Albistea entzun

Ingurumena

Plastikoen nazioarteko itun lotesle baterako urrats «garrantzitsu bat» eman dute

NBEko estatu kideek 2024 amaierarako prest izan nahi duten hitzarmen baterako ardatz batzuk zehaztu dituzte: arrisku handiko plastiko produktuak eta polimeroak debekatzeko neurriak hartzea adostu dute, besteak beste.

Erreka bat, plastikozko objektuz gainezka, Boli Kostako Abidjan hirian.
Erreka bat, plastikozko objektuz gainezka, Boli Kostako Abidjan hirian. LEGNAN KOULA/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2023ko ekainak 2

Plastikoen kutsadura gutxitzeko nazioarteko itun bat lortzeko bidean, beste urrats bat eman dute gaur Parisen, NBE Nazio Batuen Erakundeko estatu kideek. NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programak antolatuta, aste osoko goi bilera egin dute Frantziako hiriburuan, 2024ko amaierarako prest izan nahi duten itun loteslea prestatze aldera. Gaur amaitu da bost eguneko bilkura, eta herrialdeetako ordezkarien gehiengo zabal batek zenbait puntu adostu dituzte itunak jaso beharko dituen zenbait gairen inguruan. Ardatz horien bueltan osatu beharko dute orain itunaren lehen zirriborroa. Hura abendurako adostua izatea espero dute.

WWF Naturarentzako Mundu Funtsaren iritziz, estatuek «aurrerapauso garrantzitsu bat» egin dute «okertzen ari den plastikoen krisiari erantzuteko». Bilkurak «begi bistako aurrerapena» ekarri dio ituna erdiesteko prozesuari, WWF ohar bidez adierazi duenez. Elkarteak nabarmendu du estatu gehienek erakutsi duela nazioarteko hitzarmen anbiziotsu eta eraginkor bat lortzearen aldeko jarrera aktiboa. Besteak beste, defendatu dute neurriak hartzeko beharra arrisku handiko plastiko produktuak eta polimeroak debekatzeko, plastiko ekoizpena eta kontsumoa murrizteko, berrerabilera eta birziklapena sustatzeko eta plastiko hondakinen kudeaketa arduratsurako.

Negoziazioetan parte hartu duen WWFko ordezkari Marco Lambertiniren esanetan, bilkurako elkarrizketetan erakutsi duten «anbizioa» islatu beharko da orain Plastikoen Nazioarteko Itunaren lehen zirriborroan, eta idatzi batean jaso beharko dituzte «arrisku handiko plastiko produktuen eta material kaltegarrien ekoizpena eta kontsumoa murrizteko beharrezkoak diren debeku globalak eta kontrol neurriak».

Parisen bildu diren 180 estatuetako ordezkaritzetatik 135 nazioarteko neurri lotesle zehatzak eskatu dituzte, eta horietatik 94k galdegin dute polimeroen eta arrisku handiko plastiko produktuen debekua lehenestea. Negoziazioetan akuilu rola jokatu du 55 herrialdek osatzen duten koalizio batek. Horiek proposatu dituzte plastiko kutsaduraren kontrako neurri zorrotzenak. Eskatu dute plastikoen ekoizpena eta kontsumoa murrizteko neurriak ezartzea, indarrak eta arreta plastikoaren birziklatzera mugatu ordez.

Horien aurrean, industria petrokimikoen interesak babesteko ahaleginean aritu dira beste zenbait herrialde, sektore horren garapenerako inbertsio handiak egin dituztenak —Saudi Arabia, Txina eta India, besteren artean—. Elkarte ekologistek salatu dute estatu horiek negoziazioak atzeratzen aritu direla aste osoan, eta zenbait gairi buruzko elkarrizketak zaildu dituztela eztabaida prozedura kontuetan ahalik eta gehien luzatzen ahaleginduta. «Funtsezko irtenbideak aztertzeko denbora galtze kritikoa» eragin dutela adierazi du WWFk.

Greenpeace elkarte ekologista AEBetan egiten ari den plastiko kutsaduraren aurkako kanpainaren buru Graham Forbesek ohartarazi du Plastikoen Nazioarteko Itunak plastikoen ekoizpena murrizteko balio behar duela, eta hala egin ezean «porrot» egingo duela.

Azken urteetan, zientzialariek plastiko zati mikroskopikoak aurkitu dituzte mendi garaien tontorretan, ozeanoen eremu sakonetan, animalia zenbaiten urdailetan eta giza odolean nahiz plazentatan. Plastiko hondakinek gizakiei eta gainerako izaki bizidunei eragiten dizkieten osasun arazoak geroz eta ugariagoak dira kutsaduraren ondorioz, eta, horrez gain, plastikoen ekoizpenak eragin zuzena du klima larrialdian ere. Nature Climate Change aldizkariak 2019an argitaratu zuen ikerketa baten arabera, plastikoen ekoizpenak %15eko eragina izango luke Lurraren berotzean 2050 urtean, egungo joerei eutsiz gero.

Negoziazioetarako hurrengo bilkura azaroan egingo dute, Kenyan. NBIPek bost bilkurako bidea onartu zuen 2022 urtearen hasieran, 2024aren amaieran nazioarteko itun loteslea prest izateko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Hainbat armeniar errusiarren laguntzaz kamioi batean Karabakh Garaitik ihes egiten. / ©ROMAN ISMAYILOV / EFE

Karabakh Garaiko errepublika 2024an desegingo dela iragarri dute

Isabel Jaurena

Samvel Xahramanian presidenteak adierazi du «herritarren segurtasun fisikoa» dela lehentasuna. 65.000 armeniar inguruk utzi dute lurraldea.

Mahsa Aminiren hilketaren urteurreneko protesta bat Berlinen, hilaren 16an. ©CLEMENS BILAN / EFE

Protesten errautsak, iraultzarako ongarri

Lide Iraola

Urtebete pasatu da Mahsa Aminiren heriotzaren ondoren Iranen emakumeen askatasunaren aldeko mobilizazio jendetsuak hasi zirenetik. Errepresioak markatu zituen ondorengo hilabeteak. Ikusi beharko da aldaketarako atea zabalik gelditu ote den.

Emmanuele Macron Frantziako presidentea, Italiako presidente izandakoaren Giorgio Napolitanoren hiletan, atzo, Erroman. ©Riccardo Antimiani / EFE

Macron marra gorriak planteatzekoa da Korsikako Asanblean

Maddi Iztueta Olano

Frantziako presidentea ostiralera arte izango da Korsikan. Hitzaldi bat emango du uharteko asanblean, eta espero da mugimendu nazionalistak eskatutako autonomia legegilearen inguruan mintzatzea.

Iaroslav Hunka SSetako kide ohia hunkituta, Kanadako legebiltzarkideen txaloak jasotzen, joan zen ostiraleko saioan. ©BERRIA

Kanadako Parlamentuko buruak kargua utzi du, Ukrainako nazi bati omenaldia egin ostean

Edu Lartzanguren

SSetako Galitzia Dibisioan aritu zen 98 urteko ukrainarra, eta Ottawako parlamentura gonbidatu zuten Volodomir Zelenski Ukrainako presidentearen bisitaren harira. Txaloka hartu zuten han nazi beteranoa, eta Parlamentuko buruak «heroi» gisa aurkeztu zuen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.