Albistea entzun

GERRA UKRAINAN

Errusiak Kiev bonbardatu du, berriro

Ukrainaren arabera, maiatzean hiriburuaren aurka egindako zortzigarren erasoa da. Hiru pertsona zauritu ditu. Kievek esan du aireko defentsa sistemek hemezortzi misil erorarazi dituztela, baina Errusiaren bertsioa bestelakoa da.

Suhiltzaileak, gaur, Kieven, bonbardaketak eragindako sute bat itzaltzen.
Suhiltzaileak, gaur, Kieven, bonbardaketak eragindako sute bat itzaltzen. EFE

Igor Susaeta -

2023ko maiatzak 16 18:25

Errusiako indarrek Kiev bonbardatu dute goizaldean. Ukrainako iturri ofizialen arabera, hil honetan herrialdeko hiriburuari airez egindako zortzigarren erasoa izan da, eta «ezohiko intentsitatea» eduki du. Ez da hildakorik egon, baina bonbardaketak hiru zauritu eragin ditu gutxienez. Ukrainaren esanetan, Moskuk droneak, gurutzaldi misilak eta misil balistikoak jaurti ditu itsasotik, lurretik eta airetik.

Armadak ordu batzuk geroago jakinarazi duenez, baina, aireko defentsa sistemek sei misil supersoniko, bederatzi gurutzaldi misil eta hiru misil balistiko erorarazi dituzte. Iturri horrek ez du zehaztu non suntsitu dituzten. Errusiako Atzerri Ministerioak nabarmendu du, ordea, Mendebaldeak Ukrainari emandako Patriot defentsa sistema bat suntsitu dutela misil balistikoek; hau da, batak eta besteak plazaratutako bertsioak kontrajarriak dira. Kremlinek adierazi du erasoak helburu militarrak zituela, eta bonbardaketek horiek jo dituztela.

Eraso horiek, hain zuzen, Volodimir Zelenskik Europan bira bat egin ondoren heldu dira. Ukrainako presidentea Italiako eta Erresuma Batuko lehen ministroekin, Alemaniako kantzilerrarekin eta Frantziako presidentearekin batzartu da azken egunetan, eta denek laguntza militarra agindu diote. Zelenskik gerra hegazkinak eskatu dizkie, gainera.

Ikusi gehiago: Putinek AEBei esan die Patriot misilen aurkako «antidotoa» topatuko duela

Eta gerrako fronte nagusian, Donetsk eskualdeko Bakhmut hirian, hura konkistatzeko ahaleginean «pixkanakako aurrerapausoak» ematen jarraitzen dute Errusiako indarrek, Erresuma Batuko Defentsa Ministerioak Twitterreko bere kontuan zabaldu duenez. Wagner talde paramilitarrarekin ari da Mosku han borrokan, eta horren buru Jevgeni Prigozhinek Telegramen argitaratu duen bideo batean azpimarratu du Ukrainako soldaduen erresistentzia «oso gogorra» dela. Horren harira, Erresuma Batuko zerbitzu sekretuek azaldu dute indar horiek «aurrerapauso taktikoak» eman dituztela azkeneko lau egunetan.

Ez dago argi zer balio estrategiko duen Bakhmutek, baina bi aldeak joan den uda amaieratik ari dira han borrokan. Wagnerreko mertzenarioekin ari da Mosku, eta horien buruzagitzaren eta Kremlinen arteko ika-mikak oso ohikoak dira. Prigozhinek Sergei Xoigu Defentsa ministroari egotzi dio behar adina munizio ez ematea, eta, duela bi aste, Bakhmutetik erretiratzeko mehatxua egin zion.

Ikusi gehiago: Asteazkenean Bakhmutetik ateratzeko mehatxua egin dio Wagnerrek Moskuri

Arma nuklearrez

Zenbat buru nuklear dituen jakinarazteari uko egin dio Errusiak. Atzo gauean, AEBetako Estatu Departamentuak ohar baten bidez adierazi zuen kontinente arteko 662 misil dauzkala hedatuta, eta, 1.419 buru nuklear eta 800 jaurtigailu dituela guztira. Errusiari eskatu zion, bide batez, datu horiek plazaratzeko, baina, gaur, Sergei Riabkov Atzerri ministrordeak Errusiako behe ganberan esan du ez dutela halakorik egingo. Aintzat hartu behar da Moskuk START Berria akordioa eten zuela otsailean. Errusiak eta AEBek 2010ean sinatu zuten itun hori, arma nuklearrak kontrolatzeko.

Eta gerrarekin berarekin lotuta, Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak adierazi du Zelenski eta Vladimir Putin Errusiako presidentea prest daudela «Afrikako liderrak» hartu eta haiekin eztabaidatzeko gatazkari irtenbide bat nola eman. Singapurko lehen ministro Lee Hsie Loongekin egindako agerraldi batean eman du horren berri.

Bestalde, Ukrainako Auzitegi Goreneko presidente Vsevolod Kniazev atxilotu dute, eroskeria leporatuta. Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzaren buru Oleksandr Omeltxenkek eman du horren berri, prentsaren aurrean, eta gaineratu du auzitegi horretako beste epaile batzuk ere ikertzen ari direla kasu horrekin lotuta. Tokiko hedabideek Polizia iturriak aipatuta kaleratutako informazioaren arabera, Kniazevek 2,4 milioi euro inguru jaso ditu, eroskeria baliatuta.

NATOrentzako dirua

2014an, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ontzat jo zuen aliatuen gastu militarra estatu bakoitzeko BPG barne produktu gordinaren %2 izatea gutxienez. Aliatuek konpromiso hori berretsi zuten iaz, baina, Alemaniako Ifo institutuak gaur kaleratutako ohar baten arabera, blokea osatzen duten 31 herrialdeetatik 11k gastatzen dute ehuneko hori baino gehiago, eta gehienak ekialdeko kideak dira: Errusiatik eta Ukrainarik gertuen daudenak, alegia.

«Mendebaldeko herrialdeek neurriz handitu dute defentsako gastua», nabarmendu du institutuak. Alemaniak, esaterako, BPGaren %1,6 jarriko du horretarako, eta, 31 herrialdeen artean, ekarpenik handiena egiten dutenetan hamazazpigarrena izango da. Beste datu bat: AEBen ekarpena aintzat hartu gabe, NATOko kideek beren BGParen %1,8 jarriko dute defentsarako, batez beste.

Poloniak baliatuko du ehunekorik handiena 2023an: %4,3. AEBak dira bigarrena (%3,3), Grezia hirugarrena (%3,1), eta Baltikoko bi herrialde datoz jarraian: Estonia (%2,9) eta Lituania (%2,6). Finlandia kide berria da seigarrena (%2,4), eta ondoren datoz Hungaria eta Errumania (%2,3), Erresuma Batua eta Letonia (%2,2) eta Eslovakia (%2).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gustavo Petro Kolonbiako presidentea, Miguel Diaz-Canel Kubakoa eta Antonio Garcia ELNren lehen komandantea, gaur, Habanako agerraldian ©Kolonbiako Presidentetza

ELNk eta Kolonbiako Gobernuak aldebiko su etena adostu dute

Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor

Menia abuztuaren 3an sartuko da indarrean, eta urte erdi iraun beharko luke. Akordioak gizarte zibilaren parte hartzea jasotzen du negoziaturikoak arrakasta izateko.

Gerhard Kraner Austriako Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, atzoko bilkuran, Luxenburgon ©JULIEN WARNAND / EFE

EBko estatu kideek 30.000 asilo eskatzaile banatzea adostu dute

Ander Perez Zala

Barne ministroek migrazio eta asilo legeak erreformatzea lortu dute. Zigorrak gogorragoak dira: ukaturiko iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte.

Donald Trump, duela hiru asteko argazki batean ©EFE

Trump inputatu dute, Mar-a-Lagoko sekretupeko dokumentuengatik

Igor Susaeta

AEBetako presidente ohiaren defentsaren arabera, zazpi delitu federal egozten dizkiote; besteak beste, justiziari traba egitea, konspirazioa, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak atxikitzea

Belarra eta Diaz elkarrekin, iazko ekainean. ©EFE

Podemos ere Sumarren barruan aurkeztuko da hauteskundeetara

Igor Susaeta

Ione Belarrak nabarmendu du Montero «sakrifikatzeko» eskatu diela Diazek, eta «bidezko akordio bat» galdegin du. Koalizioak erregistratzeko epea bukatu baino ordu batzuk lehenago aurkeztu dute. Podemosek zortzi diputatu eskuratzeko aukera izango du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...