Ura

Munduko lakuen erdiek baino gehiagok ura galdu dute azken 30 urteetan

Orotara, urteko 22 gigatona ur gutxiago izan dute 1992az geroztik, ikerketaren arabera. Lehortea eragin duten faktoreen artean dira giza kontsumoa eta klima aldaketa.

Savines-Le-Lac herriko (Frantzia) Serre-Poncon lakuaren irudi bat, joan den martxoan. SEBASTIEN NOGIER, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko maiatzaren 19a
12:11
Entzun

Munduko laku handien eta urtegien erdiak ura galtzen ari dira, klima larrialdiaren ondorioz, nagusiki. Science aldizkari zientifikoak atzo argitaratu zuen ikerketa baten arabera, munduko ur biltegi garrantzitsuenetako batzuek 1990eko hamarkadaren hasieran zuten baino ur gutxiago dute gaur egun; Europa eta Asia arteko Kaspiar itsasoak edo Hego Amerikako Titicaca lakuak, esaterako.

Ur gutxiago duten laku eta urtegi handi horiek urteko 22 gigatona ur galdu dituzte orotara urte bakoitzeko, azken hiru hamarkadetan. Itoizko urtegiaren gehienezko edukia 37 bider baino gehiago da ur kopuru hori. 1992tik 2020ra bitartean bildutako satelite irudietan oinarritu da azterketa. Guztira, 2.000 laku handi eta urtegitik gora ikertu dituzte.

Ikerketak ondorioztatu duenez, ur kontsumo ez-jasangarriak bultzatu du zenbait kasutan lakuen uzkurtzea; Itsaso Hilean eta Aral itsasoan, adibidez. Afganistango, Egiptoko eta Mongoliako lakuetan, berriz, tenperaturen gorakada izan da faktore nagusia, eta Lurraren berotzearen ondorioz ur gehiago lurrundu da atmosferara. Giza kontsumoa eta planetaren berotzea izan dira ur galeraren arrazoiak aztertutako laku eta urtegien %56tan.

Lakuen eta urtegien ur gutxitzearen beste arrazoi batzuk euriteen portaeraren aldaketa eta sedimentazioa dira. Faktore horiek ur galera eragin dute, baita eremu geografiko hezeetako zenbait ur biltegitan ere.

Munduko laku handien laurdenetan, berriz, gora egin du ur mailak. Gehienetan, presa berri baten eraikuntzaren eraginez. Hori gertatu da, esaterako, Tibeteko goi lautadan.

Ikerlariek ohartarazi dute lakuetako eta urtegietako uraren galerak presioa handituko duela nekazaritzarako, zentral hidroelektrikoetarako eta giza kontsumorako uraren erabileran. Laku naturalek eta urtegiek Lur planetako ur gezaren %87 biltegiratzen dute, lurrazalaren %3 soilik hartzen duten arren.

Zientzialariek orain arte egindako ikerketa eta aurreikuspenetatik ondorioztatzen denez, egungo eremu lehorrak are lehorragoak izango dira etorkizunean klima aldaketaren ondorioz, baina hezeak direnak hezeagoak. Ordea, azken ikerketa honen arabera, gaur egun hezegunetzat jotzen diren asko lehortuz joango dira, gizakiaren esku hartzeen eta klima larrialdiaren eraginez. Hala azaldu du Fangfang Yaok, Virginiako Unibertsitateko (AEB) hidrologia irakasle eta ikerketaren arduradunetako batek.

2.000 milioi pertsona

Gaur egun, 2.000 milioi laguni eragiten die dagoeneko lehorteak, eta zenbait herrialdetan hasiak dira ur murrizketak ezartzen. Zientzialariak eta klima larrialdiaren aurkako mugimenduak aspaldian ari dira eskatzen neurriak hartzeko, mende amaierarako tenperaturak ez daitezen igo 1,5 gradu baino gehiago, industria aurrekoekin alderatuta —ordukoekin alderatuta 1,1 graduko igoera izan da dagoeneko—.

Aste honetan bertan, bestalde, datozen bost urteetarako aurreikuspenak aurkeztu ditu Munduko Meteorologia Erakundeak. Horien arabera, bost urte horietan behin baino gehiagotan gaindituko da 1,5 graduko langa, nahiz eta gainditzea behin betikoa izan ez. Horrez gain, bost urte horietako bat izango da ziurrenik erregistroak gordetzen hasi zirenetik beroena, besteak beste, klima aldaketaren eragina handituko duelako El Niño fenomenoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.