

Gutxienez 288 pertsona hil eta 800 zauritu dira Indian, tren istripu batean

Jon Ordoñez Garmendia

Trena bat bidetik atera da eta beste tren batek jo du ondoren. Mende honetan Indian izan den tren istripu larriena izan da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...