ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Gure Esku-k 60.000 ikurrin banatuko ditu Tourrean

«Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria munduan zabaldu» nahi du mugimenduak.

Gure Eskuko ordezkariak, Tourrari begirako antolaketaren berri emateko agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon olano
2023ko ekainaren 22a
12:39
Entzun

Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatuko da uztailaren 1ean, eta lehen hiru egunak Euskal Herriko errepideetan egingo ditu —hilaren 5ean ere Zuberoatik igaroko da—. Mundu mailako kirol ekitaldi bat izanik, horretarako ari da prestatzen Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika. Gaur jakinarazi du 60.000 ikurrin banatuko dituela, «erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria munduan zabaltzeko». Mugimenduaren hitzetan, mezu bat zabaltzeko baliatu nahi dute Tourra: «Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako herria dela eta geure etorkizuna libre erabaki nahi dugula. Eta hori da, hain zuzen ere, eskuartean dugun ikurrinak adierazten duena: herritarron erabakitzeko eskubidea, ez lukeena inoren menpe egon behar, herritarron esku baizik».

Euskal Herriak Erabaki – Basques Decide leloa izango dute banderek, eta horiek lortzeko modu batzuk prestatu ditu mugimenduak: ekainaren 29ra arte Gure Esku-ren online dendan eta herrietako taldeei eskatuz eskuratu ahal izango dira. Eta Tourraren egunetan zaleentzako gunean ere bai, Naiz-en eta BERRIAren gunean, dirua bildu bitartean, eta uztailaren 3an karabanan, BERRIAren eskutik. Ikur horiek eskuan errepide bazterretara ateratzeko deia egin die Gure Esku-k euskal herritarrei: «Adierazteko euskal herritarren etorkizuna erabakitzea gure esku egon behar duela». Etxeko balkoietan ere erabakitzearen aldeko ikurrinak eskegitzeko eskatu dute.

Horrez gain, 1.000 ikurrin baietz erronka ere jarri dute martxan. Bide bazterretan sortuko den ikurrin uholde horretaz gain, mila makiladun ikurrin ere banatuko dituzte egunero: ekainaren 29an, taldeen aurkezpenean; uztailaren 1ean, Bilbon; uztailaren 2an, Gasteizen irteeran eta Donostian helmugan; eta uztailaren 3an, Zornotzan irteeran, Baionan helmugan eta Bidasoan.

Gure Esku-k Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko Nazioarteko Zubian egin du agerraldia. Izan ere, uztailaren 3rako egitasmo bat antolatu dute Bidasoan, erakusteko bi aldeetan euskal herritarrak bizi direla eta «aldarrikapen ugari dituen herria» dela: «Gure Esku-rentzat berebiziko garrantzia dauka bi ideia kontrajarri gurutzatzen diren espazio horretan geure herriaren izaeraren erakustaldia egitea, geure koloreak eta ikurrak presente egotea». Izan ere, Tourreko antolatzaileentzat hor amaitzen da Espainiako zatia, eta orduan sartuko da lasterketa Frantziara. «Guretzat dena da Euskal Herria, Bidasoa ez da muga, zubia baizik, eta herri honen jarraipena irudikatuko dugu bertan».

Horretarako, 12:00etan Irungo Santiago frontoian elkartuko dira, eta Santiago zubiraino kalejira bat egingo dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin, erraldoi eta buruhandiekin, eta beste hainbat musikarirekin, Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak adierazi duenez.

Horretaz gain, «herritarren babesari esker, inoiz egin den ikurrinik erraldoiena» sortuko dute. Uztailaren 1ean, 2an eta 3an ikurrin erraldoi bat jarriko dute ikusgai, mezu batekin: Euskal Herriak erabaki – Basques decide. Uztailaren 1ean Bakion (Bizkaia) egongo da, 2an Larraitzen (Gipuzkoa), eta 3an Urruñan (Lapurdi). Bestalde, prentsarekin ere landuko dute aldarria: «Nazioartetik etorriko diren kazetariek gure herria hobeto ezagutu dezaten eta hala transmititu dezaten, prentsa txosten bat sortu dugu, eta ekainaren 28an aurkeztuko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.