Albistea entzun

AEB-ak

Trump inputatu dute, Mar-a-Lagoko sekretupeko dokumentuengatik

AEBetako presidente ohiaren defentsaren arabera, zazpi delitu federal egozten dizkiote; besteak beste, justiziari traba egitea, konspirazioa, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak atxikitzea

Donald Trump, duela hiru asteko argazki batean
Donald Trump, duela hiru asteko argazki batean EFE

Igor Susaeta -

2023ko ekainak 9 09:43

Donald Trumpek jakinarazi du inputatu egin dutela Mar-a-Lagoko (Florida, AEB) luxuzko bere etxera baimenik gabe eraman zituen sekretupeko dokumentuengatik. 2017tik 2021era Etxe Zuriko maizterra izandakoaren arabera, auzia ikertzeko Justizia Departamentuak izendatutako fiskal berezi Jack Smithek delitu federalak egozten dizkio, eta Miamiko (Florida) epaimahai batek akusazioa onartu du. Beraz, aurrenekoz inputatu dute AEBetako presidente bat delitu federalak leporatuta, eta datorren astearterako hitzordua jarri diote Miamiko Auzitegi Federalean.

Joan den abuztuan atzeman zituzten dokumentu horiek Mar-a-Lagon, eta FBI Ikerketa Bulego Federalak handik eraman zituen. Espioitza legea urratzea egotzita, ikerketa bat hasi zuten AEBetako presidente ohiaren aurka. Justizia Departamentuak ez du jakinarazi zer leporatzen dioten, baina, CNN telebista katean, Trumpen abokatuetako batek aurreratu du zazpi direla delituak: besteak beste, konspirazioa, justiziari traba egitea, espioitza legea urratzea, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak iruzurra eginez atxikitzea.

Ikusi gehiago: FBIk sekretupeko dokumentuak eraman ditu Trumpen Mar-a-Lago etxetik

Sare sozialen baten bidez eman du Trumpek inputazioaren berri, eta «Bidenen administrazio ustela» egin du gertatutakoaren erantzule. FBIk iazko abuztuan zehaztu zuenez, Etxe Zuriko maizter ohiaren luxuzko etxetik eraman zituzten, besteak beste, hogei kutxa baino gehiago guztira, argazki koadernoak, eskuz idatzitako ohar bat, «Frantziako presidentearekin» lotutako informazioa eta sekretupeko dokumentuen zenbait sorta. Horren harira, Trumpek gogoratu du Joe Bidenek «1.850 kaxa» dituela bere etxeetako batean. Aintzat hartu behar da AEBetako presidentearen etxe batean ere sekretupeko dokumentuak atzeman zituztela aurreko urtarrilean.

Trump da 2024ko presidentetzarako hauteskundeetan Alderdi Errepublikanoaren presidentegaia izateko hiru hautagaietako bat, Mike Pencerekin eta Ron Desantisekin batera, eta primario horiek irabazteko faborito nagusia da, gainera. Bidenek ere jakinarazi du Alderdi Demokrataren presidentegaia izango dela.

Ikusi gehiago: Trumpi 34 delitu leporatu dizkiote, enpresa kontuak faltsutzeagatik

Oraingo inputazioaren aurretik, 34 delitu egotzi zizkioten apirilean, enpresa kontuak faltsutzeagatik. Orduan adierazi zuen «sorgin ehiza bat» dela bere aurkako prozesua. New Yorkeko epaile baten aurretik igaro zen, eta epaile horrek, Juan Manuel Merchanek, 2024ko martxoaren 25erako ezarri du epaiketaren hasiera. AEBetako presidentetzarako bozak urte horrexetako azarorako daude deituta. Trumpek errugabea dela esan zuen orduan, eta gauza bera esan du gaur.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Haur bat Can Atalay diputatuaren irudi batekin, maiatzaren 1eko protesta batean, hura aske uzteko eskatzen. ©#BARRA_ABILDUA#CANATALAY

Legegintzaldia espetxetik

Lara Villalon

Can Atalay ezkerreko parlamentaria preso dago iazko maiatzetik, 2013an Istanbulgo Taksim plazan izan ziren protestetan parte hartzeagatik, Turkiako Gobernuaren kontra. Auzia justiziaren politizazioaren ikur bihurtu da herrialde hartan.

 ©OSKAR EPELDE

«Afrikaren menpekotasun aroa amaitzen ari da»

Oskar Epelde Juldain

Touoyemen arabera, kontinenteko liderren belaunaldi berri batek «forma eman nahi dio bere patuari». Eta sistemaz gogoeta bat plazaratu du: «Afrika demokratizatu behar da, ala demokrazia afrikartu?».
Armeniako Gobernuaren kontrako manifestariak, gaur, Erevanen. ©ANATOLI MALTSEV, EFE

Paxinianen dimisioa eskatu dute milaka herritarrek, «traidore» oihu artean

Gorka Berasategi Otamendi

Armeniako hiriburuan egin duten protestan, manifestariek lehen ministroari egotzi diote ez esku hartzea Azerbaijanek Karabakh Garaiari egindako erasoaren aurrean.

ERCko eta JxCko ordezkariak txaloka, atzo, Kataluniako Parlamentuan ebazpen bateratu bat onartu ondoren. ©Q. GARCIA / EFE

Erreferenduma, negoziaziora

Gorka Berasategi Otamendi

ERCk eta JxCk Sanchezen inbestidurarako baldintza ezarri dute: erreferendum baten alde «lan egiteko» konpromisoa hartzea. PSCk gaitzetsi egin du, eta bozak errepikatzeko aukera aipatu du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...