Futbola

Athletic: «Ez gaude erabat pozik lortutako emaitzekin»

Athleticeko presidenteak, zuzendari nagusiak eta kirol zuzendariak denboraldiaren balantzea egin dute. Berretsi dute Iñigo Martinez klubean geratzea nahi zutela, baina jokalariaren ordezkariak adierazi ziela hori ez zela Martinezen nahia.

Jon Berasategik, Jon Uriartek eta Mikel Gonzalezek denboraldiaren balantzea egin dute gaur, San Mamesen. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko ekainaren 9a
18:07
Entzun

Athleticen 2022-2023ko denboraldia hiru hitzetan laburbildu du Jon Uriarte klubeko presidenteak: autokritika, anbizioa eta baikortasuna. Gaur goizean San Mamesen egindako agerraldian, Uriartek aitortu du ez dituztela lortu hasieran ezarri zituzten helburuak. Europara ailegatzea zen gizonen taldearen helburua, eta seigarren postuan geratzea emakumeena. «Anbizioz betetako helburuak ezarri ditugu, eta ertzean geratu gara». Era berean, Mikel Gonzalez kirol zuzendariak aitortu du ezin direla «erabat pozik» egon lortutako emaitzekin.

Nahiz eta autokritikarako garaia izan, Uriartek adierazi du «baikor» daudela. «Orain, denok frustrazioa sentitzen dugu, baina horrek esan nahi du altxatuko garela eta hurrengo denboraldian helburu ausartak jarriko ditugula». Haren iritziz, gizonen eta emakumeen lehen taldeetan jokalari eta entrenatzaile onak dituzte, eta horrek aukerak emango dizkie hurrengo denboraldian zehazten dituzten helburuak lortzeko. «Egoerari buelta emateko eta ilusioa berreskuratzeko lanean ari gara jada». Era berean, Gonzalezek goraipatu egin du emakumeen taldea gaztetu izana: «Taldearen etorkizuna ziurtatuta daukagu».

Hurrengo denboraldiari begira, lehen mailako bi taldeetako entrenatzaileen inguruan mintzatu da Uriarte. Duela aste gutxi iragarri du Iraia Iturregik Athletic entrenatzeari utziko diola. «Guretzat albiste txarra izan zen, baina uste dugu aukera ona izan daitekeela behe mailan dauden taldeentzat», azpimarratu du Uriartek. Oraingoz ez dute jakinarazi nork ordezkatuko duen Iturregi: «Entrenatzaile baten bila ari gara, eta espero dut hurrengo egunetan albisteak izatea».

Ernesto Valverde hurrengo denboraldirako entrenatzailerik «egokiena» dela uste du Uriartek. Otsailean berritu zioten gizonen taldean jarraitzeko kontratua. Eta hiru arrazoi eman ditu hori berresteko: «Denboraldia amaitzeko egonkortasuna ematen zigun eta, gainera, hurrengo denboraldia prestatzeko hobea zen». Entrenatzaile «ikaragarria» dela esan du, eta merkatuan oso irudi ona duela: «Ez genuen nahi beste taldeetara joateko tentaziorik egotea».

Aldaketak talde zuri-gorrian

Jokalarien inguruan ere aritu dira. Izan ere, hautsak harrotu ditu Iñigo Martinezen irteerak. Jokalariak adierazi zuenez, ez du Athleticen jarraitzeko eskaerarik jaso. Taldeak, ordea, gezurtatu egin du hori. Eta berretsi du ez dutela beste taldeetatik eskaera formal bat ere jaso Martinez fitxatzeko. «Athleticek beti nahi izan du Iñigo klubaren parte izan dadin; eta, horregatik, aurreko zuzendaritza batzordeak hasi zuen negoziazioa, eta idatziz bidali zion eskaintza, iazko apirilean», argitu du Jon Berasategi zuzendari nagusiak.

Zuzendaria aldatu zenean, Uriartek negoziazioarekin jarraitu zuen. «Iazko uztailaren 11n, Martinezen ordezkariarekin bildu nintzen, eta azaldu nion jokalari garrantzitsua zela guretzat», gogoratu du Uriartek. Lau egun geroago, ordea, ordezkariak Uriarteri adierazi zion Martinezek Athletic utzi nahi zuela, beste klub baten eskaintza jaso zuela eta. Kluben arteko negoziazioa izanik, Berasategik hartu zuen lana bere gain. «Klub baten ordezkariaren deia jaso genuen, esanez Iñigo Martinez fitxatu nahi zutela». Eta azpimarratu du dei horretan ez zutela beste klub horren eskaintzarik jaso.

Hortik aurrera, Martinezen ordezkariak argi utzi zuen jokalariak ez zuela talde zuri-gorrian jarraitu nahi. Klubak saiakeraren bat egin du, baina ez du emaitza onik lortu. «Azken ordura arte jokalariaren profesionaltasuna babestu nahi izan dugu; argi geratu da nork nahi zuen Athleticetik alde egin, eta nork nahi zuen jokalaria klubean mantendu», nabarmendu du Uriartek.

Martinezen irteeraz gain, beste aldaketa batzuk ere iragarri ditu azken egunotan klubak; besteak beste, Iñigo Ruiz de Galarreta talde zuri-gorrira itzuliko da, eta Oier Zarragak ez du Athleticen jarraituko. Baina badaude oraindik argitu ez diren kontuak. Izan ere, Raul Garciaren kontratu berritzeak zeresana eman du. «Denboraldi osoan harremanetan egon gara harekin eta haren ordezkariarekin. Zerbait iragarri ahal dugunean, iragarri egingo dugu», baieztatu du Gonzalezek. Eta Berasategik ziurtatu du Europan jokatzeak edo ez jokatzeak ez duela eraginik izango Garciaren berritzean.

Izan ere, oraindik ez dakite Europara joango diren. UEFAk berretsiko balu Osasunak diziplina arauak urratu dituela, Iruñeko taldeak ez luke jokatuko Konferentzia liga hurrengo denboraldian. Haren ordez, Athleticek jokatuko luke, zortzigarren sailkatua baita. «Ikerketa abian dagoela, ez dakigu besterik», azaldu du Berasategik. Eta ziurtatu du haiek ez dutela zerikusirik izan espedientea irekitzeko: «Komunikabideetan ikusi genuen lehenengo, eta Osasunaren oharrean gero». Zigorra ezartzekotan eta Athletic Europan sartzekotan, aztertu egingo dute jokalarien taldea moldatu ala ez: «Ez da berdina bi txapelketa edo hiru jokatzea; partida karga handia da, eta exijentzia handia eskatzen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.