Nafarroako Parlamentua

Hualde izango da Nafarroako Parlamentuko presidente berriro

Geroa Baik, PSNk, EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak bozkatu dute Geroa Baiko hautagaiaren alde. UPNk Iñaki Iriarte aurkeztu du hautagai gisa, eta PPren eta UPNren botoak jaso ditu. Voxeko bi parlamentariek zuri bozkatu dute.

Unai Hualde, aukeratua izan den unean, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2023ko ekainaren 16a
12:14
Entzun 00:00:0000:00:00

Hasi da ofizialki XI. legealdia Nafarroan. Behin 50 parlamentariek karguaren zina egin ostean, adin mahaiak zuzenduta, parlamentuko lehendakaria aukeratu dute. UPNk Iñaki Iriarte aurkeztu du, eta Geroa Baik, aurrez esan bezala, Unai Hualde.

Legebiltzarkideak banan-banan deitu dituzte, eta sekretupeko botoa eman dute, hautetsontzian utzita.

Hualdek aldeko 30 boto lortu ditu, eta Iñaki Iriartek, berriz, 18. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak egin dute Hualderen alde. Iñaki Iriartek, berriz, UPNko 15 parlamentarien eta PPko hiruren botoak jaso ditu. Voxeko biek zuri bozkatu dute.

Lehendakaria aukeratu ostean, Parlamentuko Mahaiko beste kideak hautatu behar izan dituzte. Lehenik, lehen presidenteordea eta bigarrena; gero, lehen idazkaria eta bigarrena. Iragan legealdian berritu zen Parlamentuko Araudiari jarraituz, hautagaitza aurkeztu behar izan duten alderdiek gizonezko bat eta emakumezko bat aurkeztu behar izan dituzte. Hala, irabazle ateratzen dena ez da izango aukeratu berri den lehendakariaren sexu berekoa, eta bigarren presidenteordea bai.

Lehendakariordeen bozketan, PSN gailendu zaio (21 boto) UPNri (18 boto), eta, ondorioz, lehen lehendakariordea Ainhoa Unzu izango da. Bigarren lehendakariordea, berriz, UPNkoa izango da: Juan Luis Sanchez de Muniain. PSNren hautagaiaren alde bozkatu dute sozialistek, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak; UPNkoaren alde UPNk eta PPk. EH Bilduk eta Voxek zuri bozkatu dute. Bitxikeria gisa, PSNren gizonezko hautagaia Jorge Agirre izan da, eta UPNren emakumezko hautagaia, Yolanda Ibañez.

Idazkarien bozketan, UPNk irabazi dio lehia (20 boto) EH BIlduri (19 boto). Gainerako bozketen zentzua aldatu, eta Voxek eskuineko hautagaitzaren alde egin du. Oraingo honetan, PSNk ere zuri bozkatu du. Hala, PP eta Voxen botoak gehituta, UPNko Yolanda Ibañez izendatu dute lehen idazkari; ondorioz, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren botoak gehituta, Mikel Zabaleta izango da bigarren idazkariordea. EH Bilduren beste hautagaia Arantxa Izurdiaga zen, eta UPNkoa, Pedro Gonzalez.

Gonbidatu ugari

Legealdiko lehen osoko bilkurak arrandia handiko kutsua du. Txibitek aurreko legealdiko parlamentua desegin eta hilabete eta erdira, parlamentura itzuli dira legebiltzarkide beteranoak. Berrientzat, ordea, dena da berri. Saioa hasi aurreko minutuetan, talde bakoitza bere kideen inguruan bildu da parlamentuko atari handian.

Gonbidatuen harmailak bete egin dira. Bihar Iruñeko udalbatzan egongo diren hautagaiak izan dira han, kasurako; hots, Cristina Ibarrola (UPN), Joseba Asiron (EH Bildu), Elma Saiz (PSN), Koldo Martinez (Geroa Bai) eta Carlos Garcia Adanero (PP).

Gainera, saioan izan dira, besteak beste, Enrique Maia Iruñeko jarduneko alkatea, Jon Gondan Zizur Nagusiko alkatea, Alberto Catalan UPNko senataria, Idoia Villanueva Ahal Dugu-ko europarlamentaria, Mikel Buil Ahal Dugu-ko parlamentari ohia, Miren Zabaleta EH Bilduko kidea, Garbiñe Bueno EH Bilduren Iruñeko zinegotzia, Sergio Sayas diputatu eta PPko hautagaia, Bel Pozueta EH Bilduko diputatua eta Koldo Leoz Lizarrako jarduneko alkatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.