Miresmenez eta kariñoz

Joan Mari Irigoien zendu delako notiziak erreakzio soka luzea eragin du ziztuan. Batik bat, ibilbide profesionalean harengandik hurbil izan direnek irmo goraipatu dute haren lana. Oro har, miresmen eta esker mezuak dira nagusi.

Joan Mari Irigoien, 2015ean ateratako irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko maiatzaren 17a
16:57
Entzun

74 urterekin hil da Joan Mari Irigoien idazlea (Altza, Donostia, 1948), baina urteetan ondutako literatur obra ez da nolanahi iraungiko. «Obra miresgarria ekarri zion euskal literaturari eta bizipoza zabaldu zuen beti ingurukoen artean», adierazi du arestian Elkar argitaletxeak, idazlearen heriotzaren berri izan bezain pronto, «atsekabez». Irigoienek argitaletxe horretan lanean eman zituen hogei urtetik gora, eta, hain zuzen ere, haren gerizpean plazaratu zituen lan gehienak.

Literatur munduan «konplize» izandako kideak ere hasiak dira erreakzioak plazaratzen. Euskal Idazleen Elkarteko kideek Irigoien «idazle handia eta pertsona hobea» zela nabarmendu dute. Hala nola Mariasun Landa; kariñoz agurtu du «adiskidea». Halaber, Karmele Jaio idazleak eskerrak eman dizkio, irudi bat oroituz: «Mendi-tontor eguzkitsuari begira gogoratuko zaitut beti. Eskerrik asko, Joan Mari Irigoien. Agur eta ohore». Julen Gabiriak ere Irigoienen «eskuzabaltasun infinitua» ekarri du gogora.

Don Inorrez musikariak, berriz, Irigoienen Zorionaren zutabeak poemarekin sortutako kantu argitaratu gabe bat jarri du Twitterren: Denborak ez zuen nora.

Ikusi gehiago: Joan Mari Irigoien idazlea hil da

Izatez, Elkar argitaletxeak eta kultur sektoreko kideek zabaldutako mezuaren tankera antzekoa dute Altzako idazleari eskainitako mezu gehien-gehienek. Horietan guztietan, miresmena eta esker ona dira nagusi. Berdin da mezuok instituzioek, erakundeek, edo norbanakoek idatziak izan. Adibidez, Irigoien «euskaltzain urgazlea, idazle aparta eta gizon ona» zela azpimarratu du Euskaltzaindiak, Realak klubaren bigarren taldean eginiko urteak ekarri ditu gogora; «maisu» bat zela nabarmendu du Athleticek Twitterren. Paul Bilbaok aitortu du gaztetatik miresten zuela altzatarra, eta Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak, berriz, «atximur bat» sentitu duela bihotzean. Jon Maia, bertsolariak, berriz, haren presentzia nabarmendu du Altzako bertso saioetan.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Irigoienen omenez ondutako Antzineko zuhaitza diskoa izan dute hizpide.

Politikagintzan ere izan da erreakziorik. Besteak beste, Gipuzkoako Aldundiko buru izateko EH Bilduren hautagai den Maddalen Iriartek idatzi du Irigoieni buruz. Irigoienek transmititzen zion «elkarrizketarako gogoa» oroitu du Iriartek. Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Eider Mendoza EAJren ahaldungaiaren iritziz, idazlearen heriotzak «galera handia» dakarkie euskarari eta Euskal Herriari.

Euskal Herri osoan ekarri ditu erreakzioak Irigoienen heriotzak; baina, ezinbestean, sorterrian are eta nabarmenagoa izaten ari da erantzuna. Donostiako alkate Eneko Goiak nabarmen du bere belaunaldia Babilonia irakurtzen hazi dela. «Haren [Irigoienen] lan ikaragarriak euskal literatura goi mailara igo zuen. Adiorik ez», idatzi du Twitterren. Marisol Garmendia PSE-EEko Donostiako alkategaiak ere gogoan izan du Irigoien, eta «erreferentziazkoa» izan dela adierazi du sare sozial berean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.