ELAk eta LABek bertan behera utzi dute justizia arloko greba
Ontzat eman dute Eusko Jaurlaritzarekin lortutako akordioa

ELAk eta LABek batzarrak egin dituzte justizia administrazioko langileekin Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzarekin lortu duten akordioaren xehetasunak azaltzeko, eta batzar horietan akordioa berretsi dutenez, bertan behera utziko dituzte greba mugagaberako deialdia eta Bilbon egitekoa zen manifestazioa.
Lortutako akordioaren arabera, lan baldintzak administrazio orokorreko gainontzeko langileek dituztenekin parekatuko dira, eta soldatak %13 igoko dira. Igoera horren erdia akordioa sinatzeaz batera gauzatuko da, eta beste erdia datorren urtarrilaren 1ean. Genero indarkeriaz arduratzen diren epaitegietako langileentzako sari osagarri bat ere lortu dute: hori zen bi sindikatuen eskaera nagusietako bat. Ibilbide profesionalari dagokion sari osagarria, berriz, aurrerago negoziatuko dute.
ELAko Josu Simalek esan duenez, akordioa «oso ona» da, eta langile gehienen itxaropenak gainditzen ditu. «Edonola ere, argi utzi behar da hau borrokaren ondorio dela», zehaztu du. «Grebarik egon ez balitz, Jaurlaritzak jarraituko zukeen lan baldintzak administrazioko gainerako langileenekin parekatu gabe».
CCOOk grebari eutsiko dio
Justizia arloko gainerako sindikatuak ere, hots, CCOO, UGT, CSIF eta STAJ, greban daude, baina haien deialdia Espainia mailakoa da, eta Espainiako Justizia Ministerioa interpelatzen dute. CCOOk jadanik iragarri du greba deialdiari eutsiko diola.
CCOOko Justizia arloko Javier Zamorak salatu du Jaurlaritzak ELA eta LAB baino ez dituela aintzat hartu negoziazioetan: «Behin baino gehiagotan esan dute bazutela ordezkaritza sindikalaren parte batekin akordioa lortzeko aukera, gainerakoak baztertuz». Halaber, salatu du akordioari buruzko xehetasunik ez dietela eman.
«Guk greban jarraituko dugu onuragarria izango den akordio bat lortu arte kolektibo osoarentzat, Euskadikoa barne», azaldu du Zamorak.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.