hezkuntza

Hezkuntza sistema publikoko plantillei eustea adostu dute LABek eta Eusko Jaurlaritzak

Lan baldintzei eta hezkuntza ereduari buruzko proposamenak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak mahai sindikalean, eta ontzat jo ditu LABek. Mahai sektorialetan jarraituko dute negoziazioek.

Garbiñe Aranburu, atzean Irati Tobar duela, gaur goizean. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko ekainaren 2a
13:46
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak mahai sindikal orokorrean egindako azken proposamena ontzat jo du LAB sindikatuak, eta bi aldeek akordioa erdietsi dute. «Hezkuntza Sailak heldu behar izan dio Hezkuntza Legea langileokin eraikitzeko eskaerari», adierazi du LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk. Izan ere, akordioak, lan baldintzak jorratzeaz gain, hezkuntza ereduaren gaineko «oinarri batzuk» ere jaso ditu; hala nola hezkuntzaren euskalduntzearen, segregazioaren eta doakotasunaren ingurukoak. Halere, afera mahai sektorialetako negoziazioetan txertatuko da orain, eta bertan hartuko dira erabakiak.

Hezkuntza Sailaren proposamenak lau atal nagusitan banatu ditu neurriak. Lehen hirurek sare publikoko, azpikontratetako eta itundutako sareko langileei egiten diete erreferentzia, eta azkenak, «hezkuntza ereduaren zehaztapenei». Lan baldintzen alorrean, sare publikoko lanpostu guztiei eusteko konpromisoa hartu du Hezkuntza Sailak. Hura da, LABeko hezkuntza arduradun Irati Tobarren esanetan, «eskola publikoa indartzeko neurririk potenteena». Hark gaineratu du jaiotze tasaren beherakadaren eraginei erantzuteko ere balioko duela.

Proposamenaren arabera, Eusko Jaurlaritza prest dago lanpostuak eskaintzeko irizpideak eta epeak adosteko —urtero egingo dira LEPak, hiru urteko zikloetan— eta ordezkapenen kudeaketa sindikatuekin negoziatzeko ere, eta behin-behinekotasuna %5etik ez igotzeko neurriak bermatuko lituzke. «Hutsik dauden egiturazko lanpostuak langile finkoek edo karrerako funtzionarioek betetzeko lekualdatze lehiaketak egingo dira», dio testuak. Era berean, hezkuntza laguntzaile espezialisten eta haur hezitzaileen soldatak «progresiboki» parekatuko direla adierazi dute; LABen arabera, horrek %10eko soldata igoera bat bermatuko lieke lehenei.

«Sektore feminizatu eta prekarizatuetan» ere egin du indar LABek, Tobarrek adierazi duenez, eta sukaldari eta garbitzaileen lanaren «balio politiko, sozial eta ekonomikoa» aitortzeko neurriak hartuko direla azaldu du. Besteak beste, Hezkuntza Sailak proposamenean txertatu du «plantillak esleitzeko irizpideak finkatzea» eta «enplegu plan bat egitea», baita 2024-2025 ikasturtean jangela ereduaren inguruko azterketa bat egitea ere, azpikontraten eredutik «langileen kudeaketa publikorako ereduetara» igarotzea aztertzeko.

Azpikontratei dagokienez, kontratatutako zerbitzuen «azterketa zehatza» egitea adostu dute aldeek, horretarako irizpideak aurten finkatuta. Gainera, prozesuan lehentasuna izango dute garbitzaileek, sukaldariek eta autobus gidariek.

Itunpekoen sarean, berriz, hizpide izan dute lan baldintzak arlo publikoko langileenekin parekatzeko aukera. Asmoa litzateke gaia datozen bi ikasturteetan aztertzea, eta 2025-2026ko eta 2026-2027ko ikasturteetarako gauzatzea, LABen arabera. Era berean, publifikazio prozesu bat egiten duten ikastetxeetan langileak subrogatzea adostu dute: «Langile bakoitzaren egoerarentzako irtenbideak adostuko dira: titulazioa eskuratzeko moratoriak, euskalduntzeko planak, antzinatasunaren barematzea…».

Hezkuntza ereduari dagokionez, doakotasuna, segregazioa eta euskalduntzea dira mahai gainean jarri dituzten hiru gidalerroak. Lehenaren kasuan, ikastetxe guztiei urteroko kontuak «modu gardenean publiko egitea» exijituko zaie, eta Hezkuntza Sailak «berariazko administrazio unitate bat» ezarriko du benetan doakotasuna bermatzen dela ziurtatzeko.

Hezkuntza Sailak hiruna konpromiso hartu ditu legeak ezarritako euskara maila (B2) eta segregazioa gainditzea ziurtatzeko. Lehen kasuan, hizkuntza proiektuak garatzeko «aholkularitza, gidaritza, jarraipen eta ebaluazio» lanak bere gain hartzea proposatu du; langileek hizkuntza gaitasuna bermatzeko «etengabeko prestakuntza lerroak» garatzea; eta «hezkuntza komunitatearen parte diren familiei begirako euskalduntze programak» gauzatzea. Inklusioaren alorrean, berriz, «ikasleen banaketa orekatua» egiteko tresneria martxan jartzea, plazen eskaintza «benetako eskolatze premietara» egokitzea eta segregazioaren aurkako itun bat lortzeko lan egitea jasotzen ditu testuak.

Lehen urratsa da akordioa. Orain, langileei hura azaldu beharko diete, eta mahai sektorial bakoitzean martxan diren negoziazioei txertatu beharko zaizkie adostutakoak. «LAB bada nor» horietan, Aranbururen hitzetan, eta gogoratu du lehen indarra direla sektore publikoan eta ikastoletan. Halere, LABek ez dio uko egin etorkizunean ekintza sindikalera eta mobilizazioetara deitzeari, egoerak hala eskatzen badu.

Halere, Aranburu burua kritiko agertu da hezkuntzako mahai sindikalean parte hartu ez duten sindikatuekin. LABekin batera, mahaian eseri dira Interinoak sindikatua eta UGT; uko egin zioten, ordea, ELAk, CCOOk eta Steilasek. Jarrera «ulergaitza» haiena, LABeko buruaren ustez: «Bere garaian adierazi genuen arduragabekeria bat iruditzen zitzaigula eztabaidari eta adostasunetarako aukerari bideak horrela ixtea».

Soldatak, gero

Badira akordiotik kanpo geratu diren zenbait puntu ere. Aranburuk azaldu du hezkuntza publikoko soldaten gaia ez dela txertatu, argudiatuta elkarrizketa eremu zabalago batean kokatu behar dela: «Iruditzen zaigu funtzio publikoko langileei eragiten dien afera dela eta eremu osoan egin beharreko borroka dela». Gainera, euskarazko B2 maila bermatzeko euskalgintzako aktoreekin lanean jarraituko dutela baieztatu du LABek.

Era berean, Hezkuntza Lege proiektuaren inguruko ekarpen gehiago egiteko asmoa adierazi du sindikatuak, eta ekainaren 7an izango dute horretarako beta, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Bertan, «hezkuntza sistema propioa izateko eskubidean» eta Euskal Herriko beste lurraldeekin izan beharreko harremanetan egingo du indar, eta euskal curriculumean «Euskal Herriko ondare linguistiko, kultural eta soziala aintzat hartzeko» eskatuko du. Horrekin batera, inklusioaren aldeko neurrien inplementazioa «kohesio sozialaren printzipioaren arabera» zehazteko eta eskola publikoa «erdigunean jartzeko» neurriak eskatuko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.