Hauteskunde egutegia

Nafarroako presidentea aukeratzeko negoziazioak, Espainiako bozen kanpaina betean

Maria Txibite (2019), Uxue Barkos (2015) eta Miguel Sanz (2007) sanferminen ondoren izendatu zituzten Nafarroako presidente. Yolanda Barcina (2011), uztailaren 1ean. Kanpaina txupinazoaren egunean hasiko da.

Uztailaren 6an hasiko da Espainiako bozetarako kanpaina, eta Iruñean sanferminen hasierarekin egingo du bat. VILLAR LOPEZ, EFE
jon ordonez garmendia
2023ko maiatzaren 29a
12:34
Entzun

Pedro Sanchezek irauli egin du udal eta foru hauteskundeen biharamuna Espainiako Gorteetarako hauteskundeak uztailaren 23ra aurreratuta. Uztailaren 23an egingo dira Espainiako presidentea izendatzeko balioko duten bozak, eta Euskal Herrian Nafarroako presidentea izendatzeko negoziazioen erdian izan litezke. Alderdiek akordio bat adosteko duten gaitasunaren arabera gertatuko da hori. Hurrengo legegintzaldian, UPNk hamabost parlamentari izango ditu, PSNk 11, EH Bilduk bederatzi, Geroa Baik zazpi, PPk eta Zurekin Nafarroak hiruna, eta Voxek bi.

Ikusi gehiago:Nafarroako foru hauteskundeetako emaitza

Udal hauteskundeek egun jakin bat izaten dute alkateek aginte makila hartzeko. Aurten ekainaren 17an izango da. Bost aste geratuko da egun horretan oraindik Espainiako hauteskundeetarako, eta, kanpainaurrea gaur hasi dela esan baliteke ere, ez dirudi hasiera batean zuzenean eragingo dienik. Beste gauza bat da, ordea, Nafarroako presidentearen izendapena. Nafarroako Parlamentuan, behin kargua hartuta, parlamentariek ez dute egun jakin bat hautagaiak bozkatzeko. Parlamentuko Mahaia osatzen denean, Mahaiko presidentea alderdi politikoetako ordezkariekin biltzen da, eta bilera sail horren ostean proposatzen du hautagai bat bozketarako. Egutegia, beraz, akordio posibleek baldintzatzen dute.

Txibite eta Barkos, sanferminen ondoren

Azken urteetan bezala, aurten ere ez dago hautagai bakar bat bere horretan babes nahikoa duenik presidente izateko. Ondorioz, negoziazioek baldintzatuko dute Nafarroako presidentearen izendapena. Aurreko agintaldietako egutegiak ikusita garbi dago Sanchezek gaur egin duen iragarpenak bete-betean harrapatuko dituela negoziazio horiek. Azken urteetan uztailaren 1ean izendatu dute presidentea Nafarroan goizenera, eta beste kasu batzuetan, abuztuan.

Uxue Barkos Geroa Baiko hautagaia, Nafarroako presidente izendatu berritan, 2015eko uztailaren 22an. Iñigo Uriz, Foku

Maria Txibite jarduneko presidentea PSN bere alderdiaren eta Geroa Bairen, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren botoekin izendatu zuten presidente; EH Bildu abstenitu egin zen. 2019ko abuztuaren 6an izan zen, oporraldi bete-betean. Uxue Barkosen izendapena ere sanferminen ondoren izan zen. UPN agintetik kentzeko hauteskundeak izan ziren horiek, eta Nafarroan aldaketa ahalbidetu zuten alderdiek akordio zabal bat adostu zuten herrialdeko erakunde guztietarako. Barkosek Geroa Bai bere alderdiaren eta EH Bilduren, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren botoak jaso zituen; PSN abstenitu egin zen. Uztailaren 22an izendatu zuten presidente Barkos.

'Abuztukada', 2007an

Bestelakoa izan zen Yolanda Barcinaren kasua. 2011ko uztailaren 1ean izendatu baitzuten presidente, UPNk eta PSNk adostutako gobernu akordio bati esker. Ezohiko kasua da Barcinarena, goiz hautatu zutelako beste presidente batzuekin alderatuta, sanferminen aurretik. Esan behar da, baina, nolabait UPNren eta PSNren arteko akordioa egina zegoela 2011n, lau urte lehenagoko abuztukadaz geroztik.

Miguel Sanz presidente izendatu berritan, Carlos Txibite PSNko idazkari nagusiari eskerrak ematen, 2007ko abuztuaren 11n. Villar Lopez, EFE

Abuztukada 2007an PSOEk Madrildik inposatu zuen erabakia izan zen. Urte horretan PSN prest zegoen NaBairekin (Aralar, EA, EAJ, Batzarre eta independenteak) eta Ezker Batuarekin akordio bat egiteko Fernando Puras sozialista presidente izendatzeko. Pepe Blanco PSOE antolakuntza idazkariak, ordea, Miguel Sanz UPNren hautagaia babestera behartu zituen Nafarroako sozialistak. Abuztuaren 6an Purasek dimisioa eman zuen, eta hilaren 11n Sanz izendatu zuen berriro Nafarroako presidente (aurreko agintaldian CDNren babesaren izan zen agintean), PSNko parlamentariek boto zuria emanda.

Sanferminak, kanpainan

Ikusteko dago, beraz, aurten Nafarroako presidentea sanferminen aurretik, ondoren edo abuztuan aukeratuko duten. Berritasunik ez litzateke inongo kasutan. Bada bestelako berritasun bat aurten, baina. Sanchezek hauteskundeetara uztailaren 23rako deitu duenez, kanpaina sanferminetan hasiko da, txupinazoaren egunean, hain zuzen. Aurten ostegunez hasiko dira jaiak Iruñean, eta uztailaren 6an goizean zapi gorria jantzi eta iluntzean kartelak jartzen hasi beharko dute hautagaiek. Kanpaina amaitu baino astebete lehenago kantatuko dute Gaixoa ni.

Inoiz ez da izan kanpainarik sanferminetan, eta iruindarrek ezohiko festak edo ezohiko kanpaina biziko dute aurten. Garbi dago ez dela Iruñea egun horietan kalean kanpaina egiteko tokirik aproposena izango, aintzat hartuta hiriak egun horietan izaten duen itxura aldaketa eta kanpotik etorrita pilatzen den jendetza. Baina alderdietako komunikazio arduradunek pentsatu beharko dute zerbait, kalean botoa eskatzeko toki egokia izango ez bada ere, hiriak hedabideetan hartzen duen protagonismoa oso tentagarria izango delako askorentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.