Hamar herritarretik seik ontzat jotzen dituzte hauteskundeetako emaitzak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abstenitu ziren lau herritarretik hiru konforme daude botoa eman ez izanarekin.

Gasteizko bozkaleku bat, joan den igandean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jon olano
2023ko ekainaren 2a
11:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak udal eta foru hauteskundeen ondorengo inkesta argitaratu du, eta, horren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar herritarretik seik uste dute bozetako emaitzak «oso positiboak» edo «gehienbat positiboak» direla; aldiz, %21ek negatibotzat dauzkate foru hauteskundeetako emaitzak, eta %24k gauza bera uste dute udal hauteskundeen gainean. Haatik, gehien-gehienak (%95) konforme daude emandako botoarekin.

Udal eta foru hauteskundeak izanik, herrialdeko edo tokiko gaiak izan dira aldagai nagusia botoa erabakitzeko orduan; %43k diote herrialdeko gaiei erreparatu dietela, eta %36k, Euskal Autonomia Erkidegoko gaiei. Aldiz, desoreka handiagoa dago udal bozetan botoa aukeratzeko: hamarretik seik tokiko gaiak dituzte buruan nori botoa eman erabakitzeko, eta bostetik bat dira EAEko gaietan pentsatuz bozkatzen dutenak. Portzentaje horiek oso antzekoak dira 2019ko udal eta foru hauteskundeen ondorengo inkestarekin alderatuta.

Botoa erabakitzeko orduan, inkestari erantzun dioten bost herritarretik lauk diote hauteskunde kanpaina hasi aurretik erabaki zutela nori eman botoa, eta ez ematea erabaki zutenen artean, berriz, erdiek hala zuten erabakia kanpainaren aurretik. %21ek, berriz, bozketa egunean bertan erabaki zuten foru hauteskundeetan abstentziora jotzea —udal hauteskundeetan, %23k—. Bestalde, hiru herritarretik bik konbentzituta eman zuten botoa, baina %18-20k «aukera txarretan onena» hautatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.