Erkorekak gaitzetsi egin ditu Ertzainak Borrokan-en «jarrera anker eta desegokiak»

Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak plataforma «asindikalari» leporatu dio Ertzaintzako sindikatuak negoziazio mahaitik altxatzera «behartu»« izana. Plataformak negoziazioetan parte hartu nahi du.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, gaur, Busturian egindako prentsaurrekoan. IREKIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko ekainaren 6a
15:51
Entzun

Giroa gaiztotuta dago Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzako sindikatuen artean. Josu Erkorekak, Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, nabarmendu du Ertzainak Borrokan plataforma «asindikalak» hizkera eta jarrera «gogor, anker eta desegokiak» dituela, eta horiek gaitzetsi ditu. Gainera, lan baldintzak hobetzeko negoziazioak etenda daude, eta plataformari leporatu dio blokeoa: «Administrazioaren partetik negoziatzeko borondatea badago. Sindikatuak dira hortik alde egin dutenak. Gu ez gara negoziazio mahaitik altxatu; beraiek jakingo dute mahaian jarraitzeko borondatea duten edo ez». Erkorekak esan du Ertzaintzako Erne, Esan, Euspel eta Sipe sindikatuak «beldurtu» dituela Ertzainak Borrokan-ek, eta negoziazio mahaitik altxatzera «behartu» zituela.

Plataforma horrek antolatuta, protestak egin dituzte Euskal Herriko zenbait tokitan azken asteotan; esaterako, Gasteizko tranbia geldiarazi zuten ordubetez, lanean ari ziren agenteek ezer egin gabe. Hori ikertzen ari da Segurtasun Saila, eta Iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, «kezka» adierazi zuen «bizikidetza eta bizitza demokratikoaren garapena baldintzatzen saiatzen diren esku hartze antolatuen inguruan». EAJren Bizkai Buru Batzarreko lehendakari Itxaso Atutxak gaur adierazi du «Ertzaintzatik kanpoko norbait» dagoela plataforma horren atzean, «aurpegirik eta izenik gabekoa».

Busturian (Bizkaia) egin du gaur Eusko Jaurlaritzak gobernu bilera, eta hor ere protesta bat egin du Ertzainak Borrokan plataformak. Ohar baten bidez, sindikatuei eskatu die berriro ekiteko negoziazioei, baina baldintza batekin: plataformak Segurtasun Sailarekin egindako batzarretan parte hartzen uzteko eskatu die, eta edozein erabaki haiekin adostuta hartzeko. «Ez gara etorri zuek ordezkatzera, baizik eta batasuna sustatzera eta orain pairatzen ditugun arazoak konpontzera», adierazi du plataformak.

«Zenbait gezur»

Busturian egindako prentsaurrekoan, Erkorekak adierazi du protestan ari direnek «zenbait gezur» esan dituztela: «Erabat gezurra da 2012tik lan baldintzek aldaketarik izan ez dutenik. Hiru aldaketa izan du: 2012an, 2018an eta aurten. Hirurak sindikatuekin adostu ditugu». Esan du desberdina dela sindikatuek «publikoki eta pribatuan» esaten dietena: «Duela hamar egun lau sindikatuen ordezkaritzekin batzar bat egon zen, eta hiru ordu eta erdi iraun zuen. Negoziatzeko borondaterik ez daukan pertsona batek ez du horrenbeste irauten negoziazio mahai batean».

Segurtasun sailburuak nabarmendu du «duela hilabete eta erdi arte» 40 bilera baino gehiago egin dituela bere sailak sindikatuekin, eta alor bakarrean ez zirela ados egon: soldaten igoera linealari buruzkoan. Erkorekak esan duenez, hori negoziazio mahai orokorrean eztabaidatu behar da, ez sektorialean. 1.100 euroko soldata igoera bat eskatzen ari da Ertzainak Borrokan plataforma, besteak beste.

Ernek, Esanek, Euspelek eta Sipek adierazi dute lan balditzen inguruko negoziazioan ez dagoela ertzainen «borondate faltarik», baizik eta administrazioaren «enpatia eta konpromiso falta». Segurtasun Sailari «harrokeriaz» aritzea leporatu diote, eta polizien aurkako diskurtsoak hauspotzea. Gatazkari konponbide bat topatzen ez saiatzea leporatu dio, berriz, Ertzainak Borrokan-ek Urkulluri: «Segurtasunaren alde egin balute, ez lituzke milaka ertzain izango bere kontra».

Zibersegurtasuna

Bestalde, «Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia» sortzeko lege aurreproiektua aurkeztu du Segurtasun sailburuak. Cyberzaintza deituko litzatekeen erakundeak «berezko nortasun juridikoa» izango luke, eta Internet eta teknologia berrien erabileraren ondoriozko mehatxuei «modu integralean eta zeharkakotasunez» aurre egiteko sortu nahi du Jaurlaritzak. Eusko Legebiltzarrak onartu behar du agentzia sortzeko legea; «premiaz» izapidetzeko eskatu dio Jaurlaritzak. Agentzia berria Segurtasun Sailari atxikita egongo litzateke. Erkorekak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak zibersegurtasunaren arloko arriskuei aurre egiteko «beharrezkoak» diren tresnak eta baliabideak izango dituela.

«Urrats handia egingo dugu zibersegurtasunaren arloan, eta garapen digital seguruan», nabarmendu du. Hiru funtzio izango ditu agentziak, lege aurreproiektuaren arabera: ziberdelituei jazartzea —Ertzaintzarekin koordinatuta—, arlo publikoko azpiegitura digitalak babestea, eta enpresen datuak babestea. Horrela, Zibersegurtasunaren Euskal Zentroaren lekukoa hartuko luke agentzia berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.