Hauteskundeak

Berrindustrializaziorako plan bat proposatu du PSNk

Sektore ekonomikoekin eta sindikatuekin biltzeko prest agertu da Maria Txibite, industriaren eraldaketarako beharrak identifikatzeko «puntako sektore ekonomikoa izaten jarrai dezan»

Ramon Alzorriz, Hector Gomez, Elma Saiz eta Jose Luis Arasti, Maria Txibite entzuten. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2023ko maiatzaren 13a
14:23
Entzun

Hector Gomez Espainiako Industria ministroa, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaria, eta Elma Saiz Iruñeko alkategaia alboan zituela, PSNko lehendakarigai Maria Txibitek industria eraldatzeko plan bat bultzatuko duela iragarri du, hauteskunde kanpainako bigarren egunean.

Parlamentuaren aurrean eta PSNren egoitza gertu zuela, Txibitek azpimarratu du trantsizio ekologikoaren eraldaketa eta digitalizazioa direla industriak aurre egin beharreko bi erronka nagusiak. Horietara egokitzen laguntzeko prest azaldu da, gobernura ailegatuz gero. «Berrindustrializazio plan bat proposatzen dut, industriak lehiakorra izaten jarrai dezan eta sendo aurre egin diezaien erronka horiei».

Sindikatuekin eta sektore ekonomikoekin mahai bat osatu nahi du PSNk: «Hitzartu ditzagun enpresen beharrak eta eraldaketa horretan zer neurritan lagun dezakeen gobernuan». Horrekin batera, prestakuntza arloko beharrak ere aintzat hartu behar direla nabarmendu du, «enpresek beharko dituzten profil berri horietarako prest» egon daitezen lanbide heziketako ikasleak.

Legealdi amaieran, Nafarroako Gobernuak hainbat inbertsio garrantzitsu iragarri ditu, eta orain kanpainan, inbertsioak laguntzeko beharra azpimarratu du. «Azken hilabeteetan inbertsioak aurkeztu ditugu Nafarroa osoan, lurralde kohesioak ere zerikusia duelako berrikuntza artoko proiektuekin eta inbertsioekin, lanpostuak sor ditzaten Nafarroako zonalde guztietan», aipatu du Txibitek.

Gaineratu duenez, berrikuntzaren eta ikerketa eta garapenaren arloetan enpresen inbertsioa sustatzen eta laguntzen jarraituko dute, zerga kenkarien bidez. «Enpresa nafarrak lehiakorrak izatea nahi dugu, balioa sor dezaten. Enpresei lagunduko diegu inbertitzera, berritzera, eraldatzera eta batik bat iraunkorrago izatera», esan du Txibitek.

Saiz, Iruñeko merkataritzaz

Agerraldi horren ondotik, Elma Saiz Iruñeko alkategaiak gogora ekarri du bidezko markataritzaren nazioarteko eguna dela. Ekonomia eta Ogasun departamenduan egin duen lana Iruñeko Udalera eraman nahi du eta azaldu du udal gobernura iritsiz gero garapen ekonomikoaren atala bere gain hartuko duela, «hiriaren zutarri bat delako».

«Herritarren babesa jaso eta alkate izendatuz gero», bere gain hartu nahi du zeregin hori. «Funtsezkoa da Iruñea egungo geldialditk ateratzea eta ez soilik merkataritza arloan». Belaunaldi berriek garai bateko negozioak bere gain hartzeko zailtasunak dituztela izendatu du, kasu.

Turismoari ere erreparatu dio. «Urteko 365 egunetan irekirik den kartela izan behar du Iruñeak». Nafarroako Gobernuaren eskutik, turismoaren sustapenean» laguntzeko prest azaldu da. Turismo hori iraunkorra izan behar duela gaineratu du. «Turismo iraunkor horren alde apustu egiten duen Europako funtsak ditugu erreminta moduan».

Garapen ekonomikoan, Iruñea geldi ikusten du eta bultzada behar duela azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.