GERRA UKRAINAN

Gerra hegazkinak emateko promesa «hasiera on bat» da, Zelenskiren esanetan

Erresuma Batuaren arabera, Herbehereekin adostu du nazioarteko koalizio bat sortzea, Ukrainari F-16 abioiak emateko. Kieven esanetan, aurten eratuko dute.

AEBetako gerra hegazkin batzuk, hango armadak Ozeano Atlantikoan duen gerraontzi batean. EFE
Igor Susaeta.
2023ko maiatzaren 17a
12:40
Entzun

Mendebaldeak aurrera jarraitzen du Ukrainako gerra koskaz koska estutzen. Nahiz eta hilabete batzuk lehenago esaten zuen ez zuela urrats hori egingo, urtarril amaieran onartu zuen Ukrainako armadari erasorako tankeak ematea. Eta, orain, ateak guztiz zabaldu dizkio gerra hegazkinak entregatzeari, Erresuma Batuak atzo gauean jakinarazi baitzuen adostu duela Herbehereekin nazioarteko koalizio bat sortzea Kievi molde horretako abioiak emateko, F-16ak hain zuzen. Eta Volodimir Zelenski pozik agertu da. Izan ere, hilabeteak daramatza eskaera hori egiten. «Koaliziorako hasiera on bat da. Eskerrik asko guztioi», nabarmendu zuen Ukrainako presidenteak atzo, gauero plazaratu ohi duen diskurtsoan, eta erantsi Frantziak ere babesten duela planteamendu hori. Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroak hango hedabide batean adierazi duenez, aurten sortuko dute koalizioa, eta nabarmendu du F-16ak direla beren «lehentasuna», baina ez dituztela bestelako ereduak baztertzen.

Zelenskik berak Europan bira bat egin du azken egunetan, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialdeen laguntza militar handiagoa biltze aldera. Frantziak, Italiak, Alemaniak eta Erresuma Batuak adierazi zioten behar beste denboraz babestuko dutela, eta Londresek iragarri zuen, gainera, irismen luzeko misilak emango dizkiola Ukrainari. Iazko otsailean inbaditu zuen Errusiak Ukraina, eta aintzat hartu behar da Kievi arma astunak ematea zeharkatu ezinezko marra gorritzat zeukatela aliatuek ondorengo hilabeteetan.

Ikusi gehiago: Ukrainako armadari tankeak ematea adostu du Mendebaldeak

Baina gerra luzatu ahala, iritziz aldatuz joan dira, oro har, Mendebaldeko herrialdeak. Joe Biden AEBetako presidenteari urtarril amaieran galdetu zioten ea mahai gainean ote zegoen Ukrainari gerra hegazkinak ematea, eta «ez» erantzun zuen, irmo. Pare bat aste geroago, Erresuma Batuak iragarri zuen hasiko zela Ukrainako pilotuak NATOren «teknika estandarretan» entrenatzen, eta Mendebaldeko aliantza militarrak berak azpimarratu zuen ez zela marra gorri bat Kievi gerra abioiak ematea.

Horren guztiaren ondorio da Downing Streeteko 10. zenbakiak erabakia iragartzeko atzo gauean kaleratutako oharra. Europako Kontseilua Islandian egiten ari den goi bileran lehen jardunaldia bukatu eta gero zabaldu zuen. «Lehen ministroak eta Rutte lehen ministroak [Mark, Herbehereetakoa] adostu dute elkarrekin lan egingo dutela nazioarteko koalizio bat sortuz Ukrainari aireko borrokarako gaitasuna emateko. Babes osoa jasoko du: formakuntzarekin hasi, eta F-16 hegazkinak emateraino». Ruttek berak txio bat idatzi zuen ondoren, eta esan Sunakekin hitz egin zuela auziaz; ez zuen zehaztapenik egin, ordea. Poloniako presidente Andrzej Dudak jakinarazi du jada, hango hedabideen arabera, ez duela F-16rik entregatuko, «nahiko gutxi» dituztelako.

Ikusi gehiago: Erresuma Batuak irismen luzeko misilak emango dizkio Ukrainari

Ukrainako presidentea aspalditik ari da gerra hegazkinak eskatzen. Lehengo astelehenean, Sunakekin bildu zenean, eskaera hori egin zuen, argudiatuz orain dituzten abioiekin ezin dutela «zerua kontrolatu». Izan ere, hegazkin horiek ez dute Errusiako armadak dituenen gaitasunik —Sobietar Batasuneko garaikoak dira—, eta, gainera, ale gutxiago ditu Ukrainak. Guztira 3.000 bat F-16 hegazkin daude 25 herrialdetan erabiltzeko moduan.

Aditu militar batzuek azken hilabeteetan zenbait hedabidetan adierazi dutenez, hegazkin horiek edukitzeak abantaila emango lioke Ukrainari, baina, eraginkortasunez jokatzeko, beharko lituzke, gainera, horietatik jaurtitzeko misil indartsuak, baita helburuei buruzko informazioa ere. Ohartarazi dute, nolanahi ere, mugimendu horrek berekin ekar dezakeela gerra Ukrainako mugetatik harago eramatea. Oraingoz, Polonia eta Eslovakia izan dira hegazkinak entregatu dizkioten bakarrak, baina 28 abioi horiek ez dituzte hobetzen Ukrainako armadak dituenen ezaugarriak.

Ikusi gehiago: Irtenbidea militarra izatearen arriskuez

Bestalde, Reuters berri agentziak jaso duenez, AEBetako funtzionario batek adierazi du Patriot aireko defentsa sistemari kalte egin diotela Errusiak atzo goizaldean jaurtitako misilek. Iturri horren beraren arabera, Washington eta Kiev hitz egiten ari dira erabakitzeko nola konpondu. Errusiak atzo esan zuen sistema hori suntsitu zuela. Ukrainak, ordea, ukatu egin du. Horrekin lotuta, Kievek adierazi zuen Errusiak jaurtitako sei misil supersoniko erorarazi zituela, baina Errusiako Defentsa ministro Sergei Xoiguk ukatu egin du, gaur.

Zerealen akordioa

Errusiak, Ukrainak, Turkiak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak Itsaso Beltzean barrena zerealak esportatzeko sinatutako akordioaren indarraldia bihar bukatzen da, eta, gaur, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak beste bi hilabetez luzatuko dutela iragarri du, AKP Justiziaren eta Garapenaren Aldeko Alderdiaren ekitaldi batean. Hain justu, handik ordu gutxira heldu da Moskuren baieztapena, Errusiako Atzerri ministro Maria Zakharovaren bidez. Haren esanetan, akordioa luzatzeak munduko elikagaien segurtasuna bermatzen lagunduko du, «batez ere behar gehiena duten herrialdeen mesederako». Halere, Atzerri ministroak gogorarazi du zerealen akordioa hitzartzeko egon diren «desorekak» ahalik eta lasterrena zuzendu behako liratekeela.

Moskuk behin baino gehiagotan ohartarazi du itunetik aterako dela, iruditzen baitzaio bere nekazaritza produktuen esportazioei jarritako oztopoak mantentzen direla. Eskatu du, era berean, nazioarteko ordainketak egiteko SWIFT sistema erabiltzeko aukera eduki dezala berriro Errusiako Nekazaritza Bankuak.

Iazko otsailean Errusiak Ukrainan hasitako inbasioaren ondoren laboreen irteerari ezarritako blokeoa kentzea du asmo itunak. Joan den uztailean izenpetu zuten, eta bi aldiz berritu dute: azaroan lau hilabetez; eta joan den martxoaren 18an bi hilabetez. Ez dago argi zer gertatuko den Errusiak ateratzea erabakitzen baldin badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.