2021eko ekainaren 8a zen, eta, ikus-entzunezkoetan euskarak aitzina egin zezan, mugimendu bat sortu zen: Pantailak Euskaraz. Alex Aginagalde bozeramaileak zera ohartarazi zuen: «Ezinbestekoa da aisialdian euskara sendo egotea».
Mugimenduak nabarmendu du zenbait gauza lortu dituela orduz geroztik: jendarteratzea nolako gabezia agerikoak dituen euskarak mundu digitalean eta nolako eragin kaltegarria duen horrek hizkuntzaren jabetzean eta erabileran; elkarlan dinamika batzuk lantzea ikus-entzunezkoetako eta euskalgintzako hainbat eragilerekin, egoerari buelta emateko; streaming plataforma batzuk eta erakunde zenbait euskarazko edukien aldeko pausoak ematen hastea; eta EITBk euskarazko plataforma bat sortuko duela iragartzea.
Mugimenduak, edonola ere, adierazi du lan asko dutela egiteko: zinemetan, telebistan, sareetan eta mota guztietako pantailetan euskararen presentzia eta kontsumoa handitzeko. Euskarak behar ugari baititu pantailetan. «Euskarazko ekoizpenerako baliabideak behar ditugu, bikoizketa politikak, euskarazko sorkuntzaren sustapena, eta lege, irizpide, arau, eta egitura propioak».
Pantailak Euskaraz mugimenduaren eskutik, 2021eko abenduan Euskarazko Ikus-entzunezkoen Aldeko Manifestua aurkeztu zuten Durangon (Bizkaia). 40 eragilek baino gehiagok egin zuten bat manifestuarekin. Egunotan, Jakin aldizkaria eta Gazte Euskaltzaleen Sarea batu zaizkie babes horri.
Jakin Fundazioak bat egin du @PantailakEusk ekimenaren manifestuarekin. Aspaldikoa dugu kezka, eta berriz ere #pantailakeuskaraz aldarrikatuko dugu, "hiztun komunitateak bere burua euskaraz islatua ikusteko daukan eskubideaz, beharraz eta nahiaz" ari garelako. pic.twitter.com/7wbN9vrhwt
— Jakin (@jakin_eus) May 29, 2023
Bi urteotako bidean, nabarmentzekoa da iazko abenduan antolatutako Pantailaldia. Eta euskaltzale askoren ilusioa piztu du, bestalde, sortu duten bideoklipak eta kantak —hainbat euskal sortzaileren laguntzarekin—.