Gerra Ukrainan

Ukrainako armadari tankeak ematea adostu du Mendebaldeak

AEBek 31 Abrams eta Alemaniak hamalau Leopard 2 Kievi entregatzea erabaki ondoren, gerra beste fase batean sartzekoa da. Berlinek espero du tankeak hiru bat hilabete barru iristea gerra frontera

Ukrainako armadari tankeak ematea adostu du Mendebaldeak.
Igor Susaeta.
2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea aspalditik ari zitzaien esaten Mendebaldeko herrialdeei tankeak bidaltzeko. Azkeneko asteetan, Alemaniak fabrikatutako Leopard 2 tankeak eskatu ditu, zehatz-mehatz. Izan ere, horien 2.000 ale baino gehiago daude Europan. Orain gutxira arte zuhur jokatu dute aliatuek eskaera hori dela eta, baina AEBek nabarmendu zuten, aurreko ostiralean, Errusiaren aurkako borrokan Ukrainari laguntza militarra emateko orduan ez dela «mantsotzeko» garaia, «harago» joatekoa baizik. Beraz, Alemaniak eta AEBek iragarri zuten, atzo, tankeak entregatuko dizkiotela Ukrainari: hamalau Leopard 2 Berlinek, eta 31 Abrams Washingtonek.

Aliatuen presio diplomatikoak bultzatu du Berlin erabakia hartzera, eta, bide batez, Ukrainara tankeak eramateko baimena eman die Leopard 2 motakoak dituzten beste herrialdeei —lizentzia akordioen arabera, herrialde ekoizlearen oniritzia behar da horretarako—. Finlandiak, Suediak, Norvegiak, Poloniak eta Espainiak, kasurako, Kievi batzuk emateko asmoa agertu dute. Zelenskiren hitzetan, «tanke asko» behar dituzte Errusiako indarrei aurre egiteko. Ukrainako gerra, hortaz, beste fase batean sartzear da, behin Mendebaldeak hara borrokarako ibilgailu blindatuak eramatea adostu ondoren.

Ikusi gehiago:Alemaniak atea ireki dio bere baimenik gabe Leopard 2 tankeak Ukrainara bidaltzeari

Boris Pistorius Alemaniako Defentsa ministroak atzo adierazi zuen espero duela Leopard 2 ibilgailuak hiru bat hilabete barru iristea Ukrainara. Argitu zuen, bide batez, tankeen mantentze lanerako beharrezko ekipamendua emango diotela Ukrainako armadari, eta soldaduek, aurrena, formakuntza jasoko dutela Alemanian bertan. Joe Biden AEBetako presidenteak ere jakinarazi zuen asmo bera dutela, baina soldadu ukrainarrak ez dituzte AEBetan trebatuko, beste herrialde batean baizik.

Etxe Zuriko maizterra prentsaren aurrean mintzatu zen, eta azpimarratu zuen Abrams motakoak direla «gaitasun handiena» duten tankeak, baita erabiltzeko «oso zailak» ere. Azaldu zuen, gainera, denbora beharko dutela horiek gerra frontera eramateko —AEBek esan zuten lehengo astean orain ez zutela horiek mobilizatzeko asmorik—. Bidenen esanetan, erabaki dute justu 31 ematea, kalkulatuta hori dela Ukrainako armadaren tanke batailoi baten baliokidea. Ukrainako armadak ez ditu tanke asko, eta dituenak, gainera, Sobietar Batasunaren garaikoak edo hori desegin ondorengoak dira.

Ikusi gehiago:Alemaniaren ustez, aliatuek defentsan aritu beharko lukete Ukrainan, ez erasoan

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak erabakiaren berri emateko Bundestagean egindako agerraldian azpimarratu zuenez, hautu hori egin dute «nazioarteko bazkideekin koordinatuta». Aintzat hartu behar da Erresuma Batuak hartu duela Challenger tankeen hamalau ale Ukrainara bidaltzeko konpromisoa, eta Frantziak ez duela baztertzen bere armadako Leclerc tankeak mobilizatzea.

«Irabazten» laguntzeko

Errusiak militarki azkeneko hilabeteetan hartu dituen erabakiei erreparatuta, Ukrainako agintariek pentsatzen dute Kremlin erasoaldi bat prestatzen ari dela. Orduan, Kievek kalkulu bat egin du: NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko 300 bat tanke behar dituztela Errusiak hartutako lur guztiak berreskuratzeko. Mendebaldeko zenbait adituk azken asteetan plazaratu dutenez, ordea, ehun bat nahikoa izango lirateke.

Eta erasorako arma gehiago nahi ditu Ukrainak. Joan den astean F-16 gerra hegazkinak eskatu zituen Zelenskik, eta Oleksii Reznikov Defentsa ministroaren aholkulari batek atzo Reuters albiste agentziari esan zion hori dela hurrengo pausoa.

Ikusi gehiago:Zer dira Leopard-ak?

Gerra dialektikari eutsiz, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak adierazi zuen tanke horiek Ukrainarentzat lagungarriak izan daitezkeela «defendatzeko eta irabazteko». Errusiak Alemanian duen enbaxadore Sergei Netxaievek ohartarazi zuen, berriz, erabakia «bereziki arriskutsua» dela, gatazka «beste maila batera» eramango dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.